Euskal Herriko Itzulia. Daniel Felipe Martinez. Ineoseko ziklista

«Vingegaard? Ni ere hemen nago, eta Itzulia berriz irabazi nahi dut»

EÑAUT AGIRREBENGOA.
enaut agirrebengoa
Gasteiz
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Gorabeheratsu dabil Daniel Felipe Martinez (Soacha, Kolonbia, 1996). Otsailean Algarveko Itzulia irabazi zuen, baina garaipenetik urrun izan zen gero Paris-Nizan, osasun arazoak tarteko. Halere, konfiantzaz iritsi da Itzulira, iaz Arraten lorturiko garaipena berritzeko asmoz.

Nahi baino makalago hasi du denboraldia zure taldeak, eta zuk ere piztu duzu zalantzarik. Itzulia zure onera itzultzeko aukera dela uste duzu?

Bai. Ondo entrenatu naiz azken asteetan, eta indartsu eta lasterketa ona egiteko gogoz nago. Gainera, goi mailako taldea izango dut ondoan. Eskalatzaile finak gara, eta Ethan Hayterrek zeresana emango du esprintean [etapa irabazi zuen atzo]. Sinetsita nago taldea ondo ariko dela.

Astuna da iazko txapelaren zama, ala ez duzu presiorik sentitzen?

Presiorik gabe ariko naiz. Ahalik eta gehien gozatu nahi dut, besterik gabe. Itzela da Itzulia bezalako lasterketa berezi batean lider aritu ahal izatea, ondoan halako txirrindulariak ditudala. Harro nago hemen egoteaz, eta zer esanik ez bizkarrean bat zenbakiko dortsala izanik.

Iaz, ziklista asko aritu zineten, azkenera arte, irabazteko lehian. Hala izango da aurten ere?

Oso lasterketa irekia izango dela iruditzen zait, eta gainsariak lortzeko adi ibili beharko dugu. Segundo bakoitzak balioko du, eta lokartzen denak oso garesti ordainduko du. Xehetasun txikiek erabakiko dute agian, eta bukaerara arte borrokatu beharko dugu.

Ez duzue atseden hartzeko ia betarik izango, etapa guztiek baitute mamia.

Hemen ohikoak izaten dira halako ibilbideak. Oso etapa biziak izango dira gehienak, eta belarriak denbora guztian izan beharko ditugu tente. Kokapenak garrantzi handia izango du, eta tropelaren aurrealdean izaten saiatuko gara lehia pizten denean.

Benetako sua, dena den, azken etapan piztuko da, ala?

Aurten, etapa guztiak izango dira gogorrak eta erabakigarriak. Ezin gara azken etaparen zain egon. Mendate nagusiak orduan igoko ditugu, baina aurrez ere borroka handia izango da.

Mundu guztia Jonas Vingegaardi begira dago. Hark dirudi hautagairik behinena.

Ni ere hemen nago. Aurkari on asko dago, baina Itzulia berriz irabazi nahi dut. Ikaragarri gustatzen zait; World Tourreko lasterketarik gogorrenetako bat da. Ibilbideek egiten dute berezi: beti gabiltza gora eta behera, eskuin-ezker... Eta errepide oso estuetatik sartzen gaituzte.

Euskal Herriko zaleen babesa ere asko estimatu ohi duzue txirrindulariek, ezta?

Munduko zalerik onenetakoak dira. Txirrindulari guztiok jasotzen dugu jendearen babesa: berdin dio zer taldetan gabiltzan edo zer herrialdetakoak garen. Grina handiko zaleak dira, kolonbiarren gisara. Asko estimatzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.