TXIRRINDULARITZA

Vismaren pizkunde izatea nahi du

Erorikoek eta lesioek baldintzatu dute Visma taldearen denboraldia. Jon Iriberri taldeko biomekanikaria, ordea, itxaropentsu dago, eta uste du Tourrean dena konpon daitekeela.

Jonas Vingegaard, Visma taldeak Tourrean eramango duen elastikoarekin. VISMA
Jonas Vingegaard, Visma taldeak Tourrean eramango duen elastikoarekin. VISMA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko ekainaren 28a
05:05
Entzun

Denboraldia ondo hasi bazuen ere, erorikoek eta lesioek Visma taldearen emaitzak baldintzatu dituzte. Iaz, Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta irabazi zituen. 43 garaipenekin iritsi zen Frantziako Tourrera; aurten, ordea, hogei ditu. Jonas Vingegaardek O Gran Camiño (Galizia) eta Tirreno-Adriatiko (Italia) itzuliak irabazi zituen; Matteo Jorgensonek, Paris-Niza (Frantzia); eta taldeak sekulako nagusitasuna erakutsi zuen harbideetako lehen klasikoetan. Ordutik aurrera, baina, denboraldia aldrebestu egin zitzaion: lehenik, Wout van Aert erori zen, Flandrian Zehar klasikoan —lepauztaia eta saihetsak hautsi zituen—; astebete geroago, berriz, Vingegaard jausi zen Euskal Herriko Itzulian.

Azken bi Tourren irabazleak ere saihets hezurrak eta lepauztaia hautsi zituen, eta lesioak izan zituen biriketan ere. Ordutik, ez du lasterketa bakar batean ere parte hartu, baina danimarkarra Florentziako (Italia) irteera lerroan izango da bihar —han hasiko da aurtengo Tourra—. Astelehenetik Florentzian bertan da Jon Iriberri Vismako biomekanikaria. Jatorria Antzinen (Nafarroa) duen bilbotarrak ia hamarkada bat darama Herbehereetako talde horretan. Iriberri egon zen Vingegaardekin hark Gasteizko Txagorritxuko ospitalean igaro zituen hamahiru egunetan. Eta Iriberrik ziurtatuko du bihar danimarkarraren bizikletako neurri guztiak behar duten moduan daudela.

Aurtengo Tourraren gisan, Florentzian sortu zen Errenazimentua kultura mugimendua; eta Michelangelok eta Leornardo da Vincik zeharkatzen zituzten kaleetatik ekin nahi dio Vismak ere bere pizkundeari. Iriberrik adierazi duenez, taldea «gogotsu» dago: «Azken hilabeteotan ez dugu zorte handirik eduki, eta emaitzak gorabeheratsuak izan dira, baina Tourrean hori dena konpon daiteke». Gainera, biomekanikariak ez du zalantzarik azken bi edizioetako garailearen egoera fisikoaz: «Irabazteko ez balego, ez litzake etorriko».

«[Vingegaard Tourrera] Etorri baldin bada, bere burua behintzat lehian egoteko moduan ikusten duelako etorri da»

JON IRIBERRIVisma taldeko biomekanikaria

Izan ere, Iriberriren ustez, Vingegaard ez badago maillot horia lortzeko lehiatzeko moduan, ez du zentzurik Tourrean parte hartzeak: «Hobea da hurrengo urterako uztea. Etorri baldin bada, bere burua behintzat lehian egoteko moduan ikusten duelako etorri da». Halere, biomekanikariak baieztatu du danimarkarrak «lan gogorra» egin behar izan duela bere mailara itzultzeko; «bai fisikoki eta bai psikologikoki».

Kussen hutsunea

Vingegaard ondo babestuta egongo da. Tourra hirugarrenez irabazteko helburuarekin, talde indartsua aurkeztu zuen Vismak, baina ezbeharrek ez dute etenik izan: taldeak aste honetan bertan jakinarazi duenez, Sepp Kuss estatubatuarrak —iazko Vueltako irabazlea— COVID-19a hartu zuen, eta ezin izan da guztiz osatu. Beraz, mendian Vingegaarden makulurik garrantzitsuena izatekoa behar zuena ezingo da Tourrean aritu. Bart Lemmenek ordeztuko du. Haren izena ez da gainerako taldekideena bezain ospetsua, baina sasoi onean dagoela erakutsi du, Norvegiako Itzuliko sailkapen nagusian bigarren amaitu berri baitu. Beste sei txirrindulariak hauek izango dira: Jan Tratnik, Christophe Laporte, Tiesj Benoot, Wilco Kelderman, Jorgenson eta Van Aert.

Aurtengo denboraldian, zazpi horietatik Jorgensonek lortu ditu emaitzarik aipagarrienak: Paris-Niza itzulia eta Flandrian Zehar klasikoa irabazi zituen martxoan, eta, berriki, bigarren postua eskuratu du Dauphinen (Frantzia). Itzulian zein egun bateko lasterketetan lehiatu daitekeela erakutsi du. Halere, Frantziako Tourrean Vingegaarden morroi lanetan arituko da. Taldeburu bakarra danimarkarra izango den galdetuta, Iriberrik honela erantzun du: «Inolako zalantzarik gabe».

Van Aert da Vismako beste izen handia. Bederatzi etapa garaipen ditu Tourrean, eta maillot berdea ere jantzi zuen 2022an. Martxotik, baina, bi lasterketatan baino ez du hartu parte: Norvegiako Itzulian —hirugarren postua lortu zuen etapa batean; eta laugarrena, beste batean— eta Belgikako Txapelketan —bosgarren izan zen—. Ea sasoiko dagoen galdetuta, Iriberrik baietz esan du bederatzi aldiz: «Nahiz eta gorabeherak izan dituzten, [Tourrera] etorri diren guztiak sasoirik onenean etorri dira».

Parean, UAE

Sasoirik onenean beharko dute Vismako txirrindulariek elastiko horia jantzi nahi badute; parean izango baitute aurtengo denboraldiko talderik indartsuena: UAE. Tadej Pogacar UAEko taldeburua da lasterketa irabazteko hautagai nagusia. Aurten parte hartu duen bost probetatik lau irabazi ditu esloveniarrak: Strade Bianche (Italia), Lieja-Bastogne-Lieja (Belgika), Kataluniako Volta eta Italiako Giroa.

Marco Pantanik 1998an lortu zuenetik, inork ez ditu denboraldi berean irabazi Italiako Giroa eta Frantziako Tourra. Helburu horrekin arituko da Pogacar, baina Vismak ez dio lana erraztuko: «Pogacarrek eta UAEk sekulako taldea daukate, beldurra eragiten duten horietakoa, baina azken bi urteetan irabaztea lortu dugu, eta aurten ere uste dut badaukagula aukera». Gainera, Iriberrik gogorarazi du «ezustekoak» gertatu izan direla: «Ezin ditugu albo batera utzi Ineos, Bora eta beste hainbat».

Astearteko etapan ikusiko da hautagai bakoitza nola iritsi den, Galibier maila bereziko mendatea igo beharko baitute azken zatian; «gauzak argituko» dituela uste du Iriberrik. Halere, haren iritziz, Pirinioetako bi etapak eta erlojuaren aurkako biak izango dira etapa erabakigarrienak. Erlojupeko horietan funtsezkoa da biomekanikariaren egitekoa: «Neurketak egin eta materiala hautatu behar da. Guztia aurrez prestatua izaten badugu ere, lasterketa zelan doan eta egun horretan zer eguraldi dagoen ikusita, azken orduko aldaketak egin beharra suerta daiteke».

Gainerako egunetan, «bizikleta guztien neurriak ondo jarrita daudela ziurtatzea» izango da haren lana. Eta, inor erortzen bada edo txirrindulariek bizikletaz aldatzen badute, egokitzapenak egiteaz arduratuko da. Beraz, ezer gertatuko ez balitz, Iriberrik ez luke aparteko egitekorik izango; «sintoma ona litzake», esan du. Visma taldean, biomekanikariak ez ezik, beste «45 edo 50» langilek ere jardungo dute Tourrean. Iriberrik azaldu duenez, taldearen egituran, orotara, 210 pertsona aritzen dira lanean 28 txirrindularirentzat. «Beste talde batzuekin alderatuta, asko da, baina geure garapen propioa daramagu. Uste dut talde handiek joera hori dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.