Xabier Mikel Azparren. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Vuelta amaitzea nire esku dago»

Joan den Donostiako Klasikoan World Tour kategorian debuta egin eta gero, bere lehen itzuli handian dago orain. Aurreneko astean egindako lana «oso positiboa» izan dela dio.

EUSKALTEL-EUSKADI.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Klasikoan eman zuen bere lehen pausoa goi mailako txirrindularitzan, eta, bi aste geroago, Burgosko irteera lerroan zegoen Espainiako Vuelta hasteko. Xabier Mikel Azparren (Donostia, 1999) «asko» ari da ikasten bere lehen itzuli handian, eta «maila handiagoko» ihesaldietan sartu gura du.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten zure lehen itzuli handia?

Oso polita izaten ari da. Lehen mailako txirrindulari guztiekin mota honetako lasterketa bateko irteera lerroan izatea itzela da. Egunak pasatzen ari diren heinean, haien parean ibiltzea oraindik eta bereziagoa da.

Lehen egunean ihesaldian sartu zinen, eta, hori gutxi balitz bezala, hiru egunera berriz. Gogotsu hasi duzu Vuelta.

Hasierako etapak nahiko onak ziren ihesaldiren baterako. Garbi zegoen tropelak baimena emango zuela, kontrolatzeko oso etapa errazak baitziren. Oso polita izan zen niretzat bi alditan ihesaldian egotea; gorputzari jipoi handia eman nion, baina esperientzia hori hanketan daukat. Datozen egunetan maila handiagoko ihesaldietan sartzen saiatuko gara, eta, posible bada, helmugaraino iristen.

Aurrez adostuta zegoen ala egunez egunekoa ikusita hitz egin zenuten?

Garbi geneukan lehenengo ihesaldian sartu behar zen txirrindularia ni nintzela. Ondo ikusi ninduten, eta horregatik erabaki zuten ni sartzea berriz. Taldearen erabakia izan zen, eta niri ilusio handia egiten zidan bertan egoteak. Bi egunez taldearen ispilu izatea oso polita izan zen niretzat.

Gozatzeaz gain, ikasteko baliagarriak izan al dira lehen egunak?

Noski, asko; batez ere niretzat gogorrak diren egunetan, mendiko etapetan. Noiz altxatu behar dudan hanka, zein taldetan joan behar dudan helmugaraino eta itzuli handi batek eskatzen duen ekonomizazio hori bereganatzen ikasten nabil.

Marea laranja bueltan da, eta zu horren parte zara. Berezia da, ezta?

Seguru nago Vueltan parte hartuko ez banu kuadrillakoekin ikustera gerturatuko nintzatekeela. Txirrindulari gisa, talde laranjaren parte izatea izugarrizko esperientzia izaten ari da niretzat. Publikoa oso ondo ari da portatzen gurekin. Ohartarazten digu talde honek gizartean duen garrantziaz. Oso polita da ibilbide guztian jarraitzaileak izatea.

Etxean txirrindularitzarekiko duzuen grina ikusita, inoiz baino harroago egongo dira zutaz.

Aitak etapa guztiak ikusi ditu joan den igandera arte. Dagoeneko etxean dago, eta Laredoko (Espainia) etapara bueltatuko da anaiarekin eta haren emaztearekin. Oso pozik daude; badakite pila bat gozatzen ari naizela Espainiako Vueltan.

Donostiako Klasikoa ez zenuen amaitu. Vuelta amaitzeko aukerekin ikusten duzu zeure burua?

Uste dut errazagoa dela. Donostian, azken finean, denbora oso mugatuta geneukan amaierako zirkuituagatik, lasterketa buruarekin gurutzatuko ginatekeelako [helmugako lerroan hamar minutura zegoen muga]. Amaierako zirkuitua egon ez balitz, erraz bukatuko nuke. Egoera hori izan zen, eta ez dago besterik. Vueltan, bestela, etapa gogorrak ondo moldatzen ari naiz. Igandeko etapa, gogorra izanik, nahiko egun ona izan zen, sufrimenduaren barruan. Uste dut horrela jarraituz gero Vuelta amaitzea nire esku egongo dela.

Atzo lehen atseden eguna izan zenuten. Aurreko egunetako adrenalinarekin esnatu al zinen?

Garbi nuen atzoko eguna atseden hartzeko zela, eta gorputzak horixe eskatzen zidan. Bizikletan irten ginen, eta inoiz baino nekatuago sentitu nintzen. Gorputza indarberritzeko balio izan zigun atzoko atseden egunak.

Ezer berezirik egin al zenuen?

Betiko errutina, egia esan. Goizean gosaldu, eta bizikletan irten ginen, eta, gero, medikuarekin azterketa egin genuen. Bainuetxebatean geunden. Masajea hartu eta gero, bertara joan nintzen hankak ur hotzetan sartzera. Egun normal bat izan zen.

Orain artekoa ikusita, ze balorazio egiten duzu?

Oso positiboa. Aukerak izan ditugun guztietan, irabazteko borrokatzen saiatu gara. Ostiralera arte, Antonio Jesus Soto izan genuen hamahirugarren sailkapen orokorrean, eta, talde kontinental bat izanda, oso zaila da hori. Igandean zorte txarra izan genuen; izan ere, taldekide asko atzean geratu ginen eroriko baten ondorioz, eta justu orduantxe sortu zen ihesaldia. Tamalez, ezin izan ginen sartu. Hala eta guztiz ere, aukera guztiak ari gara aprobetxatzen, eta berdin jarraituko dugu.

Eta zer esan dizue Jorge Azanzak [taldeko zuzendariak]?

Oso pozik dago izaten ari garen jarrerarekin. Lanean berdin jarraituz gero irabaztear egongo garela esaten digu.

Nola aurreikusten dituzu datozen bi asteak?

Bigarren astea oso ondo datorkigu gutako askori. Egun askotan sor daiteke ihesaldiren bat, oilarrak Asturiaseko egunen zain izango baitira.

Ikusiko al zaitugu berriz ihes eginda?

Gustatuko litzaidake errepikatzea. Garaipenarengatik edo ohorezko postu bategatik borrokatzea nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.