Ustekabeko denboraldia

Elur faltagatik lehenbizi, eta koronabirusagatik gero, hankamotz geratu da neguko kirolen sasoia. Ohi baino askoz laburragoa izan da, eta apenas jokatu den txapelketarik.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19gaitzak bete-betean harrapatu zuen martxoan neguko kirolen egutegiko azken zatia. Urtarrilean eta otsailean jokatutako lasterketa gehienek txapelketak zituzten helburu martxoan. Baina, lehenik elur faltak eta gero koronabirusak eman zieten amaiera. Hainbat diziplinatako kirolariek ia hilabete eta erdi lehenago amaitu behar izan dute denboraldia. Gehienak txapelketarik jokatu gabe eman diote amaiera denboraldiari. Geldialdiak izango dituen kalte-ordainak ikusteko goizegi den arren, hainbat kirolariren denboraldi laburra aztertzeko balio izan du.

1. Jokatutako lasterketekin gustura amaitu al duzu?
2. Zer izan da da denboraldiko gauzarik onena?
3. Eta okerrena?
4. Pozik zaude egin duzun lanarekin?
5. Zein ziren helburu nagusiak?
6. Zer aldaketa ekarri dizkizu COVID-19ak?
7. Geldialdi honek zertan eragingo dizu etorkizunean?

IMANOL ROJO(1990, Tolosa, Gipuzkoa)
Iraupen eskiatzailea

1. Oso gustura aritu naiz. Uste dut emaitza aldetik pauso handi bat eman dudala. Munduko Kopan bete-betean sartu naiz, eta hiru aldiz lehen 30ren artean sartzeko aukera izan dut.
2. Ikustea borrokan ibil naitekeela munduko onenekin. Lehen lasterketan jada lortu nuen helburua, eta horrekin gelditzen naiz.
3. Denboraldiaren unerik onenean nengoenean gaixotu egin nintzela. Etapatako bi lasterketa egin ditut, eta bigarrengoan gaixotu nintzen.
4. Bai. Sailkapen nagusiko lehen eskiatzaileak oso segundo gutxitan sartzen dira, eta detaile txikietan daude aldeak. Hala ere, lasterketa batzuetan besteetan baino gusturago amaitu dut.
5. Orain arte inoiz egin ez nuena egitea zen, alegia, lehen 30ren artean sartzea. Hiru alditan lortu dut, eta beste bitan oso-oso gertu ibili naiz. Ezin naiz kexatu denboraldiarekin.
6. Egutegiko azken hilabetean ez dugu lehiatzerik izan. Horren ondorioz, datorren urteko denboraldi-aurrea aurreratu egingo da, baina etxean hasi beharko dugu lana.
7. Espero dut kalterik ez izatea etorkizunerako. Hilabete lehenago bukatuta, denboraldia amaitzean egiten dugun atsedena egiteko aprobetxatu dut. Uste dut azkenean mesede ere egin didala. Lehen, maiatzean hasten banuen denboraldia, orain apirilera aurreratuko zait hasiera. Neguko Olinpiar Jokoak oraingoz 2022an jokatuko dira, aurreikusita zegoen bezala; beraz, berdin jarraituko dut.

ENARA ORONOZ (Otsagabia, Nafarroa, 1991)
Neguko triatleta

1. Bai. Neguko bi triatloi bakarrik egiteko aukera izan dut, eta gustura gelditu naiz. Txinakoa ustekabean izan zen, baina Lourdesko (Frantzia) Vautor Manera jada sasoiko joan nintzen.
2. Frantziako triatloia. Ordurako entrenatzen hasita nengoen, eta bi hilabetetan bizikletan eta korrika.
3. Txinara entrenatu gabe joan nintzen. Afrikan nengoela iritsi zitzaidan gonbita, eta eskiak jarri gabe nengoen. Fisikoki ez nengoen ondo, baina psikologikoki ere asko kostatu zitzaidan eguneratzea. Hiru hilabete neramatzan Afrikan.
4. Bai, batez ere Frantzian eginikoan. Neure burua oso indartsu ikusi nuen, bai korrika, baita bizikletan ere. Ibilbideak ere asko lagundu zidan, eta, gainera, irabazteko aukera izan nuen.
5. Iaz Espainiako Txapelketa irabazi eta gero, aurten ere berriro egiteko asmoa neukan. Baina lehenik elurrik ez zegoelako, eta gero COVID-19arengatik, bertan behera utzi zuten. Beste helburuetako bat Alpe d'Huezeko triatloia zen, baina badirudi hori ere bertan behera geldituko dela.
6. Otsagabian bizi naiz, eta entrenatzeko erremintarik gabe nago; ez arrabolarik, ezta korrikako zintarik ere. Bizikletan sasoiko jarri nintzenean, gelditzea tokatu zait. Ahal dudana egiten ari naiz, baina ez da erraza horrela sasoia mantentzea.
7. Uste dut asko nabarituko dugula etorkizunean. Helburu berriak jarri beharko ditut, eta ez da erraza izango lauzpabost hilabete geldirik egon eta gero berriro ere lehiatzen hastea. Prestakuntza fisiko eta psikologiko handia beharko dugula iruditzen zait. Denborak esango du.

SARA AGIRRE (Orio, Gipuzkoa, 1996)
Txakur kroseko korrikalaria

1. Bai. Nire lehen urtea zen serioago hartzea erabaki nuenetik, eta txakurrarentzat erelehen denboraldia zen. Geldialdian izan arte izandako emaitzekin eta jokatutako lasterketekin oso gustura amaitu dugu.
2. Espainiako Kopan parte hartzea. Orain artean, Euskal Herrian bakarrik jokatzen nituen lasterketak, eta aurten kanpora irteteko aukera izan dut. Lehen urtea izateko, emaitza onak lortu ditut.
3. Ez nuke ezer txarrik aipatuko. Denboraldi guztiei gauza onak besterik ez dizkiet ikusten. Lasterketetan egin ditugun hutsuneak normaltzat hartu ditut, kontuan hartuta gure estreinako denboraldia izan dela.
4. Maila onean ibili garela iruditzen zait. Denboraldi honetan, entrenatzaile batekin hastea erabaki nuen, eta pena daukat hain denbora gutxi izatea emaitzak ikusteko. Banekien ez zela denboraldi erraza izango, baina orokorrean gustura amaitu dut.
5. Espainiako Kopa ezagutzea zen helburu nagusia, eta bertan zer maila zegoen ikusi nahi nuen. Haien ondoan gu non geunden ikusteko balio izan dit denboraldiak.
6. Denboraldia lehenago amaitzeak txakurrak entrenatzeari utzi behar izana ekarri dit. Uste dut hurrengo urterako gogo gehiarekin ibiliko garela, gehiago entrenatuko garela, eta txakurrekin une gehiago partekatzeko gogoa izango dudala.
7. Ez dut uste. Iruditzen zait ondo etorriko zaigula motibazio gehiago izateko. Horrekin ez dut esan nahi ez geundenik motibatuta, baina orain arte bagenekien gaur ez baginen entrenatzen bihar entrenatuko ginela. Geldialdiak gauzei balioa emateko balioko digu

ADUR ETXEZARRETA (Areso, Nafarroa, 1996)
Eskiatzailea

1. Bai, oso gustura. Europako Kopako zirkuituan emaitza onak lortu nahi nituen, eta, alde horretatik, bete ditut helburuak.
2. Wengenen (Suitza) Munduko Kopan debuta egin nueneko unea. Oso pista berezia da; giro izugarria izaten da, eta txikitatik amesten nuen bertan lehiatzea. Aurten izan dut aukerarik horretarako, eta horrekin gelditzen naiz.
3. Martxoan izandako lesio bat. Egun batzuetarako etxera etorri behar izan nuen.
4. Bai, aurten beste jauzi bat eman dudan sentipenarekin amaitzea tokatu zait denboraldia. Gutxinaka, maila igotzen ari naizela konturatu naiz.
5. Batez ere Europako Kopan erregularra izatea, lehen 30ren artean sartuta, eta Munduko Kopan debutatzea. Europako Kopan hemezortzigarren amaitu dut, eta helburu hori bete dut. Munduko Kopan, aldiz, hutsegite batzuk egin ditut, baina orokorrean gustura amaitu dut.
6. Oraingoz, geldirik egoteko esan digute. Hurrengo hilabeteetan ikusi egin beharko da zer bilakaera hartzen duen egoerak. Uztailean kanpora joaten gara eskiatzera, baina orain beldur gara ea ez ote den gehiegi luzatuko egoera.
7. Hurrengo denboraldirako kili-kolo dago guztia. Ez dakigu nola hasiko garen prestatzen, baina badirudi arlo fisikoa lehenago hasi beharko dugula. Apirilaren 20an bidaliko digute denboraldi-aurreko egutegia.

IRATI CUADRADO (Burlata, Nafarroa, 2001)
Iraupen eskiatzailea

1. Bai. Aurtengoa nahiko urte ona izan da. Aurtengo nituen helburuak bete ditut.
2. Gelditzea tokatu zitzaigun arte, taldekideekin hainbat lasterketatan bizi izandako uneak.
3. Lasterketaren bat gaizki atera izan zaidaneko hurrengo minutuak. Europako Kopan, Campran (Suitza) jokatu nuenaz ez daukat oso oroitzapen onik.
4. Bai, uste dut maila ona erakutsi dudala geldialdi hau izan den arte.
5. Nire helburu nagusia Europako Kopan parte hartzea zen, eta, horrez gain, Espainiako Txapelketan maila onean aritzea. Bigarren hori ezin izan dut bete, ez baita jokatu.
6. Lehenago amaituta, ez dakit ziur. Pentsatzen dut denboraldi-aurrea aurreratuko digutela, baina zain gaude.
7. Ez dakit. Uste dut hau amaitzean denak ere gogo handiarekin irtengo garela eskiatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.