Joseba Etxeberria. Mirandeseko entrenatzailea

«Valverde da Athleticentzako entrenatzailerik aproposena»

Futbolarekin «disfrutatzen» ari da Mirandesen. Hara joan aurretik, urte hasieran, euskal selekzioko hautatzaile izateko eskaintza jaso zuen, baina klub bat hartzea zeukan buruan.

MIRANDES.
Iñaki Berastegi.
2022ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Mirandesen denboraldi hasiera zailari buelta emateko buru-belarri ari da lanean Joseba Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977). «Pixkanaka hobera egiten ari gara». Aurreko denboraldiaren azken zatian iritsi zen Mirandako (Espainiako) taldera, eta denboraldia amaitu arteko kontratua dauka. Etxeberriak dioenez, Athletic entrenatzeko esperantza «inoiz» ez badu galdu ere, orain ez du horretan pentsatzen.

Jada Alavesen eta Eibarren aurka jokatu duzue. Nola ikusi dituzu bi talde horiek?

Bi talde oso sendo eta orekatu dira, antzekotasun handiak dituztenak. Lehenengo Mailara igotzeko hautagai nagusien artean daude, eta ea igotzea lortzen duten. Ipuruaren moduko zelai batean puntu bat lortzea oso albiste ona izan da guretzat.

Otsailean iritsi zinen Mirandesera. Gustura zaude?

Oso gustura nago, eta futbolarekin disfrutatzen ari naiz. Hemen egon zen jendearen erreferentzia oso onak neuzkan; Andoni Iraolarekin ere hitz egin nuen, eta hala izan da: jende jatorra eta langilea aurkitu dut. Helburua da denboraldi on bat egitea eta mailari eustea.

Ia talde guztia aldatu duzue. Esan daiteke hutsetik hasi zarela?

Bai, aurreko denboraldiko lau jokalarik baino ez baitute jarraitzen taldean, eta horietako bi luzerako min hartuta daude. Taldea ia osoa berria da. Badakigu zein den Mirandesen azken urteetako filosofia; jokalari berri asko izatea urtetik urtera, utzitakoak eta gazteak. Beraz, bagenekien hasieran kosta egingo zitzaigula, baina uste dut pixkanaka hobera egiten ari garela.

Nolakoa da hainbeste jende gazterekin lan egitea?

Batez ere pazientzia handia eskatzen dizu. Hasieran, mezuak nola helarazi ikasi behar duzu, eta gauza batzuk askotan errepikatu behar dituzu. Dena den, Raul Navasen, Manu Garciaren eta Alfonso Herreroren gisako esperientzia handiko jokalari batzuk ere baditugu taldean, eta horrek gauzak errazten dizkit. Gazte asko dauzkagu, gehienak debutariak dira Bigarren Mailan edo futbol profesionalean, eta gazteei ere lagunduko dieten jokalariak behar genituen.

Utzitako jokalari zerrenda luzea duzue. Entrenatzaileak horri errezeloz begiratzen dio?

Pentsa liteke utzita dagoen jokalari batek ez duela klub horrekiko sentimendua edo atxikipena, baina gure jokalarien portaera ikusita, ez da kezkatzen nauen zerbait. Euren helburua Lehen Mailako jokalari izatea da, eta badakite denboraldi hau aprobetxatu behar dutela. Euren klubean gorengo mailan jokatu nahi badute, badakite aurrez Bigarren Mailan oso pauso nabarmena eman behar dutela. Errendimendua eskatzen diegu.

Ohikoa izan da euskal taldeetako jokalariak utzita aritzea Mirandesen. Roberto Lopez, Nico Serrano eta Beñat Prados ari dira orain. Nola ikusten dituzu?

Teknikoki oso jokalari onak dira, eta hemen demostratu behar dute euren etorkizuna non dagoen. Hirurak garapen prozesu on batean daude, eta hemen duten aukera aprobetxatu behar dute. Pozik gaude euren jarrerarekin eta jokoarekin.

Entrenatzaile gisa, zure garapenerako, toki aproposa izan daiteke Mirandes?

Entrenatzaile lanetan urte gutxi daramadan arren, esperientzia handia lortzen ari naiz. Hobetzeko lan handia egiten ari naiz, eta Mirandara etorri izana pauso oso garrantzitsua eta pozgarria izan da. Bigarren Mailako talde bat da, etxetik gertu nago, eta gauzak ondo egiten ari gara. Denboraldi hasiera zaila izan bada ere, ikusten ari gara taldea geroz eta sendoago dagoela. Esperientzia jasotzea oso garrantzitsua da etorkizunerako.

Etorkizun horrek, agian, San Mamesera eraman zaitzake. Amets egiten duzu noizbait Athletic entrenatzearekin?

Orain ez daukat hori buruan. Mirandan nago, eta badakit futbolaren mundu honetan garrantzitsuena hurrengo partida dela. Etorkizunean ez dakit zer gertatuko den, mundu guztiak daki nire taldea zein den, baina orain ez nago horrekin kezkatuta. Futbol profesionalean nago, eta entrenatzen jarraitzeko gogoz.

Zer esan nahi du horrek, esperantza galtzen hasita zaudela?

Ez, ez, esperantza ez da sekula galtzen, horretarako egiten baituzu lan. Argi daukat orain non nagoen, eta hori baino ez daukat buruan.

Euskal selekzioko hautatzaile izateko eskaintza egin zizuten urte hasieran, ezta?

Hitz egin genuen, bai. Nire asmoa, ordea, klub bat hartzea zen momentu hartan. Esan nien euskal selekzioan egoteko buru-belarri egon behar dela, eta nire asmoa beste bat zela. Hitz egin genuen zeozer, baina horretan geratu zen. Ondoren, berehala, Mirandesen eskaintza iritsi zitzaidan.

Ernesto Valverde da orain Athleticeko entrenatzailea. Lan ona egiten ari da?

Bai, noski. Nire ustez, Ernesto da Athleticentzako entrenatzailerik aproposena. Lezama, kluba eta zaleak oso ondo ezagutzen ditu, eta hor dago haren lana eta emaitzak. Ez sasoi honetan bakarrik, baita aurreko bi aroetan ere.

Talde berberarekin oso bestelako joko eta emaitzak lortzen ari da. Nola da posible?

Sasoi guztiak dira ezberdinak. Ernesto ezagututa, ez nuen batere zalantzarik taldea ondo arituko zela eta emaitzak lortuko zituela. Gehienbat, jokalari gazteetan ikusi da hobekuntza. Nico Williams eta Oihan Sancet oso pauso sendoak ematen ari dira: sekulako etorkizuna dute. Lezama oso bizirik dago, eta etorkizuna bermatua du Athleticek. Taldeari dagokionez, aurrean egiten duten presioa hobetu dute, eta nabarmendu behar da partida bakoitzean golak sartzeko zenbat aukera dituzten.

Andoni Iraola ere aukera bat izan daiteke hurrengo urteetan.

Andoni oso entrenatzaile ona da, etorkizun handikoa. Ikusi da bere taldeek, Mirandesek zein Rayok, zeinen joko azkarra eta ona egiten duten. Asko gustatzen zait Andoniren taldeak ikustea, horrelako futbola gustatzen baitzait niri. Pozten naiz berarengatik.

Nico Williamsen aldeko apustu sendoena zuk egin omen zenuen. Hala da?

Dituzun jokalari guztiak hobetzen ahalegintzen zara. Baina, egia da, beharbada nire postuan jokatzen duenez, hari aholku gehiago eman nizkiola. Guk eguneroko lan horretan lagundu egiten genion, baina berak oso maila ona dauka. Hegaleko moderno bat da.

Harritu zaitu nola ari den ikusteak?

Ezagutzen genuenok argi geneukan oso denbora gutxian maila hori erakusteko gai izango zela. Gauza on asko dauzka: abiadura, teknikoki oso ona da, bi oinekin ongi jokatzen du eta, kanpotik jokatzen duen arren, barrura sartzen denean ere jokoa ondo ulertzen du. Athleticen gol gehiago sartzeko eskatu genion, eta, horretarako, penaltiak berak jaurtiko zituela adostu genuen. Erreminta guztiak zeuzkan golak sartzeko. Mentalitatea zertxobait aldatu behar zuen orduan.

Haren adin bertsuarekin ailegatu zinen zu Athleticera. Zer geratzen da 18 urterekin Bilbora iritsi eta oilarra ezizena jarri zioten gazte hartaz?

Ez naiz askorik aldatu. Adinak esperientzia ematen dituzu, ikuspuntu ezberdinak dauzkazu batzuetan, baina esentzia aldetik orduko berbera naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.