Markel Susaeta. Athleticeko jokalaria

«Valverderen lana ezbaian jartzea lekuz kanpo dago»

Sekula baino gutxiago ari da jokatzen denboraldi honetan, baina ez du galdu federik entrenatzailearengan. Bizpahiru emaitza on kateatuz gero Athleticen jokoa asko hobetuko dela iritzi dio.

«Valverderen lana ezbaian jartzea lekuz kanpo dago».
haritz gallastegi
Bilbo
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Markel Susaetak (Eibar, Gipuzkoa, 1987 ) 419 aldiz jantzi du Athleticen elastikoa. Klubaren historian partida gehien jokatu duten futbolarien zerrendan 11.a da, eta, okerrik ezean, denboraldia lehen hamarren barruan amaituko du. Beraz, aproposa da Athleticen zeresana ematen ari diren kontuez iritzia emateko.

Atletico Madrilek bisitatuko du San Mames gaur. Partida handia da eta, era berean, gaitza.

Bai. Partida handia da. Atletico Madrilen dohainen berri badugu. Azken sasoietan asko ari zaigu kostatzen hari irabaztea. Garaipena lortu nahi badugu, partida borobila jokatu beharko dugu.

Hala da. Atletico Madrilek lau aldiz bisitatu du San Mames berria, eta lauretan irabazi du.

Atletico Madrilek defentsa bikaina dauka. Atzean sartzen zaigu, eta guri asko kostatzen zaigu halakoen aurka gol aukerak egitea. Bolada txarrari amaiera emateko gogoz gaude.

Zer egin behar da Atletico Madril estu hartzeko?

Argi daukagu ez dugula aukera asko izango. Hiruzpalau on sortuko ditugu, eta ezinbestekoa da aukera horietan eraginkorrak izatea. Asmatu egin behar dugu. Bestalde, ezin gara deskuidatu defentsako lanean.

Aukerak sortzeko zein golak sartzeko ezinbestekoak diren futbolari biren falta izango duzue, Beñatek eta Adurizek partida bateko zigorra bete behar baitute. Ez da erraza izango haien lekua betetzea.

Guretzat, oso futbolari garrantzitsuak dira; asko ematen digute. Baina haien partez ariko diren futbolariengan ere konfiantza daukagu.

San Mames betetzetik gertu egongo da. Hala ere, uste duzu giroa ohikoa baino hotzagoa dela aspaldian?

Ez. Guk argi daukagu zaleen babesa daukagula. Egia da azkenaldian ez gabiltzala fin, eta horrek zalantza eragingo zuen. Baina guk ez daukagu kexarik. Beti sentitu dugu harmailaren babesa daukagula.

Argi dago zaleek taldeari babesa erakusten diotela, baina aldea dago San Mames zaharraren eta berriaren arteko giroan. Zuek nabaritzen duzue zaharra beroagoa zela?

Nik uste dut San Mames berrian ez ditugula oraindik jokatu zaharrean jokatu genituen partida garrantzitsuak. Unea ailegatzen denean, antzeko giroa izango da. Ez gaude kezkatuta kontu horrekin.

Atletico Madrilen kontrako partida izango da lehen itzuliko azkena. Ontzat ematen duzu orain arte egindako lana?

Denboraldiaren lehen zatia lasaitasunez aztertzea komeni da. Jokoari erreparatuz gero, bistan da ez gaudela garai gozoan. Hala ere, ligan zazpigarren postuan gaude, eta Europa ligan lehian jarraitzen dugu. Kopan, berriz, Bartzelonak kanporatu gaitu lehiakor izanda. Beraz, emaitzak ez dira txarrak izan.

Zer falta zaio taldearen jokoari aurreko denboraldiotan izan duen mailara iristeko?

Arazoa zein den jakingo bagenu, honezkero konponduta egongo litzateke. Emaitzen bolada on bat kateatzea lortzen badugu, jokoan gora egingo dugu.

Buruko arazoa da, edo arlo fisikoan eta taktikoan ari zarete huts egiten?

Arlo fisikoa ez da arazoa. Taldea oso ondo ikusten dut. Arlo taktikoak eta konfiantzak zerikusi handiago izan dezakete. Aurreko sasoietan, joko alaiagoa egin dugu; denboraldi honetan, ordea, asko ari zaigu kostatzen arriskua sortzea. Gauzak aldatzeko beharrean ari gara.

Zergatik dago horrenbesteko aldea etxean eta kanpoan lortutako emaitzen artean? San Mamesen hogei puntu irabazi dituzue, eta zortzi baino ez kanpoan.

Ez dakit. Gorabeherak dituen taldea gara. Erregularragoak izatea lortu behar dugu.

Ernesto Valverdek esandakoa da Athletic zuzentzen duen laugarren sasoirako erronka nagusia futbolariak motibatzen asmatzea zela. Ondo ari al da?

Asmatzen ari da. Guk ez dugu Ernestoren [Valverderen] lana ezbaian jartzen. Ondo ezagutzen dugu; Athleticekin lortu dituen emaitzak hor daude. Beraz, ezin dugu zalantzarik egin.

Bera al da Athleticek izan dezakeen teknikaririk aproposena?

Bai. Txingurri da aproposena. Harekin titulu bar irabaztea lortu dugu, Txapeldunen Ligan aritu gara, eta urtero sailkatu gara Europarako. Valverdek egindako lana ezbaian jartzea lekuz kanpo dago

Taldearen ingurua gehiegi ari al da eskatzen? Langa goregi jarri al dugu?

Ez dakit langa behar den lekuan jarrita dagoen ala ez, baina argi dago azken urteotan ohitu egin garela Athletic Europan lehiatzen ikustera. Maila on horrek ekarri du exijentzia handitzea. Bada, horrek guztiak jokalariok motibatzeko lagungarri izan behar du. Aurrez esan dudan bezala, denboraldi honetan ez gabiltza oso fin, baina orain arteko bidea ez da txarra izan. Oraindik gauza handiak lor ditzakegu maiatz bitartean.

Sailkatuko da Athletic Europarako?

Bai. Jokoa apur bat hobetuz gero, gora egingo dugu.

Esan duzu taldeak badaukala zer hobetu. Zuri dagokizunez, antzeko egoeran zaudela ere esan daiteke; hau da, aurreko urteetan baino gutxiago ari zara jokatzen.

Lehen taldera igo nindutenetik, denboraldi honetan jokatu dut gutxien. Lasai egin diot aurre egoerari. Lezamara gogotsu joaten naiz entrenatzera, eta partidetan, aukera dudanean, Valverde iritziz aldatzeko ahalegina egiten dut.

Teknikariak argitu al dizu zergatik galdu duzun lekua hasierako hamaikakoan?

Entrenatzailearen eta nire arteko kontuek gure artean geratu behar dute. Valverdek asko hitz egiten du jokalariokin, eta badakigu zer dagoen. Gaur egun, ez naiz asko jokatzen ari, baina egoerari buelta ematea espero dut.

Zer eskatzen dizu?

Zelai erdiko jokalari guztioi gauza bera eskatzen digu: defentsan laguntzeaz gain, aurrera egitea eta taldearentzat eraginkorrak izan daitezkeen jokaldiak sortzea.

Ander Capak egunkari honetan esandakoa da garai latzak pasatu zituela hamaikakoan lekua galdu zuenean. Zu ere nahastu egin al zara?

Ander Capa gaztea da oso, eta, seguruenik, haren egoerak ez du zerikusirik izango nirearekin. Nik hamar denboraldi daramatzat Athleticen lehen taldean. Badakit urtetik urtera lehiakortasunak gora egiten duela; gazteak indartsu datoz. Lehia hori aberasgarria da taldearentzat.

Horrelako egoera zail bat ikusita, zein jarrera izan behar du futbolari profesional batek?

Lehenik eta behin, jarrera onarekin entrenatu behar du. Umore onarekin joan behar du lanera. Gogor entrenatzea ezinbestekoa da, eta, aukera dagoenean, baliatu egin behar da. Ez dago besterik.

Zuk galdu al duzu umorea azken hilotan?

Ez. Ez da inoren gustukoa gutxi jokatzea. Gainera, nik asko jokatzeko zortea izan dut azken urteotan. Baina naturaltasunez egin diot aurre egoera berri honi.

Halere, klubak zugan konfiantza erakutsi du. Beste bi sasoirako berritu duzu kontratua.

Klubak nigan konfiantza dauka, ez daukat dudarik. Pozik nago.

Kontratua amaitzen duzunerako 32 urte izango dituzu. Zer asmo daukazu? Beste liga bat ezagutzeko asmorik duzu?

Ez dut ezertan pentsatu. Denbora azkar pasatzen da, eta bi urte barru zer egingo dudan pentsatzea ez da ona inorentzat. Momentua aprobetxatu gura dut.

Asteon jakin da Pablo Orbaiz eta Andoni Iraola entrenatzaile karneta ateratzen ari direla. Zure taldekide ohien bidea hartuko duzu jokatzeari lagatzen diozunean?

Futbolari lotuta ikusten dut neure burua etorkizunean, baina ez da entrenatzaile moduan izango. Aipatu dituzun bi lagunek nik baino askoz hobeto egingo dituzte gauzak, ziur.

Eskarmentu handia izan arren, futbolean jokatzeko sasoian jarraitzen duzu. Ezustekoa Yeray Alvarezek eman zuen. Nola bizi izan duzue taldean atzelariaren gaixotasuna?

Kolpe gogorra izan da guztientzat. Yerayk sufritu du gehien, noski. Azken albisteak oso onak izan dira, eta egoera baretu da, baina albistearen berri izan genuenean une latzak izan ziren.

Bestalde, euskal selekzioaren gaiari helduta, Euskadiko Futbol Federazioak ohar bat kaleratu du asteon autokritika eginez eta aurrera egiteko ateak zabalduz.

Tunisiaren kontra gauzak ez ziren ondo egin. Giro tristea egon zen. Ea aurrerantzean gauzak aldatzen diren.

Uste duzu Gabonetako partidak eman beharrekoa eman duela?

Ez. Ez dago goia jota. Zaleengan ilusioa berriz piztu behar da. Hala bada, aurreko urteetako giroa leheneratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.