Uterga ez da ariko Binakako Txapelketako bigarren fasean

Doneztebeko aurrelaria ez dago ados puntuazio sistema berriarekin, eta enpresaren jarrera salatu du

Uterga eta Azpiroz —kopa igotzen—izan ziren iazko garaileak. ORIAMENDI.
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
ERREMONTEA. Puntuazio sistema berriarekin ados ez dagoela eta, Xanti Utergak ez du jokatuko Binakako Txapelketako bigarren fasea.«Ez zait justua iruditzen txapelketa eredu hau. Binakakoan bakarkako lana puntuatzea ez da bidezkoa. Ohikoari eutsi beharko litzaioke, eta bikotea sailkatzea», esan du Utergak. Gainera, ez zaio egokia iruditzen erremontisten lana baloratzeko erabiltzen den modua. «Tantoak egiteaz gain, pilotalekuan beste gauza asko egin behar dira: defendatu, sakatu...».

Enpresaren jarrera ere kritikatu du. «Pilotariak aurka ginela jakin arren, aurrera egin zuten sistemarekin, eta gu ia aurkezpenean enteratu ginen. Bi aste lehenago jakin izan banu, neronek esango nion enpresari txapelketan ez sartzeko». Bere haserrea adierazi zien horregatik. «Nik lehen fasea jokatuko dut, nire bikotekidari lagundu eta ahalik eta ondoen sailkatu dadin».

Doneztebekoa lehen postuan dago aurrelarien artean, hamasei punturekin. Izan ere, jokatutako bi partidak irabazi ditu, Azpiroz II.arekin bikote osatuz. Gainera, bi lehietan aurrelari onenari ematen zaizkion lau puntuak eskuratu ditu. Azpiroz ere gorenean dagoen atzelarien sailkapenean: hamalau puntu ditu.

Gaur txapelketako bigarren jardunaldia amaituko da. Juaneneak eta Barrenetxea IV.ak Urrizaren eta Larrañagaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi bikoteek galdu egin zuten lehen partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.