TXIRRINDULARITZA

Vingegaardek kolpea eman dio Pogacarri

Danimarkarra esprintean gailendu zaio Tourreko liderrari 11. etapan, hark urrutitik egindako erasoari odol hotzez erantzunda. Evenepoel hirugarren izan da, 25 segundora; Roglic erori egin da bukaeran, eta denbora bera eman diote.

Jonas Vingegaard (Visma) eta Tadej Pogacar (UAE) esprintean, Frantziako Tourreko 11. etapan. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE
Jonas Vingegaard (Visma) eta Tadej Pogacar (UAE) esprintean, Frantziako Tourreko 11. etapan. GUILLAUME HORCAJUELO/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 10a
17:45
Entzun

Ziztuan zihoan tropela Puy Maryn gora. Ordurako zeharo aletuta zegoen, eta helmugarako 30 kilometro luze gelditzen zirela, Tadej Pogacar (UAE) garaipenaren bila atera da. Xede nagusia, ordea, ez zen irabaztea: lasterketako lidergoa sendotu nahi zuen. Bada, kolpea eman ordez, hartu egin du. Izan ere, Jonas Vingegaardek (Visma) harrapatu egin du, atzetik aurrerako bidea eginda. Eta ez hori bakarrik: danimarkarrak menderatu egin du esprintean. Itzulian erori eta kolpe larria hartu zuenetik hiru hilabetera, Tourra irabazteko moduan dagoela erakutsi du azken bi urteetako txapeldunak. Hobera egingo du egunen joanean, eta lidergoa ez du oso aparte: 1.14ra.

Vingegaardek hirugarren jarraitzen du nagusian, Evenepoelek defentsa saio bikaina egin baitu gaur ere. Mendateetan ez da bi faborito handiak adina, baina 25 segundo besterik ez du galdu. Pogacar 1.06ra du orain. Flandriarrarekin batera helmugaratu behar zuen Roglicek, baina erori egin da azken kilometroan sartu aurretik. Hala ere, azken hiru kilometroen barruan erori denez, Evenepoelen denbora bera eman diote. Laugarren postuan eusten dio, 2.15era. Mikel Landak (Soudal) zortzigarren egin du, eta zazpigarren jarri da sailkapen nagusian. Arabarra presiorik gabe dabil, eta lasterketa bikaina osatzen ari da.

Gaurko eta atzoko etapak alderatuta, zalantza izango du zaleak, ea bi egunetan kirol bera ikusi ote duen. Bezperako nagikeria alde batera utzi, eta su bizian jardun dute gaur txirrindulariek, hasieratik bertatik. Saiakera ugari izan da tropeletik alde egiteko, eta 100 kilometro igaro dira ihesaldia guztiz egonkortu den arte. Hamar txirrindularik osatu dute, eta Oier Lazkano (Movistar) izan da horietako bat. Batek bale, besteek kale: Ion Izagirre (Cofidis) erretiratu egin da, lasterketa hasi zenetik gorputzaldi txarra baitzuen; eta Pello Bilbao (Bahrain) atzean gelditu da, ondoezik, esprinterrekin batera.

Lazkanok lurbideen etapako arantza atera nahi zuen. Zulatu batek ihesean irabazteko aukera kendu zion. Gaur ere  iheskide bikainak izan ditu: besteak beste, Richard Carapaz eta Ben Healy (Education First), Paul Lapeira (Ag2r), Guillaume Martin (Cofidis), Romain Gregoire (Groupama) eta Oscar Onley (DSM). Denek zuten gaitasuna gaurko ibilbide gorabeheratsuan distira egiteko. Haatik, indarra ez da aski ihesaldietan; askatasuna ere behar izaten da. Eta tropelak oso kate motzean lotu ditu: bi minuturen aldea utzi die gehienez. UAE taldeak lasterketa asko gogortzeko hautua egin du.

Horiek hala, aurrekoei minutu bat ere ez zitzaien gelditzen bukaerako mendate festara iritsi direnean, helmugatik 45 kilometrora. Lazkanok berehala egin du aurrera, Neronne igotzen hasi bezain laster. Maldan gora bikain aritu da berriz ere. Healyk erantzun ahal izan dio bakarrik. Tropelak hurrengo igoeran harrapatu ditu. Eguneko mendaterik gogorrena zen Puy Mary, eta Adam Yatesek (UAE) xehatua eman dio onenen multzoari. Jarraian, Pogacarren erasoa etorri da, tontorretik 600 metrora eta helmugatik 31 kilometrora. Erritmo aldaketa bortitza egin, eta bakarrik abiatu da.

Vingegaard ez da itsutu. 30 segundoko atzerapenarekin hasi da Pertus igotzen, eta gurpiletik atera ditu Evenepoel lehenik, eta Roglic ondoren. Pogacar ez zihoan guztiz eroso, eta, mendatea bukatzerako, danimarkarrak harrapatu egin du. Helmugan eman dio hurrengo kolpea, esprinta irabazita.

Ezusteko garaipena Giroan

Clara Emond (Education First) ez zegoen, inondik inora, Giroko laugarren etapa irabazteko hautagaien zerrendan. Haatik, hark altxatu ditu besoak Urbinon, ihesaldia helmugaraino eramanda. Soraya Paladin (Canyon) eta Cecilie Uttrup Ludwig (FDJ) izan ditu atzetik. Hiru mendate igo dituzte etaparen amaieran, eta azkenekoan lehia piztu da onenen artean. Lotte Kopeckyk (SD Worx) atzean utzi nahi izan du Elisa Longo Borghini (Lidl), baina italiarrak tinko eutsi die aurkariari eta lasterketako lidergoari.

SAILKAPENAK

HAMAIKAGARREN ETAPA

1. Jonas Vingegaard (Visma) 4.58.00

2. Tadej Pogacar (UAE) d.b.

3. Remco Evenepoel (Soudal) 25era

4. Primoz Roglic (Bora) d.b.

5. Giulio Ciccone (Lidl) 1.47ra

6. Joao Almeida (UAE) 1.49ra

7. Adam Yates (UAE) d.b.

8. Mikel Landa (Soudal) d.b.

39. J. Castroviejo (Soudal) 16.45era

NAGUSIA

1. Tadej Pogacar (UAE) 45.01.34

2. Remco Evenepoel (Soudal) 1.06ra

3. Jonas Vingegaard (Visma) 1.14ra

4. Primoz Roglic (Bora) 2.15era

5. Joao Almeida (UAE) 4.20ra

6. Carlos Rodriguez (Ineos) 4.40ra

7. Mikel Landa (Soudal) 5.38ra

8. Adam Yates (UAE) 6.59ra

35. Pello Bilbao (Bahrain) 4.14ra

Tourra, 12. etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.