Pogacar Tourrean nola, hala aritu zen Italiako Giroan Anna van der Breggen (SD Worx): aurkaririk gabe. Prato Nevoson bukatzen zen lasterketako bigarren etapa, eta alde handiz irabazi zuen herbeheretarrak, helmugarako zazpi kilometrora jotako eraso batekin. Lasterketa laugarrenez irabazi nahi du, eta bide onean da. Haren taldekide Ashleigh Moolman eta Demi Vollering helmugaratu ziren hurrena, 1.22 eta 1.51ko atzerapenarekin. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen SD Worxek.
Kale egin zuen, aldiz, Elisa Longo Borghinik (Trek), Van der Breggenen aurkari handienetako bat izan beharko zuenak. Erlojupekoa irabazi zuen bezperan, Trek taldearekin, baina txakalaldia izan zuen atzo: 32. sartu zen helmugan, 8.30 galduta. Eider Merinok (Monex), berriz, lan txukuna egin zuen. Girora sentipen txarrekin iritsi zen arren, 12. egin zuen atzo, 3.29ra helmugaratuta. Dezentez beranduago iritsi zen Ane Santesteban (Bike Exchange): 12.41era, 53. postuan.
135 kilometroko etapa gorabeheratsua jokatuko da gaur Casale Monferrato eta Ovada artean. Lehen 70 kilometroak nahiko lauak dira, baina hortik aurrera, hirugarren mailako lau mendate eta beste zenbait koska igoko dituzte.
Van der Breggen nahi bezala aritu da Giroko bigarren etapan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu