TXIRRINDULARITZA

Van Aertek irabazi du Vueltako hirugarren etapa

Espainiako Vueltako liderrak berak irabazi du hirugarren etapa, Castelo Brancon (Portugal). Euskaltel taldeko Jon Aberasturik hirugarren amaitu du.

Van Aert garaipena ospatzen, Castelo Brancoko helmugan. Atzean, Aberasturi. JAVIER LIZON / EFE
Van Aert garaipena ospatzen, Castelo Brancoko helmugan. Atzean, Aberasturi. JAVIER LIZON / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 19a
18:11
Entzun

Atzo bezala, gaur ere esprintean amaitu da Espainiako Vueltako etapa. Hori bai atzoko garaileak bigarren amaitu du gaur, eta atzo bigarren izan zenak besoak jaso ditu. Wout van Aertek (Visma) irabazi du Vueltako hirugarren etapa, gorriz jantzita, liderraren elastikoarekin. Atzoko garailea izan da bigarren, Kaden Groves (Alpecin). Eta Jon Aberasturi arabarrak amaitu du hirugarren (Euskaltel). Gaurko etapa irabazita, Van Aertek lider jarraitzen du sailkapen nagusian.

Lau txirrindulari sartu dira eguneko ihesaldian, laurak euskal taldeetakoak eta horietatik hiru euskal herritarrak. Aurten Euskaltel Euskadi eta Kern Pharma dira talde gonbidatuak Vueltan, eta beren koloreak erakusten ari dira. Atzo bezalaxe, Luis Angel Matek (Euskaltel) eta Ibon Ruizek (Kern Pharma) alde egin dute gaur. Baina bakoitzak taldekide bat izan du lagun gaur: Xabier Isasa (Euskaltel) eta Unai Iribar (Kern Pharma). Laukoteak ia bost minutuko tartea ere izan du, baina helmugarako 20 kilometro falta zirela harrapatu dute ihesaldian gehien iraun duena, Isasa. Halere, ahaleginak eman du fruitua. Matek mendiko maillota lortu du, eta Isasari eman diote saiatuenaren saria.

Ruiz, Isasa, Iribar eta Mate, eguneko ihesaldian. JAVIER LIZON / EFE
Ruiz, Isasa, Iribar eta Mate, eguneko ihesaldian. JAVIER LIZON / EFE

Bihar, mendiko lehen etapa

Lehen hiru etapak Portugalen egin ostean, Espainian sartuko da Vuelta bihar. Plasencian abiatuko da etapa, eta, 170 kilometroren ostean, Pico Villuercas mendatean amaituko da (14,6 kilometro eta %6,2ko pendiza). Sailkapen nagusirako egun erabakigarrietan lehena izango da biharkoa. Hasieratik mendate gogorrak igaroko dituzte txirrindulariek. Lehen zatian, bigarren mailako Cabezabellosa eta lehen mailako Piornal mendateak igoko dituzte. Gero, ordekan kilometro batzuk egin eta laugarren mailako muino bat igaro ostean, eguneko azken igoerari ekingo diote.

Pico Villuercasen batez besteko pendiza %6,2koa bada ere, ehuneko horrek ez du mendatearen gogortasuna islatzen. Izan ere, lau kilometroan pendiza ez da %11tik jaisten eta %20ko tarteak ere baditu. Helmugarako hiru kilometro falta direla, batez beste %16ko pendiza duen tarte bat igo beharko dute, kilometro batekoa. Malda horietan, Van Aertek oso zaila edukiko du maillot gorriari eustea eta, hala, diferentziak ikusiko dira sailkapen nagusiko lehian dabiltzanen artean.

Vuelta 4. etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.