Kontxako sailkatze estropadak beti uzten die tokitxo bat ezusteei, baina gaurkoak zoramena urratu du. Euskotren ligako hiru ontzi kanpoan geratu dira, eta ETE ligako Astillero eta Kaiku barruan sartu dira. Beste sailkatua Galiziako txapelduna izan da, Chapela. Arraunlarien aurpegiak ikustea besterik ez zegoen, Kontxako Badian egin duten balentriaz jabetzeko.
Galiziako ligako hirugarrenak eman dio hasiera erlojupekoari, Perillok. Denboraldia ongi amaitzera joan da Donostiara, eta estropada aurretik alaiki aritu dira beroketa lanetan portuko arrapalan, musika ozen jarrita. Galiziarren ondoren, gainontzeko traineru apalek eman dituzte lehen palakadak, faboritoek itxaroten jarraitzen zuten bitartean.
Sei minuturen inguruan bete dituzte lehen ontziek lan erdiak, eta, minutuko palakadak ikusita eta ziabogan egindako lana aztertuta, bistakoa zen nabarmen hobetuko zirela denbora horiek. Kareletik segundo asko joan zaizkie kanpoko balizan ontzi galiziarrei.
«Bagenekien lehia oso estua izango zela, eta oso pozik gaude egin dugun lanarekin. Urte osoko lanaren fruituak jaso ditugu»
ANA PONTEChapelako patroia
Tolosaldea izan da hautagai nagusietan hasi den lehen ontzia, eta, Maialen Amondarain patroi lanetan ari zela, ziztu bizian atera da Kontxako hondartzatik irlara bidean. Baita Orio ere, zeinak Tolosako taldearen erreferentziak izanik zertxobait laguntza gehiago izan baitu.
Traineru erdiak uretan zirela, denbora onena Kaikurena zen oraindik ere. Bizkaitarra-k iaz lortu zuen sailkapeneko azken txartela, eta, aurten denboraldi okerragoa eginda ere, beste behin Kontxan lehiatu nahi duela erakutsi du. Tolosaldeak, Euskotren ligako bigarren sailkatuak, bi segundoan besterik ez du hobetu Kaikuren lehen luzea. Oriok, besteak beste, Kaikuk baino motelago egin ditu lan erdiak, bi segundoan.
ETE ligako ontzi onenak Euskotren ligako bigarren txandako ontzien gainean zeuden, eta kiniela guztiak ezbaian jarri dituzte. Izan ere, Zumaia Caboren denborak hobetzen ari zen, eta Hondarribiak ere Zumaia eta Kaikuren atzetik egin ditu lan erdiak. Baina onena oraindik iristeko zegoen, amaieran atera diren ontziek ezustea eman baitute.
Faboritoen multzoan Tolosaldea izan da helmugara iristen lehena, eta Oriok ia hamar segundoren aldean amaitu ditu lanak. Kaikuk ehunenen aldean haien denbora hobetu duela jakinda, argi zegoen oriotarrek sufritu egin beharko zutela sailkatzeko. Zumaia ere tartean sartzeko zorian izan da, baina azkenean 84 ehunenek Orioren atzean jarri dute. Baina Telmo Deunarentzat dena ez zegoen erabakita, Hondarribia atzetik sartu baita, denen ezusterako.
«Gure lanarekin ez gara batere gustura geratu. Nola edo hala erreakzionatzen saiatu gara, eta horrek sartu gaitu barruan»
ITXASO AZKONOBIETAOrioko arraunlaria
Azken hitza ematera atera dira Hibaika, Chapela eta Astillero. Hiru ontziek erreferentzia onak markatu dituzte ziabogan, eta dena irekita zegoen azken metroak egin arte. Errenteriako taldea ez da onenetakoa izan lan erdietan, baina itzulerako luze ikusgarria egin du, eta Orioren eta Kaikuren lana hobetu.
Azken traka
Astillero zen hurrena, ETE ligako txapelduna, eta denek zazpigarren postuko dantza begiratzen zuten bitartean erakustaldia eman du isilpean. Estropadako denbora onenetan hirugarrena markatuta, dagoeneko kanpoan zegoen Hondarribia, eta Euskotren ligara igotzeko kanporaketei begira argi utzi du bere ahalmena. Baina, erakustaldia ixteko, oraindik azken traka zegoen prestatuta.
Zumaiak zuen sailkapena ematen duen azken postua, baina erreferentzien arabera bazetorren haiek baino azkarrago zihoan ontzi bat, Galiziako txapelduna. Chapela gezi bat bezain laster zihoan ur gainean, eta, ikusleak aho bete hortz uzteko, saioko denbora onenetan laugarrena egin du. Zumaiak bazituen esperantzak aurreko urtekoa errepikatzeko, baina kanpoan geratu da. Chapelako arraunlarien poza ezkutatu ezina zen, Ana Ponte patroiarena besteak beste: «Bagenekien lehia oso estua izango zela, eta oso pozik gaude egin dugun lanarekin. Urte osoko lanaren fruituak jaso ditugu».
Ustekabe sortaren barruan, Oriok egin du eguneko eskapada handiena, 84 ehunenen tarte txikian gainditu baitu Zumaiaren denbora. Itxaso Azkonobietak onartu du ez zutela horrelako lehiarik espero: «Gure lanarekin ez gara batere gustura geratu. Nola edo hala erreakzionatzen saiatu gara, eta horrek sartu gaitu barruan».
Esaterik ez dago Euskotren ligako liderrak eta txapelketa guztiak irabazi dituen traineruak sailkapena lortu duela. Arraun Lagunak-ek estropadako denbora onena egin du, eta ez du arriskurik hartu. Zazpi segundoan gainditu du Tolosaldea.