Azken hamar kilometroetan sartuta, etapa espero bezalako gidoia betetzen ari zen. Ihesaldi bat zegoen buruan, baina tropelak kontrolpean zeukan. Bazirudien esprinterren artean lehiatuko zela Frantziako Tourreko bosgarren etapa. Helmugarako sei kilometro falta zirela, baina, gidoia goitik behera aldatu da. Ezkerretarako bihurgune batean eroriko handi bat egon da tropelaren erdian. Eroritako ziklisten artean Demi Volleringen (Sd Worx) maillot horia bereizi zitekeen. Helmugan, minutu bat eta 46 segundo galdu ditu; beraz, maillot horia ere bai.
Erorikoa dela medio, talde nagusia zati txiki askotan sakabanatu da, eta, iheslariak harrapatu ostean, buruan zazpi ziklista geratu dira. Horien artean lehiatu da etapa. Eta Sd Worxek egun migontsa zertxobait goxatu ahal izan du, Blanka Vasekin etapa irabazita. Buruan iritsi den taldetxoan zen sailkapen nagusian hirugarren sailkatua, Katarzyna Niewiadoma (Canyon). Bera sailkatu da bigarren etapan, eta Tourreko lider berria da. Izan ere, atzoko irabazle eta nagusian bigarren zihoan Puck Pietersek (Fenix) ere denbora galdu du erorikoagatik. Orain, nagusian Kristen Faulkner (Education First) doa bigarren postuan, Niewiadomarekiko 19 segundora; eta Pieterse hirugarren, 22ra. Volleringek postu gehiago egin ditu atzera, orain bederatzigarren da, lider berriarekiko 1.19ra. Erortzeak lesiorik eragin ez badio, hiru etapa edukiko ditu sailkapenari itzulia emateko.
Big crash in the peloton, with @demivollering being caught up in it and back on the road again.
— Le Tour de France Femmes avec Zwift (@LeTourFemmes) August 15, 2024
Chute importante dans le peloton, @demivollering a notamment été prise dedans mais a repris la route. #TDFF2024 l #WatchTheFemmes l @GoZwiftpic.twitter.com/gpIYiVKJst
Belgikatik irten da gaurko etapa, Bastognetik. Herrialde horretan egin dituzte eguneko lehen kilometroak, baita lehen ihesaldi saiakerak ere. Etapa hasiera, amaiera bezalaxe, zoroa izan da; txirrindulari askok egin nahi izan dute alde, baina tropelak ez zien baimenik ematen. Azkenean, behin lasterketa Frantzian sartuta, eguneko ihesaldia osatu dute. Helmugarako 80 kilometro falta zirela egin du ihes Loes Adegeestek (FDJ), eta hamar kilometro geroago batu zaizkio Julie Van de Velde (Soudal) eta Fem van Empel (Visma).
Iheslariek bidea egin dute, eta bi minututik gorako aldea ere lortu dute. Bitartean, ziklistek igaro behar izan dituzten muinoek min egin die zenbaiti; tartean, gaurko etapa irabazteko faborito zirenetako bati, Charlotte Kooli (DSM). Lehen bi etapak irabazi zituen esprinter herbeheretarrak ezin izan du talde nagusiaren erritmoa jarraitu, eta etapa lehiatzeko aukerarik gabe geratu da.
Azken zatian tropelak erritmoa bizitu du, baina gogor egin behar izan dute lan alde egindako ziklistek zuten tartea murrizteko. Eguneko azken mendate puntuagarrira, Movistar taldea iritsi da tropel buruan. Igotzen hasi eta segituan, atzoko irabazle Pieterse hasi da erritmoa jartzen, eta tropela bi zatitan banatu du. Esprinter batzuk bigarren taldean geratu dira, baina beren taldekideek azkar itxi dute tartea. Behin igoera guztiak igarota, bazirudien esprintean jokatuko zela etapa, baina erorikoak dena aldrebestu du.
Mendate handietara bidean
Asteburuko bi etapa menditsuen aurretik —larunbateko etapa bigarren mailako mendatean amaituko da, eta igandekoa, maila berezikoan—, bihar muino askoko ibilbidea osatu beharko dute ziklistek. Remiremontetik abiatuko dira, eta, ia 160 kilometroren ostean, Morteaun amaituko dute. Tartean, bost mendate puntuagarri igaroko dituzte; azkena, helmugara iristeko 15 kilometro geratzen direla. Itxuraz, atzoko etapa amaieraren antzekoa da biharkoa; beraz, sailkapen nagusiko ziklisten artean lehia egongo da. Halere, ihesaldi batek bidea egiteko ibilbide oso aproposa da biharkoa; etapa garaipenaren lehian sar daitezke nagusirako jada aukerarik gabe dauden txirrindulariak ere.
Sailkapenak
BOSGARREN ETAPA
1. Blanka Vas (Sd Worx) 3.46.51
2. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) d.b.
3. Liane Lippert (Movistar) d.b.
4. Kristen Faulkner (Education First) d.b.
5. Emma Norsgaard (Movistar) 8ra
6. Lucinda Brand (Lidl) 11ra
7. Cedrine Kerbaol (Ceratizit) d.b.
8. Lorena Wiebes (Sd Worx) 28ra
9. Marianne Vos (Visma) d.b.
10. Evita Muzic (FDJ) d.b.
29. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 35era
31. Ane Santesteban (Laboral Kutxa) d.b.
NAGUSIA
1. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) 11.27.29
2. Kristen Faulkner (Education First) 19ra
3. Puck Pieterse (Fenix) 22ra
4. Cedrine Kerbaol (Ceratizit) 47ra
5. Juliette Labous (FDJ) 56ra
6. Thalita de Jong (Lotto) 1.04ra
7. Shirin van Anrooij (Lidl) 1.07ra
8. Pauliena Rooijakkers (Fenix) 1.08ra
9. Demi Vollering (Sd Worx) 1.19ra
10. Liane Lippert (Movistar) 1.20ra
32. Ane Santesteban (Laboral Kutxa) 4.19ra
45. Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) 8.45era