Ez du mendateak iritsi arte itxaron. Demi Vollering (Sd Worx) Frantziako Tourreko sailkapen nagusiko buruan da jada. Iazko Tourreko eta aurtengo Vueltako garailea hautagai nagusia zen aurten ere maillot horia irabazteko. Bada, oraingoz, bide onetik doa. Hirugarren etapa, erlojuaren aurkakoa, irabazi du Rotterdamen (Herbehereak), bere zaleen aurrean.
Ibilbideko 6,3 kilometroak 7.25eko denboran osatu ditu, orduko ia 51 kilometroko abiaduran. Nagusitasun handiz gailendu da: bost segundo atera dizkio bigarren sailkatuari. Alde handia da, distantzia hain laburrerako; bigarren eta seigarren sailkatuen artean segundo bakarreko tartea egon da. Vollering bera harrituta mintzatu da telebistako kameren aurrean. Lehen hiru etapetan «bizirik irautea eta disfrutatzea» beste asmorik ez zuela adierazi du. Biharkoa bai, etapa hori begiz jota daukala esan du. Baina ez du biharkora arte itxaron.
Loes Adegeestek (FDJ) jarri du kontuan hartzeko lehen denbora. Zazpi minutu eta 30 segundoan osatu ditu erlojupekoak zituen sei kilometro pasatxoak. Denbora luzez aurreneko postuan egon da. Bere taldekide Grace Brown txapeldun olinpikoak ezin izan du denbora hobetu. Gurpila zulatu zaio, bizikletaz aldatu behar izan du, eta garaipena lortzeko aukera guztiak galdu ditu. Gero iritsi da errepideko txapeldun olinpikoa, Kristen Faulkner estatubatuarra (Education First). Hark ere, gutxigatik izan bada ere, ezin izan du Adegeesten denbora gainditu. FDJko herbeheretarra ez da erlojuaren aurkako espezialista, baina proba bikaina osatu du gaur.
Ana Henderson erlojuaren aurkako txapeldunorde olinpikoak ere (Visma) ezin izan du denbora hobetu. Baina munduko txapeldunaren txanda iritsi da, eta Chloe Dygertek (Canyon), gaur, Parisen aurretik izan zituenek baino azkarrago osatu du ibilbidea. Brontzea lortu zuen han, eta gaur bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Ehunen batzuengatik hobetu du Adegeesten denbora, baina mehatxu nagusia Vollering zen.
Lehen puntu kronometratuan Dygerten denbora berdindu du Volleringek. Bada, azken zatian hegan egin du, eta helmugan bost segundo atera dizkio munduko txapeldunari. Bera izan da ibilbidea zazpi minutu eta 30 segundo baino gutxiagoan osatu ahal izan duen bakarra. Geroago irten diren artean zeuden Marianne Vos (Visma) eta Lorena Wiebes (Sd Worx), baina horiek ere ez dute Volleringen denbora hobetu. Irteten azkena Charlotte Kool (DSM) izan da: aurreko bi etapak irabazita —atzo eta gaur goizean—, hogei segundoren aldea zuen Volleringekiko. Ez dira nahikoa izan, ordea. Iazko Tourreko irabazleak 25 atera dizkio, eta horiz jantzita aterako da bihar.
Gaurko bi etapen ostean, Laboral Kutxako txirrindularirik aurreratuena Usoa Ostolaza da. 76. postuan dago sailkapen nagusian, Volleringengandik 39 segundora. Ane Santesteban, bestalde, 51 segundora dago. Halere, euskal taldeak protagonista izaten jarraitzen du. Cristina Tonetti mendiko sailkapenaren buruan dago oraindik, eta bihar ere maillot berezia jantzita irtengo da.
Klasiko handien lurraldean
Biharko etapan zeharkatuko dituzten errepideak ondo ezagutzen dituzte ziklistek. Beste urte sasoi batean ibili ohi dira muino horietan. Udaberriko klasikoetako biri egingo die keinua Tourrak biharko 123 kilometroetan: Amstel Gold Race eta Lieja-Bastogne-Lieja lasterketei. Valkenburgen abiatuko da etapa, Herbehereetan, Amstel klasikoaren helmuga den herrian. Eta lasterketa horretako bi muino nabarmenenak igoko dituzte: Bemelerberg eta Cauberg.
Etaparen lehen zatian izango da hori. Gerora, txirrindulariak Belgikan sartuko dira, Liejako ibilbidean, eta hiri horretan bertan amaituko da etapa. Azken kilometroak udaberriko klasikoan egiten dituzten berberak izango dira. La Redoute igo beharko dute lehenik —1,6 kilometro eta %9,4ko pendiza—; ostean, Forges —1,3 kilometro eta %7,8—, eta, azkenik, Roche aux Faucons —1,3 kilometro eta %11ko pendiza—. Handik, hamahiru kilometro geratuko zaizkie helmugarako.
Tourreko tropelean dira Liejako azken bi aldietako garaileak: Brown eta Vollering. Horietaz gainera, Amstel klasikoaren aurtengo garailea ere bertan da: Vos. Ihesaldiak biderik egin ezean, Vollering bera izango da biharko etapa irabazteko hautagai nagusia. Gainera, nagusien artean alde garrantzitsuak izan daitezkeen lehen etapa izango da aurtengo Tourrean.
Sailkapenak
HIRUGARREN ETAPA
1. Demi Vollering (Sd Worx), 7.25
2. Chloe Dygert (Canyon), 5era
3. Loes Adeegest (FDJ), 5era
4. Cedrine Kerbaol (Ceratizit), 5era
5. Kristen Faulkner (Education First), 6ra
NAGUSIA
1. Demi Vollering (Sd Worx), 4.27.54
2. Lorena Wiebes (Sd Worx), 3ra
3. Chloe Dygert (Canyon), 5era
4. Loes Adegeest (FDJ), d.b.
5. Charlotte Kool (DSM), d.b.
6. Cedrine Kerbaol (Ceratizit), d.b.
7. Kristen Faulkner (Education First), 6ra
8. Ellen van Dijk (Lidl), d.b.
9. Mischa Bredewold (Sd Worx), 9ra
10. Emma Norsgaard (Movistar), 10era
76. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa), 39ra
107. Ane Santesteban (Laboral Kutxa), 51ra