Sailkapen nagusiko lehian aritu behar dutenentzat lan egitera ohituta dago Wout van Aert (Visma). Gaur, ordea, Sepp Kuss taldekideari eskerrak eman beharrean da. Iazko Espainiako Vueltako garaileak lan bikaina egin du bere taldeko esprinterren alde, eta Van Aertek ez du huts egin Kordobako helmugan. Flandriarrak bigarren garaipena du aurtengo Vueltan —aurrez, hirugarren etapan gailendu zen—. Mathias Vacekek (Lidl) egin du bigarren, eta Nafarroako Kern Pharma taldeko Pau Miquelek zeharkatu du helmuga hirugarren. Sailkapen nagusian, Ben O'Connorrek (Decathlon) jarraitzen du lider.
Azken igoeran, Primoz Roglicek (Bora) liderra probatu du, baina Decathloneko australiarrak bikain erantzun du. Borak erritmo bizia jarri du aldapa hasieratik, eta Roglicek bi aldiz egin du eraso. Ez du, ordea, taldea hautsi. Behin gainera iritsita, Marc Soler (UAE) mugitu da. Iaioa da horrelako etapa amaieretan eta, une egokian erasoa jota, aldea zabaldu du.
Jaitsiera amaitu denean, Van Aertek kolokan ikusi du garaipena, eta eraso egin. Ez da, ordea, Solerrenganaino heldu. Orduan iritsi da haren taldekide Kuss, eta talde nagusiari tiraka jardun du Soler harrapatu duten arte, 3,5 kilometro falta zirela. UAEko beste bat mugitu da orduan, Pavel Sivakov. Eta Vismak jada ez zuen inor lan egiteko. Aleksandr Vlasovek (Bora) hartu die lekukoa, eta hark harrapatu du UAEkoa. Azkenean, esprintean ebatzi da etapa, eta Van Aert erraz gailendu da. Datozen egunetan, eginkizunak aldatuko dituzte, eta Van Aertek ez du arazorik edukiko Kussen alde lan egiteko, mendiko etapetan taldeburu izango denez gero.
Gaur ere ez da borrokarik izan eguneko ihesaldia osatzeko. Aurtengo Tourrean eta Vueltan behin baino gehiagotan gertatu da, eta, beste behin, talde gonbidatuek baliatu dute hori, euren presentziaren berri emateko. Gaur, ziklista bakarra ausartu da tropelari aurre hartzen: Euskaltel taldeko Xabier Isasa.
Urretxuarrak bigarren aldia du aurtengo Vueltan ihesaldian sartzen. Gaur, lasterketa buruan bakar-bakarrik egin ditu 140 kilometro. Azken igoera hasterako harrapatu dute. Bestalde, gaur Kern Pharmak ez du inor sartu ihesaldian, indar guztiak amaierarako gorde nahi izan baitituzte, Pau Miquelekin etapa jokatzeko asmoz.
Lasterketak Andaluzia barnealdean jarraituko du bihar ere. Ubeda eta Cazorla artean egingo dute Vueltako zortzigarren etapa. Ia 160 kilometroko ibilbidean bi mendate puntuagarri igaroko dituzte: Mirador de las Palomas —bigarren mailakoa— eta Sierra de Cazorla —hirugarren mailakoa—. Azken horren gainean amaituko da etapa. Azken igoera 4,8 kilometro luze da, eta batez besteko pendiza %7koa du, baina %20rainoko maldak ere badira.
Vadillok postu bat aurrera
Bihar amaituko da Etorkizunekoen Tourra. Hartan dabiltza Eneritz Vadillo, Idoia Eraso eta Iker Mintegi euskal ziklistak. Vadillo gaur postu bat gorago jarri da sailkapen nagusian. Atzo seigarren zen, eta, gaurko etaparen ostean, bosgarren da. Eraso, ostera, hemeretzigarren helmugaratu da gaur, eta nagusian 24. doa. Gizonezkoetan, Mintegi 26. tokian dago.
SAILKAPENAK
Zazpigarren etapa
1. Wout van Aert (Visma) 4.15.39
2. Mathias Vacek (Lidl) d.b.
3. Pau Miquel (Kern Pharma) d.b.
4. Stefan Kung (FDJ) d.b.
5. Quinten Hermans (Alpecin) d.b.
6. Quentin Pacher (FDJ) d.b.
7. Lorenzo Rota (Intermarche) d.b.
8. Harold Tejada (Astana) d.b.
9. Max Poole (DSM) d.b.
10. George Bennett (Israel) d.b.
Nagusia
1. Ben O’Connor (Decathlon) 27.44.07
2. Primoz Roglic (Bora) 4.45era
3. Joao Almeida (UAE) 4.59ra
4. Enric Mas (Movistar) 5.23ra
5. Cristian Rodriguez (Arkea) 5.26ra
6.Antonio Tiberi (Bahrain) 5.29ra
7. Lennert van Eetvelt (Lotto) 5.32ra
8. Florian Lipowitz (Bora) 5.35ra
9. Felix Gall (Decathlon) 5.38ra
12. Mikel Landa (Soudal) 5.49ra