Virginia Diazek urrun izan du diploma olinpikoa

Azken tokian sartu da bakarkako skiff kategoriako B finalean, seigarrenean. Azken tokian igaro da mugarri guztietatik, eta hamabigarren tokian amaitu du bere lana Parisko Olinpiar Jokoetan.

Virginia Diaz arraunlaria. ESPAINIAKO ARRAUN FEDERAZIOA
Virginia Diaz arraunlaria. ESPAINIAKO ARRAUN FEDERAZIOA / EFE
ainara arratibel gascon
Paris
2024ko abuztuaren 3a
10:56
Entzun

Virginia Diazek aukera zuen, Tokion bezala, diploma olinpiko bat lortzeko. Bakarkako skiff kategoriako B finalean lehiatu da, beste sei arraunlarirekin batera, eta lehen bi sailkatuek lortzen zuten diploma. Diazek, ordea, azken tokian amaitu du estropada. Lehiaketa luze egin zaio, eta, lehen estropadan hirugarren geratu ostean, ondorengoetan atzetik aurrera egin behar izan zuen sailkatzeko, eta ahalegin hori ordainduz joan da.

2.000 metroko estropada egin behar zuten arraunlariek. Mugarri guztietatik azken tokian igaro da. 500 metroetan dagoeneko bost segundoren atzerapena zeukan ordurako lehen postuan zen Magdalen Lobning austriarraren aldean. Hurrengo metroetan ere kostatu egin zaio aurkariekiko aldea gutxitzea. Ezin izan diei eutsi, eta ezin izan du bere amaiera indartsua baliatu. Azken txanpan bazirudien gutxienez Ana Prakaten uzbekistandarra harrapatzeko moduan izango zela, baina azkenean segundo pasatxo lehenago helmugaratu da Prakaten. 

Diazen denbora 7.34.61 izan da, eta diploma olinpikotik bederatzi segundora geratu da. Hala, hamabigarren postuan amaitu du bere jarduna Olinpiar Jokoetan. Kontuan izan behar da Diazek lehen aldia zuela bakarka lehiatzen Olinpiar Jokoetan. Izan ere, Tokion bi lemazainik gabeko kategorian jardun zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.