Osasuna 1-0 Alaves

Velazquezekin ere lehengo lepotik burua

Budimirrek 93. minutuan sartutako gol batek erabaki du derbia. Osasunak zeharka Europara begira jarraitzen du, eta Alavesek, berriz, azken postuan.

Osasunako jokalariak, gaur, Budimirren gola ospatzen. Lehen planoan Pacheco, etsita. JESUS DIGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko apirilaren 10a
17:14
Entzun

Aukerak amaitzen ari zaizkio Alavesi. Futboleko esaera zahar batek dio entrenatzaile berriarekin beti irabazten dela, baina, Alavesen kasuan, hori ere ez da betetzen aurten. Ez zen bete Mendilibarrekin, eta ez da bete Velazquezekin. Entrenatzaile espainiarrak gaur zuen estreinakoa babazorroen aulkian, Iruñean, eta ez du punturik lortu (1-0).

Printzipioz behar gutxien zuen taldeak irabazi du neurketa, baina adi Osasunarekin: nafarrek 41 puntu dituzte jada, eta bostera dute Vila-Real, zazpigarren sailkatua. Zaila da, bai, baina Osasunak Europarekin amets egiteko eskubidea irabazi du gaur.

Eskubide hori eman diona, Ante Budimir. 93. minutuan, bi taldeek berdinketa ontzat ematen zutela zirudiela, Manu Sanchezen erdiraketa bat sarera bidali du aurrelariak.

Aurretik ere etxekoenak izan dira gol aukerarik onenak, eta, besteak beste, penalti bat ere huts egin du Ruben Garciak; edo, hobe esanda, Pachecok gelditu dio. Gelditu izugarria egin du Alaveseko atezainak, lehen zatiko 37. minutuan. Ez du partida txarra jokatu Alavesek; Osasunak baino biziago aritu da, baina alferrik.

Modu batera edo bestera, beste porrot bat arabarrentzat. Mirari bat baino zerbait gehiago beharko dute mailari eusteko.

Osasuna: Herrera; Vidal (Javi Martinez, 86'), Aridane, David Garcia, Cote (Manu Sanchez, 60'); Torro, Avila (Barja, 86'), Moncayola, Iñigo Perez (Kike, 60'), Ruben Garcia (Roberto Torres, 60'); eta Budimir.

Alaves: Pacheco; Tenaglia (Duarte, 80'), Laguardia, Lejeune, Navarro; Escalante (Toni Moya, 80'), Vallejo (Pellistri, 65'), Loum, Luis Rioja; Edgar (Pina, 76') eta Joselu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.