Waltaryri aurre egingo dionik ez dago (40-28)

Erredakzioa
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Onena bera da, eta kito. Ez saiatu beste azalpenen bat bilatzen. Waltary Agustiren aurkako finalek aspaldi galdu zuten emozioa. Aurkaria zenbat tanto egiteko gai izango ote den, horixe izaten da argitzeko egoten den galdera bakarra. Bonebeltxeri 40-14 eta Ezkurra II.ari 40-9 irabazita iritsi da kubatarra aurten berezkoen buruz buruko finalera. Eta atzo ere ez zen harritzekoa izango emaitza eskandalagarriren bat. Baina Patrick Ozafrainek finala gogortzea lortu zuen, gutxien-gutxienik. Eta 38 urte betetzeko askorik falta ez zaion pilotariarentzat ez da gutxi. 40-28 irabazi zuen atzo Waltaryk, baina harro egoteko moduko jokoa egin zuen Nafarroa Behereko pilotariak.

Kubatarraren lehen astinduari errestoa ematea, horixe zen Ozafrainen atzoko helburu nagusia. Eta hainbestean moldatu bazen ere, beste behin ere lehen pilotakadarekin hautsi zuen lehia Waltaryk. Frantziako Federazioa saiatu da pilota motelagoak jarrita kubatarraren jokoa oztopatzen, baina atzo ere hamalau tanto lortu zituen saketik. Abantaila handia da hori. Partida hasterako 14-7 aurretik jarri zen Waltary, eta lan erdietarako hamar tantoren aldea ere lortu zuen (22-12). Akabo finala.

Hori bai, errestoan lan txukuna egin zuen Ozafrainek, eta, kubatarraren erlaxazioa baliatuta, 28. tantora iristeko gai izan zen. Buruz buruko lanak dotore amaituta, aurrerantzean binaka soilik jokatzen segiko du Ozafrainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.