Futbola

Valverdek 2024ra arte luzatu du kontratua Athleticekin

Bai teknikaria bai Jon Uriarte presidentea pozik agertu dira kontratu luzapena dela eta. Hemendik aurrera kontratua amaitzen zaien jokalarien egoerari heldu beharko dio klub zuri-gorriak.

Jon Uriarte eta Ernesto Valverde elkarri eskua ematn.
ainara arratibel gascon
2023ko otsailaren 17a
10:52
Entzun

Ernesto Valverdek beste urtebetez luzatu du kontratua Athleticekin: 2024ko ekainera arte. Erabaki horrekin, datorren denboraldiko proiektuaren lehen zutarria jarri du klub zuri-gorriak. Teknikaria pozik dago luzapenarekin. «Niretzat harro egoteko moduko zerbait da, klubak pentsatzea ni naizela pertsonarik aproposena taldea zuzentzen jarraitzeko. Oso eroso ari naiz lanean taldearekin, eta sinetsita nago hobetzeko aukerak ditugula. Zaleak zoriontsu egiten saiatu naiz». Gustura mintzatu da Jon Uriarte ere: «Guretzat Ernesto da entrenatzailerik onena. Luzatzeak egonkortasun handia emango digu, eta aukera ere bai datorren denboraldia garaiz prestatzen hasteko. Kirol arloan, zutarri estrategikoetako bat zen hau».

Kontuan izan behar da Valverde dela Athleticeko lehen taldeari partida gehien zuzendu dizkion teknikaria: orain arte, 332. Baina kopuru horrek gora egiten jarraituko du, igande honetan bertan. Izan ere, talde zuri-gorriak ligako partida du Atletico Madrilen zelaian. Kontratua berrituta, zortzigarren denboraldia egingo du Lezaman, hiru alditan banatuta. Horietatik bostetan lortu du taldea Europarako sailkatzea. Lau aldiz Europa liga jokatu du, eta behin Txapeldunen Ligan. Oraintxe talde zuri-gorria zortzigarrena da ligan, eta Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko ditu Osasunaren kontra.

Honela aletu ditu presidenteak Valverde berritzeko arrazoiak: «Anbizio handia du, zaleekin konektatzen duen jokoa proposatzen du, eta jokalariekin harreman bikaina du». Behin teknikariari kontratua berrituta, kontratua amaitzen zaien jokalarien egoera bideratzen hasi beharko du talde zuri-gorriak. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Iñigo Martinez, Oscar de Marcos eta Raul Garcia. Gainera, Uriarte presidenteak hemendik gutxira aurkeztuko du klubaren egoeraren inguruan egin duten diagnostikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.