Euskal Herriko Itzulia

Vingegaard nagusi Hikako horman

Azken 300 metroetan sua piztu du Vingegaarden erasoak, eta beste faboritoek ezin izan dute harrapatu. Mikel landa bigarren izan da, bi segundora.

jarraia226500.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 5a
17:45
Entzun

Faborito nagusia gailendu da Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapan. Etaparen lehen erdia lasaia bazen ere, mendate motzak eta lehergarriak zituzten bigarren erdian. Azken 16 kilometroetan %10 inguruko zenbait aldapari egin behar izan diete aurre, eta Hikako horman, %26ko aldapa pikoan, piztu du sua danimarkarrak. Beste hainbat txirrindularik kostata eutsi dute bizikleta gainean azken hirurehun metroetan, baina Frantziako Tourreko azken garaileak erakustaldia eman zuen. Mikel Landa (Bahrain) eta Enric Mas (Movistar) izan ditu atzetik; bi segundora helmugaratu dira.

Etapa hasi eta berehala hartu diote aurre tropelari Simon Geschkek (Cofidis), Pierre Latourrek (TotalEnergies) eta Georg Zimmermannek (Intermarche). Hogeitahamar segunduko tartea zabaldu dute, eta lanean jarri dira ProTeam mailako taldeak; besteak beste, Euskaltel edo Kern Pharma. Helburu nagusia ihesaldietan sartzea dute talde horiek, eta helburua lortu ezinda, tropelaren buruan jarri dira. Hala ere, ez dira aldea murrizteko gai izan, eta amore eman behar izan dute azkenean. Kolpe gogorra izan da haientzat, baina argi gelditu da lehia gogortzen denean World Tourreko txirrindularien gaitasuna bestelakoa dela.

Getariatik igarotzen ari zirela Remi Cavagna (Soudal-Quick Step) batu zaie atzetik aurrerakoa eginda, eta gero, Meagasen gora, Nicolas Prodhomme (Alpecin) eta Thibault Guernalec (Arkea) batu zaizkie. Cavagnak berak jarri du erritmoa Villabonako malda gogorrenetan. Zimmermannek eta Latourrek soilik jarraitu dute haren erritmoa, eta hirurak elkarrekin iritsi dira Alkizara. Tropelean Jumbo-Vismak hartu du aginte makila Villabonan, eta Herbehereetako taldeak ezarri du erritmoa hurrengo kilometroetan. Jon Barrenetxea (Caja Rural) atzean gelditu da Alkizako igoeran, eta gaur ez du punturik bildu pinportadun maillota eskuratzeko lehian.

Altzoko lehenengo igoeran atzean gelditu da Latour, eta minutu bateko aldearekin bakarrik gelditu dira Cavagna eta Zimmermann. Baina alde hori ezerezean utzi du tropelak helmugarako 25 kilometro gelditzen zirenean, Altzoko bigarren igoeran. Bertan egin dute ahalegina Bauke Mollemak (Trek), Esteban Chavesek (Education First) eta Lauren Huysek (Intermarche). Tropelari aurre hartu diote Altzoko azken maldetan, eta 20 segundoko zuloa zabaldu dute.

Alkizako igoera estu eta gogorrean Chaves bakarrik gelditu da aurrean, eta une horretan, helmugarako 14 kilometro gelditzen zirenean, taldeburu guztiak tropelaren aurrealdean jarri dira, edozein mugimenduri erantzuteko tokia izateko. Zizurkilgo hilerrira bidean tropelaren aurretik jarraitu du Chavesek, baina helmugatik sei kilometrora Juanpe Lopez (Trek) eta James Knox (Quick-Step) batu zaizkio. Hamar segundoko aldearekin hasi dute azken kilometroa, eta azkenean Lopez gelditu da bakarrik aurrean.

Jumbo-Vismak, baina, lan bikaina egin du, eta estu hartu ditu denak. Attila Valterrek jarri du erritmoa, eta Vingegaardek jarri dio ginga. Frantziako Tourreko azken garaileak azken aldapa pikoa hasi eta berehala jo du, eta atzean utzi ditu beste denak. Garaipena ospatzeko denbora ere izan du Vingegaardek, aurkariak arnasari buelta eman ezinda zeuden bitartean. Landa eta Mas bi segundora iritsi dira helmugara, eta atzetik iritsi dira Ion Izagirre (Cofidis) eta David Gaudu (FDJ). Banaka-banaka iritsi dira txirrindulari denak helmugara, baina aldeak ez dira oso handiak izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.