TXIRRINDULARITZA

Van der Poelek bere bigarren Milan-Sanremo klasikoa irabazi du esprintean

Ganna sartu da bigarren, eta Pogacar hirugarren. Zazpigarren monumentua da Van der Poelentzat.

ITALY CYCLING
Van der Poel, helmugan, ezin eskuak burura eramanda. ROBERTO BETTINI / EFE
inaut matauko rada
2025eko martxoaren 22a
16:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Mathieu Van der Poelek (Alpecin) irabazi du 2025eko Milan-Sanremo lasterketa, denboraldiko lehen monumentua. Esprintean lortu du garaipena, Filippo Ganna (Ineos) eta Tadej Pogacar (UAE) atzean utzita. Ganna nekatuta iritsi da esprintera, atzetik aurrerakoa eginda, eta Pogacarrek erakutsi du ez dela estralurtarra, batzuetan hala badirudi ere. Van der Poelek bigarrenez lortu du denboraldi oro lehen monumentua den lasterketa irabaztea, eta zazpigarren monumentua da herbeheretarrarentzat. Bere taldeak, Alpecinek, azken hiru Milan-Sanremo lasterketak irabazi ditu.

Lasterketa orokorrean nahiko lasaia izan da, azken 40 kilometroetara arte; ihesaldi bat izan da, baina bertako onenak ez du asko iraun, eta Costarainera-Cipressa igoerara faboritoak iritsi dira aurrean, batez ere Ineosek egindako lanagatik, erritmo bizia jarri baitu ihesaldiko azkenak harrapatzeko.

Igoera horretan, Jasper Philipsenek (Alpecin) eta Mads Pedersenek (Lidl-Trek) onenen taldea utzi dute hasi eta berehala, eta handik segundo gutxira Jhonatan Narvaezek(UAE), Pogacarren taldekideak, erritmo bizia jarri eta adabaki lana egin du, sasoi onenean ez zeuden asko atzean geratu baitira. Kilometro bat egin du aurrean Narvaezek, eta alde batera egin du Pogacarrek jo zezan. Hiru soilik mantendu dira esloveniarrarengandik gertu: Filippo Ganna, Mathieu Van der Poel eta Romain Gregoire (Groupama), baina azken horrek gutxi iraun du.

Igoeraren azken bi kilometroetan erritmoa bizitzen jarraitu du Pogacarrek, eta Gannak sufritu egin du esloveniarraren eta Van der Poelen gurpilak hartzeko. Igoera labur eta erraz horretan Narvaezek eta gero Pogacarrek jarri duten erritmoa izugarria izan da, tropelari 30 segundo baino gehiagoko errenta atera baitie; inoizko igoerarik azkarrena egin dute mendatetxo horretan, eta Pogacar, Ganna eta Van der Poel elkarrekin iritsi dira gainera.

Bizi jaitsi dira hirurak, eta tartea handitzen jarraitu dute. Hamabost kilometroren faltan, eta Poggio di Sanremo igoera hasi aurretik, garbi geratu da hiruretako batek irabaziko zuela, minutu baten aldea ateratzen baitzion tropelari. Hiruretako batek ere ez du asko nekatu nahi izan, eta aurreko posizioa txandakatuz joan dira.

Esprintean erabaki da

Poggioko igoera hasten den bidegurutzea hartu eta metro gutxira jo du lehen erasoa Pogacarrek. Van der Poelek erraz hartu dio gurpila, baina Ganna atzean geratu da; lasterketan zehar ikusi du Ganna zela hiruretatik erasoei motelen erantzuten ziena, eta atzean utzi izan nahi du garaipenerako hautagaietako bat. Hala ere, handik gutxira hanka altxatu dute pixka bat aurreko biek, eta, justu Gannak harrapatu behar zituen momentuan, berriro jo du erasoa Pogacarrek.

Van der Poelek ongi eutsi dio erasoari, baina Pogacar ez da etsitu, eta erasoak botatzen jarraitu du; Van der Poel ezin hobeto mantendu da Pogacarren atzean, haizetik babesten, eta bera ere saiatu da aurrea hartzen, baina Pogacarrek arazorik gabe harrapatu du herbeheretarra.

Jaitsiera elkarlanean egin dute Pogacarrek eta Van der Poelek, Gannak harrapa ez zitzan, bai baitzekiten jaisten eta ordekan txirrindulari bikaina dela italiarra, baita esprintean ere. Hala ere, jaitsiera guztian aurreko biak ikusten joan da Ganna, eta, helmugarako 700 metro falta zirela, harrapatu egin ditu ezustean. Hirurak elkarrekin egonda, arnasa hartzeko tareta hartu dute esprintaren aurretik. Van der Poelek jo du esprinta, eta ezin izan dute hartu: bigarren Milan-Sanremo eta urteko lehen monumentua eraman ditu etxera, eta zazpigarren monumentua bildu du palmaresean. Ganna sartu da bigarren, eta Pogacar hirugarren. Herbeheretarra eskuak burura eramanda sartu da helmugan, sinistu ezinik. Haren taldeak, Alpecinek, azken hiru Milan-Sanremo lasterketak irabazi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.