Tenisa

Venus eta Serena Williams, Wimbledongo finalera

Euria dela-eta emakumezkoen beste finalerdia eta gizonezkoen final laurdena bertan behera utzi behar izan dituzten arren, azkenean partidak bukatu dituzte, eta Venus eta Serena Williams ahizpak emakumezkoen finalean lehiatuko dira.

2008ko uztailaren 3a
20:37
Entzun
Venus Williamsek Wimbledongo (Ingalaterra) finalera sailkatzea lortu du gaur, Elena Dementievari finalerdian 6-1 eta 7-6 irabazita. Lau aldiz lortu du titulua.

Gainerako partidetan gorabeherak eragin ditu euriak arrastirian. Euri jasek ordu batzuk bertan behera utzi dituzte emakumezkoen beste finalerdia, baita gizonezkoen final laurdena ere. Emakumezkoen kasuan, Venusen ahizpa Serena Williams (estatubatuarra) Jie Zheng txinatarraren aurka jokatzen ari zen, eta 27 minutu jokatzen zeramatzatela epaileek partida etetea erabaki zuten, euriagatik. Eguraldiak lagundu duenean, ordea, partidekin segitu, eta Jieri 6-2 eta 7-6 nagusitu zaio Serena Williams.

Hala, duela bost urte bezala, bi ahizpek elkarren kontra jokatuko dute Wimbledongo finala.

Gizonezkoen final laurdenari dagokionez, euriak norgehiagoka gerarazi aurretik, Rainer Schuettler alemaniarra eta Arnaud Clement frantziarra bina set irabaziak zituzten, eta bosgarren setean 2-1 irabazten zihoan Clement. Azken jokuan Schuttler 40-0 zihoan nagusitzen. Partidari berriz ekin diote gero, eta Schuettler 6-3, 5-7, 7-6, 6-7 eta 8-6ko emaitzekin menperatu du Clement. Aurtengo aldiko partidarik luzeena izan da; bost ordu eta 12 minutukoa.

Gizonezkoen finalerdiak bihar dira jokatzekoak: Roger Federer-Marat Safin lehia, eta Rafael Nadal katalanaren eta Rainer Schuettlerren arteko zeingehiagoka. Finala igandean izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.