Utopiak egia bihurtzen direnean

Historikoa izan da aurtengo Tourra. Pogacarrek nagusitasun gailenez irabazi du, Vingegaard eta Evenepoel uste baino hobeto aritu diren arren. Cavendishek etapa garaipenen marka hautsi du, eta Girmayk eta Carapazek ere arrastoa utzi dute.

Evenepoel, Carapaz, Girmay eta Pogacar. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Evenepoel, Carapaz, Girmay eta Pogacar. SEBASTIEN NOGIER / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 22a
12:21
Entzun

Frantziako Tourrak 111. aldia izan du. Zenbaki horrek Tadej Pogacarren (UAE) bilduma irudikatzen du: dagoeneko hiru bider izan da lehena munduko lasterketarik handienean. Aurreneko bi garaipenak jarraian lortu zituen, 2020an eta 2021ean. Boladak etena izan zuen hurrengo bi urteetan, baina esloveniarra gorenera itzuli da. Eta nola itzuli: maillot horiaz gain, sei etapa bereganatu ditu. Aspaldi ez da ikusi horren txapeldun asegaitz eta ahaltsurik. Grande Bouclea hiru aldiz irabazi duen ziklistarik gazteena da, eta Louison Bobet eta Greg Lemonden pare jarri ondotik, Tourrean bost garaipen dituztenei begira dago orain.

Pogacar nagusitasun osoz gailendu da aurtengo Tourrean, lehenago Italiako Giroan egin bezala. Hala, mende honetan bi lasterketa horiek urte berean irabazi dituen lehen gizonezko ziklista bilakatu da. Azkena Marco Pantani izan zen, 1998an. Beste sei txirrindularik osatzen dute zerrenda. Mito handiak dira denak: Fausto Coppi, Jacques Anquetil, Eddy Merckx, Bernard Hinault, Stephen Roche eta Miguel Indurain. Azken bi hamarkadetan askok egin dute saiakera, baina denek egin dute huts. Ezinezko amets gisa jotzen zen. Pogacarrek, ordea, ametsa bete egin du.

Giroa ere sei etapa garaipenekin bukatu zuen, beraz, orain arte itzuli handietan jokatu diren 42 etapetatik hamabi irabazi ditu. Gainera, 39 egun egin ditu sailkapen nagusiaren buruan. Sasoi bakarrean inork ez du horren luze iraun itzuli handien lidergoan. Aurreko marka Merckxek ezarri zuen, 1970ean (38 egun). Pogacarrentzat erasoa da defentsarik onena, eta geldigaitz ibili da horiz jantzita. Hala, bere zigilua jarri die Tour honetako mendate askori: inoizko igoerarik azkarrenak egin ditu Galibierren, Pla d’Adeten, Plateau de Beillen, Isola 2000n eta Couillolen.

Pogacarrek ez du aurkaririk izan, baina, aldi berean, goretsi egin behar da Jonas Vingegaardek (Visma) eta Remco Evenepoelek (Soudal) emandako maila. Haiek ere desafio egin diote logikari, eta harro egon daitezke azken hiru asteetan egindako lanarekin. Vingegaardek suspertze miragarria izan du Itzulian eroriko larria izan ondoren. Hiru hilabetez lehiatu gabe iritsi zen Tourrera, eta hala ere, onena izan da Pogacarren atzetik. Areago, esloveniarrari aurre egin zion Lioraneko etapan. Azkenean, baina, bigarren postuaren defentsan jardun du. Evenepoelek espero baino askoz ere maila hobea eman du maldan gora, Vingegaard estu hartzeraino.

Primoz Roglicentzat (Bora), ordea, fantasia ez da egia bihurtu. Eroriko batek amets guztiak zapuztu zizkion, eta erretiratu egin zen 13. etapa hasi aurretik. Mikel Landak (Soudal) ere badaki zer den lurrera erori eta helburuei agur esatea. Tour honetan, ordea, lurretik baino gertuago egon da zerutik. Evenepoelen laguntzaile gisa jardun du, eta aldi berean, lasterketako txirrindularirik onenetan bosgarrena izan da. Mendateetan ez du arrakalarik izan, eta arrapaladan osatu zuen igandeko erlojupekoa. Landa, lehen hamarren artean Tourreko erlojupeko batean; ezinezkoa zirudien, baina arabarra izan zen.

Afrikaren lehen maillota

Laugarren Joao Almeida izan da, Landaren aurretik eta Evenepoelen atzetik. Adam Yatesek, berriz, seigarren bukatu du. Hortaz, UAE taldeak hiru txirrindulari sartu ditu lehen sei sailkatuen artean. Dena den, haren pareko poza izango du Intermarchek, hiru garaipen eta erregulartasunaren maillota eskuratu baititu, Biniam Girmayren eskutik. Eritrearraren arrakasta, taldearentzat ez ezik, kontinente oso batentzat izan da mugarri. Izan ere, Afrikako txirrindulari batek Tourreko maillot bat irabazten duen lehen aldia da. Era berean, Tourrean etapa garaipen bat lortzen lehen beltza izan da Girmay.

Eta beste marka bat ere izan da esprintetan: lasterketa frantziarrean inoiz izan den ziklistarik irabazleena bihurtu da Mark Cavendish (Astana). 34 etapa zituen irabaziak Tour honen aurretik, Merckxek adina. Bada, Cavendishek azkar apurtu zuen berdinketa, Saint Vulbasen, bosgarren etapan.

Ordurako Tourreko lider izana zen Richard Carapaz (Education First). Egun bakarra egin zuen horiz jantzita, eta ihesari eman zion bigarren astetik aurrera. Azkenean, hari eman diote Tourreko ziklistarik borrokalarienaren saria. Oier Lazkanok (Movistar) ere jaso zezakeen, bost aldiz sartu baita ihesaldietan. Tourmalet lehen postuan igarotzeko ohorea izan zuen. Alex Aranburu (Movistar) gutxiago agertu da, baina gertu izan zuen garaipena Troyesen; laugarren izan zen. Carapazek, berriz, ez zuen hutsik egin Superdevoluyn, eta hala, Tourreko lehen garaipena eman zion Ekuadorri. Hori gutxi ez, eta mendiko maillota ere etxeratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.