Vicente Morenok (Massanassa, Herrialde Katalanak) hartuko du Jagoba Arrasatek Sadarreko aulkian utzitako tokia. Denboraldi baterako bakarrik sinatu du kontratua gorritxoekin. Klubak gaur goizean jakinarazi du albistea, eta bihar aurkeztuko dute entrenatzaile berria, Sadarreko prentsa aretoan. Almeria izan da Morenok zuzendu duen azken taldea, amaitu berri den sasoian, baina zazpi partida bakarrik iraun zuen karguan.
Osasunak lotu du jada proiektu berriaren oinarria. Liga amaitu eta biharamunean ezagutarazi du nork ordezkatuko duen Arrasate. Teknikari gaztea izanagatik, Morenok eskarmentu handia dauka prestatzaile gisa, bigarren mailan batez ere. Xerezen egin zuen debuta. Talde hartako jokalaria zen, eta, erretiroa hartutakoan, entrenatzaile karguan jarri zen. Jaitsiera postuetan hartu zuen taldea, baina Bigarren Mailan geratzea lortu zuen.
Hala ere, beste lorpen batzuk dira azpimarragarrienak teknikariaren ibilbidean: Gimnasticekin Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara igo zen 2014-2015eko denboraldian. Hurrengo denboraldian bikain aritu zen Gimnastic igo berria. Klubak baliabide gutxi zituen, baina sasoiko ezusteko handienetako bat izan zen azkenerako: Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko sailkatu zen. Azkenean, baina, Osasunak kaleratu egin zuen lehen kanporaketan, Enrique Martin Monreal entrenatzaile zela.
Hiru denboraldi aurrerago Mallorcara jo, eta Bigarren B Mailatik Lehen Mailara eraman zuen taldea bi sasoiren buruan, 2017tik 2019rako tartean. Ante Budimirren entrenatzailea izan zen orduan, gaur egun Osasunako golegile nagusia denarena. Behin Lehen Mailara igota, ordea, ligako aurrekontu txikiena zeukan Mallorcak, eta ezin izan zion mailari eutsi. Orduan erabaki zuen Morenok Balearretako taldea uztea.
Espanyol izan zen haren ibilbideko hurrengo taldea. Kataluniarrak Bigarren Mailara jaitsi berriak ziren, eta Morenorekin Lehen Mailara itzultzea lortu zuten 2020-2021eko denboraldian. Espanyolek Lehen Mailan eutsi zion Morenoren gidaritzapean, eta helburuak bete zituen. Hala ere, teknikaria kargutik kendu zuten, haren proiektua amaituta zegoela iritzita.
Geroztik, bi proiekturen parte izan da. Espanyol utzi ostean, Arabiako Ligara joan zen, Al-Xabab taldera, eta liga irabazteko lehian aritu zen. Amaitu berri den sasoian, berriz, Almeriak fitxatu zuen, denboraldi baterako, baina irailean kendu zuten kargutik. Zazpi jardunaldi iraun zuen aulkian. Andaluziarrak azken postuan zeuden, eta zazpi partidatan hemezortzi gol sartu zizkieten. Geroztik talderik gabe zegoen Moreno, eta Osasuna izango da teknikariaren hurrengo erronka.
Oinarri berria
Egonkortasun handiko garai baten ostean, dena dardarka jarri zuen Jagoba Arrasatek taldea utziko zuelako iragarpenak. Osasunako agintariek lan zaila zeukaten esku artean: Jagoba Arrasateren ordezkoa topatzea. Berriatuko teknikariak lorratza utzi du kirol arloan eta futbolaz gaindi, eta zetorrena zetorrela ere oso goian izango zuen langa. Orain, Morenok aurre egin beharko die alderaketen zamari eta giro sozial nahasiari. Horri denari aurre egiteko, bere lantaldearekin batera iritsiko da Moreno. Dani Pendin izango da bigarren entrenatzailea, Dani Pastor prestatzaile fisikoa, eta Ramon Alturo aztertzaile nagusia.
Morenoren izena bolo-bolo ibili da Sadar inguruetan azken hilabetean. Arrasatek kluba utziko zuela jakin zenetik, luzea izan da entrenatzailea hautatzeko prozesua. Moreno zen hautagaietako bat, baina beste hainbaten izena ere entzun da. Esaterako, Luis Garcia Plazarena, Joan Francesc Ferrer Rubi-rena eta Javier Aguirrerena. Garcia Plazak Alavesen jarraitzea erabaki du, eta Rubik, berriz, Almeriaren eskaintza bat dauka. Azkenean, baina, Moreno eseriko da Sadarreko aulkian.
Entrenatzaile berria hautatuta, taldea ixtea izango da Osasunaren udako lana. Ruben Garciak eta Pablo Ibañezek kontratua berritu dute, eta espero izatekoa da hiruzpalau fitxaketa egitea guztira.