Zerrendaburuen garaia iritsi da buruz buruko trinket txapelketan. Final-laurdenak asteburuan jokatuko dira, eta Paxkal Ezkurra, Thierry Arizmendi, Batita Ducassou eta Waltary Agusti lehian sartuko dira. Azken horren sasoia da zalantza nagusia, azken urtean partida bakan batzuk jokatu dituelako bakarrik eta Superprestigeari uko egin ziolako. Aldiz, ikusmin handien sortu zuen pilotaria behetik iritsi direnetako bat da: Bixintxo Bilbao.
Waltaryk igandean jokatuko du Armendaritzen (Lapurdi, 17:00), Peio Larralde gaztearen aurka. Kubatarrak urte osoa egin du arazo fisikoekin, baina jokatzeko dagoela dio. Iazko finalean sorbaldako minak ez zion bere jokoa egiten utzi, eta gelditzea erabaki zuen. Ebakuntza egin zioten, eta, osatuta, besoko giharretako mina hasi zitzaion. Udazkenean partida bat jokatu zuen Milafrangan, eta oso partida kaskarra jokatu zuen. Buruz burukora arte ez aritzea erabaki zuen, Superprestige torneoari muzin eginez. Txapela jantziz gero, ibilbideko zazpigarrena lortuko du, aurretik inork lortu gabeko marka, baina nahiko lan izango du lehen kanporaketa igarotzeko. Jaialdi berean Xabier Lanbertek eta Arizmendik final-laurdenetako beste partida bat jokatuko dute.
Bixintxoren zain
Asteburuko lehen kanporaketak larunbatean jokatuko dira, Arrangoitzen (Lapurdi, 17:00). Aurreneko partidak ikusmin handia sortu du, Ezkurra II.a iazko txapelduna Bilbaoren aurka. Bilbao txapelketako ezustekoa izan da. Behetik hasi eta ondo arituz irabazi ditu jokaturiko hiru partidak. Superprestige torneoan ere finalerdietaraino iritsi zen, eta 37-39 irabazten joan ondoren 40-39 galdu zuen Ezkurra II.aren aurka. Larunbatekoa haren errebantxa izango da. Jaialdiko beste kanporaketa, Ducassou II.ak eta Herve Bonebeltxek jokatuko dute. Ducassouk Superprestige torneoa irabazi behar du, eta Ezkurra II.a eta Waltary ordezkatzeko hautagai da.
Waltary Agusti igandean itzuliko da, buruz burukoan parte hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu