Osasuna

Vicente Moreno: «Haur baten ilusioarekin nator»

Gaur aurkeztu du Osasunak teknikari berria, eta erronkari aurre egiteko prest dagoela adierazi du: «Aukera berdingabea da, eta edozein entrenatzailek nahiko luke niri eman didaten aukera».

Vicente Moreno, Sadarreko aulkian. JESUS DIGES / EFE
Vicente Moreno, Sadarreko aulkian. JESUS DIGES / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko maiatzaren 28a
14:30
Entzun

Ikusmin handia piztu du Iruñean Osasunako entrenatzaile berriaren fitxaketak. Gaur eguerdian aurkeztu dute Vicente Moreno, Sadarren, ia ordu eta erdi iraun duen prentsaurreko batean. Haren albo banatan eseri dira Braulio Vazquez kirol zuzendaria eta Luis Sabalza presidentea. Beteta zegoen prentsa aretoa, eta, kazetariez gain, bertan egon dira zuzendaritzako kideak ere. Moreno protagonistak adierazi du «haur baten ilusioarekin» datorrela Osasunara, eta klubaren inguruan jaso dituen erreferentzia guztiak «bikainak» direla.

Guztira 27 galdera erantzun ditu Jagoba Arrasateren ordezkoak, bata bestearen atzetik. Arrasateren gaineko galderak eta alderaketak ez dira falta izan, baina beste hainbat gai ere jorratu dituzte, hala nola Taxoareko lana, ezarri nahi duen jokamoldea, edo jokalarien nondik norakoak. 

Atzo bertan, entrenatzailearen fitxaketaren berri eman ostean, teknikariari egindako elkarrizketa zabal bat plazaratu zuen Osasunak bere webgunean. Bertan ere Arrasatek utzitako lorratzaren gainean aritu zen: «Osasunara etortzea erronka zaila da, Jagobak egindakoa ezabaezina baita. Baina ni proiektu hau goratzeko nago hemen». Bide beretik jo du gaur ere, prentsaurrekoan: «Une zaila da Osasunara iristeko, azken urteetan gauza garrantzitsu asko lortu dituelako. Baina aukera berdingabea da, eta edozein entrenatzailek nahiko luke niri eman didaten aukera. Horregatik probestu nahi dut». 

Hori baino lehen, zuzendaritza batzordeari eskerrak emanez abiatu du prentsaurrekoa gorritxoen entrenatzaile berriak, «emandako aukeragatik». Braulioren deia jasotzea «poz izugarria» izan dela adierazi du: «Luze jo du erabakiaren zain egoteak, baina ulergarria da, Jagobak errespetua merezi baitzuen». Berriatuko entrenatzaileari eskerrak emateko ere baliatu du prentsaurrekoa. «Mezu bat bidali nion, eta nirekin hitz egiteko prest agertu zen hasieratik. Telefonoz hitz egin dugu, eta asko gustatu zait kontatu didana».

Sabalza presidenteak ez du aukera galdu nahi izan, eta ongietorria eman dio Morenori: «Oso talde berezira iritsiko zarela ohartuko zara laster. Kirol profesionalean emaitzek balio dute, baina hemen horren gainetik daude lana, sakrifizioa eta Osasunaren balioen transmisioa». Presidenteak aitortu du «atzo bertan» jakin zuela erabakiaren berri, Braulioren dei baten bidez.

«Vicente, kirol profesionalean emaitzek balio dute, baina, Osasunan, horren gainetik daude lana, sakrifizioa eta klubaren balioen transmisioa».

LUIS SABALZAOsasunako presidentea

Jokamoldea eta helburuak

Askotariko galderak egin dizkiote Morenori. Horrelakoetan, ohikoa da haren jokamoldeari buruz galdetzea, eta horren inguruan argi erantzun du ez diola «ezeri uko egin» nahi, eta jokoaren bidez zaleei transmititzen ahaleginduko direla: «Nire taldea jokoaren alderdi guztietan ona izatea nahi dut, ezeri uko egin gabe, edonoiz beharko baituzu bata edo bestea. Bestela, nire ideiekin, baina taldean dauden jokalarien ezaugarrietara egokitzen saiatuko gara». Horretarako lanak erraztu dizkio Brauliok. Izan ere, Johan Mojicak bakarrik utziko du taldea. Gainerako guztiek kontratua daukate, eta eskaintza «ukaezin bat» iritsi ezean, ez da inor joango. Hori goi mailako futbolean «gutxitan» gertatzen dela adierazi du Morenok, baina «albiste pozgarria» dela, eta horri esker «lasai» dagoela aitortu du, horrek klubean «egonkortasuna dagoela» esan nahi duelako. Hala ere, fitxaketak iritsiko direla espero da. Horrelakorik eskatu ote duen galdetuta, adierazi du ez zaiola gustatzen «eskean aritzea»: «Klubean dagoen horretan sinesten dut».

(ID_13929230) ESPAÑA DEPORTE OSASUNA
JESUS DIGES / EFE
 

Lehen taldeko lanaz gain, harrobiko lanaz ere aritu da teknikari berria: «Badakit nora natorren, eta badakit Taxoarek zer garrantzi duen. Taxoarera begiratuko dut jendea prest dagoela ikusten dudanean, klub honen nortasun ikurra baita». Bestalde, klubak eta taldeak zaleekin daukaten harremanari jarraipena eman nahi diola adierazi du. Behin eta berriro errepikatu du hori prentsaurrekoan: «Azken sei urteak ederrak izan dira Osasunarentzat, eta ohikoa da zaleek aldaketari ikara izatea. Ulertzen dut, eta jokoaren eta lanaren bidez zaleak asebetetzen ahaleginduko naiz».

«Ulertzen dut zaleek aldaketari ikara izatea, eta jokoaren eta lanaren bitartez haiek asebetetzen ahaleginduko naiz».

VICENTE MORENO Osasunako entrenatzailea

Azken urteetan nabarmena izan da taldearen gorakada, eta Bigarren Mailan egotetik Konferentzia Ligara sailkatzeko kanporaketak jokatzera igaro da. Datorren urtean izan beharreko helburua, baina, argi dauka Morenok: «Lehendabizi, Lehen Mailan mantentzea». Hortik aurrera, «aurrez ondo egiten ziren gauza asko aprobetxatu» nahi dituela azpimarratu du.

Braulio, zuhur

Brauliok hartu du hitza teknikariaren ostean, eta hark ere erantzun ditu kazetarien galderak. Aurrez, entrenatzailea zergatik fitxatu duten azaldu du: «Talde lehiakorrak eta bertikalak sortzen ditu, eta gure klubaren balioak bikain ordezkatzen ditu. Vicenterekin ez dugu Jagoba 2.0 bat nahi, Vicenteren bertsiorik onena baizik. Gauza batzuetan antzekoak dira, baina entrenatzaile bakoitzak bere ñabardurak ditu».

«Vicenterekin ez dugu Jagoba 2.0 bat nahi, Vicenteren bertsiorik onena baizik».

BRAULIO VAZQUEZ Osasunako kirol zuzendaria

Taldeko jokalarien eta etor daitezkeenen gaineko ezer gutxi argitu du. Printzipioz, «Mojicaren ordezko bat eta hegaleko jokalari bat» ekarri nahi dituela adierazi du, eta Javi Martínez, Diego Moreno eta Iker Benito itzuliko direla. «Azken horiekin zer egin, hori entrenatzaileak erabaki beharko du», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.