PILOTA

Usteak indartu dituzte

Jakak eta Mariezkurrena II.ak zortzigarrenez irabazi dute: 22-19 nagusitu zaizkie Peña II.ari eta Eskirozi. Artolak eta Imazek, berriz, bosgarren garaipena eskuratu dute, Lasori eta Arangureni irabazita: 22-14.

(ID_13491663) IÑAKI ARTOLA.
Iñaki Artola, pilota jotzen, Unai Laso begira duela, gaur, Labriten. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 13a
20:20
Entzun

Usteak indartu dituzte gaur Binakako Txapelketan jokatu dituzten bi partidek. Argi geratu da Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena nagusi direla, eta ez dutela ikusgarri aritu behar partidak bata bestearen atzetik irabazteko. Argi geratu da, baita ere, Iñaki Artola eta Ander Imaz goraka datozela. Oso bestelakoa da Baikoko beste bi bikoteen egoera: ezinean ari dira bai Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu, baita Unai Laso eta Aitor Aranguren ere. 

Jakak eta Mariezkurrena II.ak zortzigarren garaipena lortu dute, laugarrena jarraian. 22-19 hartu dituzte mendean Peña II.a eta Iosu Eskiroz Markina-Xemeinen (Bizkaia) —Eskirozek Albisu ordezkatu du—. Atzetik aurrera eginda irabazi dute. Eskas aritu dira lehen atsedenaldira arte, eta Peña II.ak eta Eskirozek baliatu egin dute alde polita lortzeko: 12-5. Baina, pixkanaka, gora egin dute lehen sailkatuek, eta behera aurkariek. Konturatu orduko lehia irauli dute (18-16), eta aldeari eutsi diote amaiera arte. Peña II.ak eta Albisuk laugarrenez jarraian galdu dute. Suspertu beharra dute, denbora baitaramate hiru garaipenekin, laugarrena lortu ezinik. Azkeneraino borrokatu beharko dira kanporaketarako sailkatu ahal izateko.

Artolak eta Imazek, berriz, bosgarren partida irabazi dute; hirugarrena jarraian. 22-14 nagusitu zaizkie Lasori eta Arangureni Iruñean, Labriten. Markina-Xemeinen gertatu bezala, partidak bi zati izan ditu. Aurrenekoan, Laso eta Aranguren nagusitu dira: 7-3. Aurrelaria bizi-bizi aritu da, eta atzelaria sendo. Baina, beste hainbatetan gertatu zaien bezala, goitik behera egin dute, eta etsita amaitu. Kontrakoa egin dute Artolak eta Imazek: sufritzen hasi, eta gozatzen bukatu. Horri esker eman diote buelta emaitzari, eta nagusitasunez irabazi. Bost garaipenekin, hirugarrenak dira, eta gora begira daude. Laso eta Aranguren, aldiz, oso larri daude. Haien egoerak, gainera, okerrera egin du, atzo Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak Getarian (Gipuzkoa) Aitor Elordiri eta Beñat Rezustari 22-7 irabazi eta gero. Baikokoak bakar-bakarrik daude azken postuan, bi garaipenekin besterik ez. 

Bihar amaituko da bederatzigarren jardunaldia. Jokin Altunak eta Julen Martijak Peio Etxeberriaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka jokatuko dute Gasteizen. Altuna III.ak eta Martijak bosgarren garaipena lortu nahi dute; bosgarrena jarraian. Peio Etxeberriak eta Zabaletak, berriz, zazpigarrena lortu nahi dute, Jakaren eta Mariezkurrena II.aren arrastoari jarraitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.