Errugbia Euskal Herrian indartzeko egitasmo berri bat aurkeztu zuten atzo: Euskal Liga. Euskadiko eta Nafarroako federazioak eta Pirinio Atlantikoetako batzordeak bultzatutako txapelketa da, eta udazkenean abiatuko da, eta lehen bi urteetan, kanporaketa formatua izango du. 2020tik aurrera, ordea, liga bihurtzeko asmoa dute antolatzaileek. Oraindik ez dute zehaztu nortzuk lehiatuko diren, baina, jakinarazi dutenez, Euskal Herri osoko klub garrantzitsuenak arituko dira. Edonola ere, Miarritzek eta Baionak jadanik aurreratu dute ez dutela parte hartuko. Europako errugbiko finalen atarian egin dute aurkezpena, etzi eta larunbatean partida nagusiak hartuko dituen Bilboko San Mames zelaian.
Iñaki Laskurain Euskadiko Federazioko presidenteak azaldu zuenez, proiektua aurkeztuta, liga proiektua «gauzatzen hasi» nahi dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako taldeak biltzen dituen federazioko presidenteak azaldu zuenez, oraingoz kanporaketa formatuaren alde egin dute, «sinpleagoa eta malguagoa» delako: «Ulertu behar da errugbia fisikoki gogorra dela». Klubei parte hartzeko eskaintza egin dietela adierazi zuen, eta erantzunaren arabera antolatuko dutela txapelketa. Bi euskal talde indartsuenen inguruan, Miarritze eta Baiona, azaldu du ez dutela parte hartuko, baina «begi onez» ikusten dutela proiektua.
«Kudeatzaile gisa, gure lana da klubentzako ingurunerik onena bilatzea, eta liga berriak hori eskainiko digu». Laskurainen arabera, liga berriak gertutasun geografikoa eta «munduko formakuntza eskola onenaren» parte izatea eskainiko die. Proiektu berriak senior eta formakuntza mailak bilduko ditu, gizonezkoenak eta emakumezkoenak.
Nafarroako Federazioko presidente Joseba Etxaurik beraien federazioa hazten jarraitzeko aukera gisa ikusten du proiektu berria: «Txikiak gara, baina asko hazi gara azken urteetan, eta bide berari eutsi nahi diogu proiektu berri honekin». Alain Fariscot 64. departamenduko errugbi batzordeko presidenteak, bestalde, nabarmendu zuen liga berriak jokalarien mugikortasunean lagunduko duela: «Aukera paregabea izango da lurralde ezberdinetako errugbi jokalariek beste talde batzuetan jokatzeko».
Finaletarako, dena prest
Ligaren aurkezpena San Mamesen egitea ez zen ausazkoa izan, eta, liga proiektu berria ez ezik, Europako finalak ere izan zituzten mintzagai. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburuaren esanetan, finalak ere «proiektu estrategikoa» dira errugbia indartzeko: «Errugbiaren sustraiak badira gurean, eta Bilboko finalek horiek indarberritzeko aukera emango digute».
Challenge kopako finala ostiralean izango da, 21:00etan, Galesko Cardiff Blues eta Ingalaterrako Gloucester taldeen artean. Txapeldunen Kopakoa, berriz, larunbatean jokatuko dute Irlandako Leinster eta Frantziako Racing 92 taldeek (17:45). Errugbiari lotutako hainbat ekintza antolatu dituzte hirian, eta antolatzaileek 100.000 pertsona espero dituzte.
Uztartzea osatu dute
Euskal Herri osoko taldeak lehiatuko dira aurkeztu berri duten Euskal Errugbi Ligan. Udazkenean hasiko da, eta oraingoz kanporaketa formatua izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu