TXIRRINDULARITZA

Van Aert, garaipenak edonon

Flandriarra hirugarrenez nagusitu da Vuelta honetan; oraingoan, etapa menditsu batean. Ihesean irabazi du, Pacherri azken ahaleginean gailenduta. Txomin Juaristi seigarren izan da. Faboritoak ez dira mugitu, eta O’Connorrek aise eutsi dio lidergoari.

Wout van Aertek gaur lortu du aurtengo Vueltako hirugarren garaipena.  JAVIER LIZON / EFE
Wout van Aertek gaur lortu du aurtengo Vueltako hirugarren garaipena. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko abuztuaren 27a
18:29
Entzun

Txirrindulari moldakorraren arketipoa da Wout van Aert (Visma). Mota guztietako ibilbideetan egiten du distira, Espainiako Vueltan ondo erakusten ari denez. Hiru garaipen daramatza jada: lehen biak esprintean lortu zituen, eta gaur, berriz, eskalatzaileentzako etapa bat irabazi du. Txirrindulariak Galizian lehiatu dira, eta lau mendate topatu dituzte Ponteareas eta Baiona artean. Van Aert txirrindulari astuna da, baina baita indar handikoa ere, eta adimena eta ahalmena uztartuz gailendu da. Haren erakustaldia izan da etapako gertakari nagusia; sailkapen nagusiko borrokak ez du zeresanik eman. Erasorik ezean, Ben O’Connor  (Decathlon) eroso egon da gorriz jantzita.

Van Aertek Quentin Pacherrekin (Groupama) jokatu du garaipena. Flandriarrak ezusteko erasoa egin du azken mendatearen aurretik, eta jokoz kanpo harrapatu ditu ihesaldiko besteak. Pacherrek harrapatu egin du, baina gero ez du irabazteko inolako aukerarik izan. Van Aerti esprintaren aurretik egin dio eraso, baina Vismakoak erraztasun osoz erantzun dio, eta gisa berean azpiratu du gero, helmuga jada begi bistan zutela. Bi minutu geroago iritsi dira eguneko beste hiru iheslariak, Soler buru. Tropelak, berriz, 5.31ko atzerapena izan du. Txomin Juaristi (Euskaltel) multzo nagusitik atera da azken kilometroetan, eta balio handiko seigarren postua eskuratu du.

Bukaerak ez du aparteko zirrararik izan, jakina baitzen Van Aertek Pacherri esprinta irabaziko ziola, eta faboritoak ez baitira oldartu. Haatik, hasiera gogorra izan du etapak. Fonfria mendatean gora egin dute lehen kilometroetan, eta ihesaldia osatzeko borroka handia izan da bertan. Hiru txirrindulari nabarmendu dira: Van Aert, Soler eta William Junior Lecerf (Soudal). Tropelak hurbiletik jarraitu ditu, eta, tartea murritza izanik, lasterketa burura iristea lortu dute Pacherrek eta Juri Hollmannek (Alpecin). Beste zenbait ere saiatu dira ihesaldiarekin bat egiten, baina amore eman dute. Hartara, bost txirrindulariko multzoa finkatu da tropelaren aurretik.

Decathlonek, O’Connor liderraren taldeak hartu du kontrolaren ardura, eta lasaitzera egin du egoerak. Barealdiari etekina atera diote iheslariek, eta nabarmen handitu dute aldea, sei minutuko langa gainditzeraino. Hain zuzen ere, 6.18ko errentarekin hasi dira Vilachanera igotzen, helmugatik 61 kilometrora. Jarraian hiru mendate gainditu behar zituzten etaparen amaieran, eta Vilachan zen lehena eta samurrena. Lasai igo dira tropelekoak, eta bat eginik aurrekoak. Jaitsieran, berriz, soka tenkatzea deliberatu du Red Bull-Bora taldeak. Minutu bat aise kendu dio ihesaldiari.

Mabiako mendatean ere ekinean jarraitu du Primoz Roglicen taldeak, harik eta brastakoan balazta sakatu duen arte. Geldialdi arraroa izan da. Tropelean lasai jo dute azken mendaterantz. Eguneko oztoporik zailena zen Mougas, eta helmugatik 20 kilometrora zuen tontorra. Van Aertek, ordea, ez du aldapen zain gelditu nahi izan, eta erasoa jo du helmugarako 31 kilometro falta zirela, tarteko esprintaren aurretik. Pacherrek jarraitu dio bakarrik. Mendatean aurrera iristen saiatu dira Lecerf eta Soler, baina garaipenaren lehiatik kanpo gelditu dira azkenean. Tropelean, berriz, erritmoa gogortu dute Education First eta Soudal taldeek; liderren erasorik ez da izan, ordea.

Pacher ere ez da maldan gora oldartu. Nahikoa egin du Van Aerten erritmoari eutsita. Jaitsieran ere ez da saiatu, ezta geroago zegoen muino laburrean ere. Azken kilometroaren aurretik egin du ahalegin bakarra, baina Van Aertek jada esku artean zuen garaipena.

Aldapa gehiago Galizian

Padronen (Galizia) hasi eta bukatuko da biharko etapa, Vuelta honetako 11.a. Aproposa izan daiteke ihesean beste garaipen bat lortzeko, hirugarren mailako bi mendatetan eta bigarren mailako beste bitan gora egin beharko baitute. Cruxeirasek helmugatik 8 kilometrora du gaina, eta motza izan arren (2,9 kilometro), gogorra da (%9ko pendiza, batez beste). Malda bortitzetan Roglic izan da orain arte Vueltako onena, eta azken mendate horri etekina ateratzen saia daiteke.

O’Connorrek, berriz, beste azterketa garrantzitsu bat izango du. Oraindik asko sufritu beharko du Madrilera gorriz jantzita iritsi nahi badu. Dena den, itxura sendoa eman du azken bi etapetan, eta Roglic 3.53ra du oraindik. Mikel Landak (Soudal), bere aldetik, ohorezko postuetan jarraitzen du: bosgarren dago, 5.17ra. Bihar erasorik bada, aurrean izaten saiatuko da arabarra.

SAILKAPENAK

Hamargarren etapa

1. Wout van Aert (Visma) 3.50.47

2. Quentin Pacher (FDJ) 3ra

3. Marc Soler (UAE) 2.01era

4.William J. Lecerf (Soudal) d.b.

5. Juri Hollmman (Alpecin) d.b.

6. Txomin Juaristi (Euskaltel) 5.13ra

7. Jhonatan Narvaez (Ineos) 5.31ra

8. Stefan Kung (FDJ) d.b.

9. George Bennett (Israel) d.b.

10. Harold Tejada (Astana) d.b.

Nagusia

1. Ben O’Connor (Decathlon) 40.05.54

2. Primoz Roglic (Bora) 3.53ra

3. Richard Carapaz (Education First) 4.32ra

4. Enric Mas (Movistar) 4.35era

5. Mikel Landa (Soudal) 5.17ra

6. Florian Lipowitz (Bora) 5.29ra

7. Adam Yates (UAE) 5.30era

8. Felix Gall (Decathlon) d.b.

9. Carlos Rodriguez (Ineos) 6.00ra

10. David Gaudu (FDJ) 6.32ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.