Erraza da lokatzetan arrastoa uztea. Mendira joatea besterik ez dago animalien, gizakien eta autoen gurpil markak ikusteko. Euriarekin, baina, lausotu egiten dira aztarna horiek, eta denborarekin desagertu egin ohi dira. Mathieu van der Poelek, ordea, igaro den errepide eta barruti guztietan uzten du bere arrastoa. Euri zaparradarik handienari ere kosta egingo zaio ezkutatzea ziklista herbeheretarrak egindakoa. Atzo, zazpigarrengoz irabazi zuen Munduko Ziklo-kros Txapelketa. Marka guztiak hausteko dago.
Historia egiteko aukera paregabea zuen Lievinen (Frantzia), eta ez zuen hutsik egin: aurreikuspenak bete zituen. Atzo lortutako ortzadar maillotarekin, dagoeneko zazpi ditu ziklo-krosean. Erik de Vlaeminck handiaren pare jarri da. Orain dela hamar urte flandriarrak 1960ko hamarkada amaieran eta 1970eko hasieran erdietsitakoa bakarren batek berdintzea pentsaezina zen, baina azken urteotan Van der Poelek ondo baino hobeto hartu dio neurria modalitateari. «Elite mailara salto egiten duzunean, munduko txapeldun izatea duzu amets, baina ez nuen sekula imajinatuko zazpi aldiz irabaziko nuenik». Azken sei ekitaldietatik bost irabazi ditu.
Aurkari zuzen bakarra zuen herbeheretarrak: Wout van Aert, hiru aldiz munduko txapeldun izandakoa. Halere, aditu askorentzat Lievingo barrutiak mesede egiten zion Van der Poeli. Van Aertek, gainera, oso atzetik atera behar izan zuen —Munduko Kopako sailkapenaren arabera kokatzen dira irteera lerroan ziklistak—, eta, gainera, ezbehar bat izan zuen aurreneko itzulietan. Kontuak kontu, Van der Poelek nahieran kontrolatu zuen lasterketa. Estreinako itzulitik buruan jarri, eta inork ezin izan zion haren erritmoari jarraitu. Jumbo Vismakoak pixkanaka-pixkanaka aurrera egitea lortu zuen, baina Alpecingoak une oro 40-55 segundo arteko aldea izan zuen. Bikain baliatu zuen. «Barrutia zaila zen, eta taldean joatea arriskutsua zen. Hasieratik bakarrik gelditu nahi nuen, eta lortu dut».
«Barrutia zaila zen, eta arriskutsua taldean joateko. Hasieratik bakarrik gelditu nahi nuen, eta lortu dut. Ez nuen sekula imajinatuko zazpi aldiz irabaziko nuenik»
MATHIEU VAN DER POEL Txirrindularia
Azkenean, Van Aertek bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hori bai, bere aurkariak emandako erakustaldiaren jakitun, helmugaratzean txapela kentzeko keinua egin zuen. Ziklismoko bi piztia horien arteko harremana ona ez dela esaten den arren, igandean kirol legez jokatu zuen Herentalseko flandriarrak. «Dena eman dut. Onenak irabazi du, eta ziklo-krosaren historian beste orrialde bat idatzi du». Podiuma Thibau Nys gazteak osatu zuen: Sven Nys handiaren semea da, eta hura ere kontuan hartzeko modukoa da.
Ziklo-kros denboraldi ezin hobea osatu du Alpecin Deceuninckekoak. Zazpi lasterketatan hartu du parte, eta zazpiak irabazi ditu. Nahieran ibili da, eta gehienetan hankapean erabili ditu aurkariak. Haren korritzeko era eta Van Aertekin duen lehia erakargarriak dira txirrindularitzaren zaleentzat. Lievinen 16.000 lagun bildu ziren. Ziklismozale askoren idoloa da, eta ez bakarrik modalitate horretan egiten duenagatik. Lokatzetatik kanpo, errepidean eta mendiko bizikletan ere harrigarri ibiltzen da. Teknikoki iaioa da, eta fisikoki bikain moldatzen da ziklo-kroseko ordubeteko esfortzu «laburretan» eta klasiko gogorretan, hala nola Paris-Roubaixen. Dohain ikaragarriak ditu, eta ziklismoaren historia liburuan bere izena hizki larriz idatzi du dagoeneko, baina batek daki erretiroa hartzen duenean noraino iritsiko den haren garaipenen eta balentrien zerrenda.
Van Empel, hirugarrenez
Larunbatean, Fem Van Empel herbeheretar gazteak ere sekulakoa egin zuen. 22 urte baino ez dituen arren, hirugarren aldiz jarraian irabazi du Munduko Ziklo-kros txapelketa. Amaiera estu baten ostean, Van Empelek bere herrikide Lucinda Brand menderatzea lortu zuen, eta hura ere pixkanaka-pixkanaka bere palmaresa zabaltzen ari da. Azken hiru urteetako munduko txapelduna da, baina oraindik urruti daude Marianne Vosen zortzi ortzadar maillotak. Hori bai, ibilbide osoa du aurretik.