Iker Irribarria. Aspeko pilotaria

«Uztea ez da kapritxoa; gaztea naiz oraindik, eta osasuntsu bizi nahi dut»

Eskuin belauneko minak behartuta, erretiroa hartzear da, 26 urterekin, ia zortzi urtez profesionaletan aritu eta gero. Etzi jokatuko du azkenekoz, Donostian. «Pena» du, «nahi baino lehenago» esango baitu agur. Baina «harro» dago egindakoaz.

GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
<i>Arama</i>
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ia ez dabil inor Araman (Gipuzkoa), eta dabiltzan apurrak udaletxearen parean daude. Komunikabideetako langileak dira denak. Barruan dago Iker Irribarria (Arama, 1996), elkarrizketak ematen. Badu bukatzeko gogoa. «Ea zaparrada bukatzen den», esan du.


 

Zer moduz zaude?

Ondo; albiste garrantzitsua eman dut, eta azkeneko partidetan ondo aritu naiz. Baina, larunbatekoan pentsatzen hasi, eta urduritu egiten naiz; emozio askoko partida izango da, eta ez dakit zehazki nola egongo naizen. Baina gorputza jada horra bideratua dut.

Agurreko prentsaurrekoan nola edo hala eutsi zenion emozioari. Etzi gehiago kostatuko zaizu?

Seguru. Prentsaurrekoa prestatua nuen; mila aldiz irakurri nuen esan beharrekoa etxean; etxean pasatu nituen komeria guztiak. Baina larunbatekoa beste gauza bat da; ez dakit zer datorren.

Nolako agurra nahiko zenuke?

Ederra litzateke frontoia betetzea, partida ona jokatzea, inork min ez hartzea, eta jendeak txalo zaparrada batekin agurtzea. Aho zapore onarekin geratu nahi dut.

Barneratua duzu datorrena?

Ez da erraza barneratzea bertatik pasatu gabe. Baina, lehenbizi, lasaitasun pixka bat eman nahi diot gorputzari; dezenteko egurra eman diot zortzi urtean, eta, batez ere, azkeneko bietan. Indarberritu egin nahi dut, gauzak lasai hartu, eta familiaz gozatu. Gero hasiko naiz pentsatzen zer egingo dudan.


 

Beldur ematen dizu erretiroaren ondorengo lehen egunak?

Bai. Igandeak ez, seguruenik aje ederra izango baitut. Baina astelehenak beldur ematen dit. Zaparrada pasatuta egongo da, eta hurrengo asteburuan ez dut ezer ez izango. Lehen asteburua gustura hartuko dut, baina seigarrena iritsitakoan agian zerbaiten falta sumatuko dut.

Baduzu zerbait egiteko gogoa?

Bai. Aurrena, lasai egoteko eta familiaz gozatzeko gogoa dut. Sekulako gogoa dut eguraldia hobea denean alabarekin gozatzeko. Kirol pixka bat egiten jarraituko dut, gorputza ahalik eta ondoen izateko; badut gogoa ez emateko horrenbesteko egurrik. Kirol profesionalak asko higatzen du.

Eskuin belauneko minak behartu zaitu erretiroa hartzera. Zer moduz duzu? Partida asko jokatu dituzu azken egunetan.

Partiden amaierak eta ondorengoa dira txarrena, baina, egunak pasatuta, eta bizikletan ibilita eta atseden pixka bat hartuta, sendatu egiten dira minak. Baina ez dut uste konponbiderik duenik; izango balu, borrokan segituko nuke.

Azken partidetan oso ondo aritu zara. Zalantza eragin dizu?

Batetik, pena pixka bat ematen du zeure burua lehiakor ikusita utzi behar izateak. Baina, bestetik, ederra da kirola aho zapore onarekin uztea. Gainera, kontratua bukatzen zitzaidan, eta espezialista guztiek esan didate uzteko. Ez dut uste erabakia nik bakarrik hartu dudanik; behartua izan da, eta hori gogorra da.

Azken partidetan zein ondo aritu zaren kontuan hartuta, ulertzen duzu jendea harrituta egotea hartu duzun erabakiarekin?

Bai, noski, ulertzen dut. Niri ere pena pixka bat ematen dit. Baina nahi dut jendeak ulertzea ni ez naizela bakarrik egun eta ordu horretan pilotari; partida osteko egunean ere badago bizia, eta, askotan, horiek dira unerik okerrenak. Uztea ez da kapritxo bat. Arriskua dago okerrera egiteko; zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta okerrago. Pilotatik kanpo ere, nire bizimodua egin nahi dut. Oraindik gaztea naiz, eta osasuntsu eta bizi kalitate onean bizi nahi dut. Aktiboa naiz, kirola egitea gustatzen zait, eta, espezialistak esaten dizunean beste urtebetez edo bi urtez jarraituz gero etorkizun txarra izango duzula, argi geratzen zaizu amaiera iristear dela.

Hainbat espezialistarengana joan zara. Ez duzu saiatu ez izanaren damurik.

Ez. Ez naiz geldirik egon. Norberaren osasuna eta lanbidea jokoan daudenean, edozeri heltzen diozu; esperantza dagoen bitartean, toki guztietara joaten zara. Baina, guztietan gauza bera esaten dizutenean, barneratzen hasi beste aukerarik ez duzu.

Halakoak etxekoei esaten zaizkie lehenbizi. Nola hartu zuten?

Lehenbizi, animatu egin ninduten. Haiek ere asko sufritu dute gertatu zaidanarekin, urte askoan izugarri gozatu baitugu etxean. Haientzat ere gogorra da, eta ni haietan oinarritzen naiz, eta ez du grazirik egiten haiek triste ikusteak. Oso-oso eskertuta nago haiekin. Une ederrak bizi izan ditugu, eta, orain, garai gogor hauetan ere haiek dira nire sostengu.

Ia zortzi egin dituzu. Erdizka geratu izanaren sentipena duzu?

Aukeran, gustatuko litzaidake urte gehiagotan jokatu izana, baina oso gazte hasi nintzen ni [18 urterekin], eta badakit askok ez dutela egin zortzi urte goi mailan; zaila da hor egotea, eta nik lortu dut. Batetik, aho zapore gazia uzten dit 26 urterekin utzi behar izateak, baina, bestetik, harro egon behar dut egin dudanaz. Oso intentsoa izan da nire kirolari bizitza.

Zertaz zaude harroen?

Diziplina asko behar da txapel bat irabazteko, eta zer esanik ez bi irabazteko. Bost final jokatu ditut, eta hiru txapel irabazi. Niretzat, ederra da hori, baina gehiago asebetetzen naute egin ditudan harremanek. Niretzat, garrantzitsuagoa da hori. Hau bukatu da, eta jada ez dut txapel gehiago lortuko, baina harreman horiek tinko jarraituko dute. Handia da hori.

Herriko frontoiaren errebotean daude jarrita irabazi dituzun hiru txapelak. Zer pentsatuko duzu orain haiek ikusten dituzunean?

Denetarik: batzuetan, pena eta tristura sentituko dut, eta beste batzuetan, horiek irabazi izanaren harrotasuna. Zaila da esatea zer sentituko dudan. Une jakin horretan nola nagoen islatuko da.

Hogei egun barru beteko dira zortzi urte debuta egin zenuenetik, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa). Nola gogoratzen duzu?

Polita izan zen. Lehenbizi, harrituta geratu nintzen pilotaren abiadurarekin. Merinorekin jokatu nuen, Miguelekin, Jaunarenaren eta Urruzolaren aurka. Gogoan dut Jaunarenak ezkerrez pilota jotzen zuen bakoitzean atzeraka ateratzen ninduela. Oroitzapen ederra dut; ez dut ahaztuko. Orain, garrantzi handiagoa emango diet halakoei.

Hiru hilabete eskas behar izan zenituen lehen finala jokatzeko: Promozio Mailako buruz burukoa, Victor Estebanen aurka.

Ez nintzen nahi bezain ondo aritu [22-17 galdu zuen], baina egun polita izan zen; jende asko joan zen Beotibarrera. Gero etorriko ziren bizipen intentsoagoak.

2016ko Lehen Mailako buruz burukoaz ari zara: lehen aldiz jokatu, eta txapela irabazi zenuen, aurkari guztiak hankapean ibilita. 19 urte baino ez zenituen; inork ez du horren gazte irabazi buruz buruko txapela.

Erokeria baten moduan gogoratzen dut buruz buruko hura. Ikaragarria izan zen; ez nuen espero halakorik: hasiberria izaten hasi, eta txapeldun bilakatu nintzen. Bigarrenez txapela irabazi nuenean eman nion merezitako balioa. Orduan ohartu nintzen zenbat kostatzen den txapel bat irabaztea.

Esan izan duzu «gainezka» egin zizula lehen txapelaren ondorenak.

Bizitza erabat aldatu zitzaidan oso denbora gutxian. Baina halaxe da kirolarion bizitza: ondo zaudenean, onerako, eta gaizki zaudenean, txarrerako. Orduan lortu nuenak izan zuen oihartzunak eta sortu zituen aurreikuspenek ez zidaten mesederik egin. Baina lorpena hor dago, eta uste dut ondo ikasita irten garela.

Azkar eskatu zenuen laguntza?

Bai. 19 urterekin ez dut uste inork dituenik horretarako tresnak, eta nik, are gutxiago; horregatik eskatu nuen laguntza, oihartzuna barneratzeko. Baina kosta egiten da. Niri mesede egin zidan: burua ordenatzen duzu, eta, pixkanaka, gauzak barneratuz joaten zara. Egin beharreko lanketa da.

Halere, 2017a ere urte polita izan zen: binaka, txapeldun izan zinen, eta banaka, txapeldunorde.

Oroitzapen polita dut Beñatekin [Rezusta] txapeldun izateaz; baita, nahiz eta galdu, Oinatzen [Bengoetxea] aurkako finalaz ere. Gauza onak izan nahi ditut gogoan.

2018a, berriz, ez zen ona izan. Orduan hasi zinen sentitzen aipatu duzun «aurreikuspenak ez betetzearen garratza»?

Bai, baina beste gauza batzuk egiteko aprobetxatu nuen. Ezkurdiaren aurka galdu nuen, eta enpresak aukera eman zigun Ameriketara joateko. Baina, bai, ez nituen aurreikuspenak bete, eta, halakoetan, burua martxan hasten da. Eta, tresnarik ez baduzu...

Indartsu itzuli zinen 2019an: buruz buru, txapeldun izan zinen, eta binaka, txapeldunorde.

Lanaren fruitua izan zen. Kosta egiten da txapel bat irabaztea; gero, egurra jasotzen duzu. Hala gertatu ohi zaio txapela lortu eta hurrengo urtean irabazten ez duenari. Ez dut inoiz era pertsonalean hartu egurra jasotzearena; gizartean dagoen zerbait da, eta onartu beharra dago. Zorionez, 2019an, lanaren poderioz, bigarren txapela irabazi nuen buruz buru. Izugarri poztu nintzen. Lehenengoa ezustean irabazi nuen; bigarrenari balio handiagoa ematen diot.

Azken urteak, ordea, oso gorabeheratsuak izan dira.

Iaz, Beñatek eta biok gutxigatik ez genuen jokatu binakakoaren finala; lan ona egin genuen. Baina gogorrak izan dira azken bi urteak; ezin izan naiz nahi bezainbeste entrenatu. Batzuetan, goian egon naiz, baina beste askotan, ez. Entrenamendu faltaren ondorioa zen. Gero eta argiago nuen pixkana beste bide batzuk hartuz joan behar nuela; saiatu naiz, baina honaino iritsi naiz.

Nola nahiko zenuke jendea zurekin gogoratzea?

Pilotari eta profesional gisa. Ordu asko pasatu ditut lanean frontoian eta frontoitik kanpo, eta nahiko nuke jendeak hori baloratzea; ez niri bakarrik, kirolari guztiei baizik. Lorpenak lorpenak dira, baina horien atzean lan asko dago, ordu pila. Gauzak ez dira kasualitatez lortzen: langilea izan naiz zortzi urte hauetan. Oso maitatua sentitu naiz beti, eta maitasun hori sentituz esan nahiko nuke agur. Asko eskertzen diet zaleei: nire ustez, konturatu dira hor barruan min asko egoten direla, batez ere fisikoak, eta beti saiatzen garela ahalik eta lanik onena egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.