Denboraldi bete-betean egon arren, Athletic hasi da hurrengo sasoirako lehen zutarriak jartzen. Klub zuri-gorria aulkitik hasi da. Atzo jakinarazi zuen beste urtebeterako luzatu diola kontratua Ernesto Valverderi: 2024ko ekainaren 30era arte. Jon Uriarte presidenteak berak aitortu zuen kirol proiektuaren «zutabe estrategikoetako bat» dela Valverderi kontratua berritzea. «Ernesto da entrenatzailerik onena guretzat. Hari kontratua berritzeak egonkortasun handia emango digu, eta datorren denboraldia aldez aurretik prestatzeko aukera izango dugu». Valverderi kontratua berritzeko arrazoiak honela aletu zituen: «Anbizio handia dauka, zaleekin bat egiten duen jokoa proposatzen du, eta jokalariekin harreman bikaina du». Akordioa «oso bizkor» lortu zutela nabarmendu zuen Uriartek. «Gogo handia zuen segitzeko, proiektuansinesten du, eta guk ere konfiantza osoa dugu harengan».
Teknikaria pozik zegoen Athleticen segitzeko aukera izateagatik. «Harro egoteko modukoa da klubak pentsatzea ni naizela pertsonarik egokiena taldea zuzentzeko». Berretsi zuen «oso eroso» ari dela lanean taldearekin. «Jokalari apartak ditugu, eta sinetsita nago hobetzeko aukerak ditugula. Bestela ez nuke pauso hau emango. Gure zaleak zoriontsu egiten saiatuko naiz. Ez bakarrik irabaziz, baita irabazteko moduarekin ere».Oraingoan ere urtebete luzatu du kontratua. Izan ere, gauzak gaizki ateraz gero, ez du klubaren etorkizuna baldintzatu nahi.
Valverde da Athleticen lehen taldean partida gehien zuzendu dituen teknikaria: 332. Urruti utzi du jada Javier Clemente. Barakaldokoa 289 aldiz eseri zen zuri-gorrien aulkian. Valverderen zenbakiek gora egiten jarraituko dute. Izan ere, bihar bertan talde zuri-gorriak ligako neurketa du Atletico Madrilen zelaian. Sinatu duenarekin, zortzi denboraldi egingo ditu aulkian, hiru alditan banatuta. Bost aldiz sailkatu du taldea Europarako, lau aldiz Europa ligarako, eta behin Txapeldunen Ligarako. 2015ean, gainera, Espainiako Superkopa irabazi zuen Athleticek haren aginduetara.
Egun, taldea zortzigarren postuan dago ligan, eta Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko ditu Osasunaren kontra. «Oraindik denboraldiko zatirik erabakigarriena falta da», esan zuen Uriartek. Helburua argia da: Europarako sailkatzea.
Mikel Gonzalez kirol zuzendaria ere mintzatu zen Valverderen kontratua berritzeaz. «Hari esker, taldeak nortasuna, argitasuna eta ausardia ditu. Athleticentzako entrenatzailerik aproposena da. Taldea hain ondo ikusten duzunean, zaleak hain identifikatuta daudenean eta Lezamako egunerokoa hain ona denean, ez da zertan itxaron halako erabakiak hartzeko».
Jokalarien berritzeak
Behin Valverderen etorkizuna lotuta, ekainean kontratua amaitzen zaien jokalarien egoerari heldu beharko dio hemendik aurrera Athleticek. Guztira sei dira, eta haien artean izen garrantzitsuak daude: Iñigo Martinez, Raul Garcia eta Oscar de Marcos.
Gonzalezek adierazi zuen Valverderekin ez dutela horretaz hitz egin kontratua berritzeko orduan. «Entrenatzaileak badaki zenbat hilabete daramatzagun jokalariekin hitz egiten, eta merkatuaren nondik norakoak ere bai».
Zaila dirudi Iñigo Martinezek taldean segitzeak. Raul Garciak, berriz, duela egun batzuk esan zuen bere nahia Bilbon segitzea dela. Oscar de Marcosek, berriz, urtez urte hartzen du erabakia.
Valverderekin, lehen zutarria
Teknikariak beste urtebeterako luzatu du kontratua talde zuri-gorriarekin: 2024ko ekainera arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu