David Zurutuza. Realeko jokalaria

«Uste dut denboraldi oso ona osatuko dugula; benetan diot»

Liga hasierari ez dio nahi bezain egoki ekin Realak. Ohikoa duen erregulartasun falta nabari zaio taldeari, baina baikor mintzatu da erdilaria, eta uste du fruituak jasoko dituztela epe ertainera. Oraindik ere baloraziorik ez du egin nahi, baina aurrera begira denboraldi ona osatuko dutela esan du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2016ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Inoizko sasoirik onenean ez bada, onentsuenean dago David Zurutuza (Rochefort, Frantzia, 1986). Orain bizpahiru urteko ahal fisikorik ez badu ere, «jokalari helduagoa eta indartsuagoa» sentitzen baita. Ordea, ezin esan dezake gauza bera Realari buruz. Zintzo aitortu du: «Ez dugu nahi eta uste bezalako liga hasiera ona izan». Halere, baikor dago, eta epe ertainera emaitza onak iritsiko direla sinetsita dago. Gauza bat soilik eskatu du: pazientzia.

Elkarrizketa joan den astekoa balitz, baikortasun mezu ugari joango zen zure hitzetan. Baina Eibarkoaren ondoren, ezkortasuna da nagusi berriro Realaren inguruan. Noiz etorriko da erregulartasun apur bat?

Egia da, astez aste aldartea aldatuz gabiltza. Baina Eibarko partida ezohikoa izan zen: zelai txikia zen, aurkari ezberdina, hamar jokalarirekin geratu ginen... Beraz, ezin daiteke balorazio zehatz bat egin. Uste dut azken boladan ikusi zaigula ideia finko batekin lanean ari garela. Espanyolen kontra guk eraman genuen jokoaren ekimena, Vila-realen zelaian ongi aritu ginen, zer esanik ez Las Palmasen aurka. Bide bati jarraitzen ari gara, eta jokoa ona izaten ari da. Emaitzek laguntzea falta zaigu.

Las Palmasen aurka distira egin ondoren, behin lortuko zaleen loreak, eta berriro lehengo lepotik burua. Ez al da marka?

Konfiantza osoa dugu egiten ari garen lanean, eta epe ertainera jasoko ditugu fruituak. Bolada on bat behar dugu. Gure dohain guztiak martxan jarri, eta, hortik aurrera, nahi gabe dinamika positibo batean sartuko gara. Zelaian harrotasuna irabaztea falta zaigu. Baina eguneroko lanean itsu-itsuan sinesten dugu, eta ea lehenbailehen lortzen dugu hainbeste desiratutako erregulartasuna.

Zer gertatu zen Ipuruan?

Ez dut aitzakiarik jarri nahi, baina hamar jokalarirekin hain azkar geratu izanak goitik behera baldintzatu gintuen. Gainera, astebetean hirugarren partida genuen, eta nekearen eragina ere bistakoa zen. Hori bai, hamarrekin geratzeak ez du esan nahi galdu egin behar genuenik. Gainera, Ipuruan inon baino errazago joka daiteke bat gutxiagorekin, zelai txikiagoa delako.

Zure taldekide batek autokritika eskatu du. Zuk ere bai?

Zerbait gaizki egingo genuen Eibar gu baino gehiago izateko. Dudarik ez dago. Beraz, autokritika egitea beharrezkoa da. Gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala atera, baina saiatu egin ginen. Beti ematen dugu daukagun guztia.

Aritz Elustondoren kaleratzearen erruz, Eusebiok zu utzi zintuen aldagelan atsedenaldian. Zein eta Realean kilometro gehien egiten duen jokalaria. Ulertu al zenuen erabakia?

Hasieran, ez. Beroaldian nekez ulertzen dira halako gauzak. Gainera, uste nuen partida ona jokatzen ari nintzela. Halere, denbora gutxian hartu behar izaten dira erabaki horiek, eta, aldagelan edozein jokalari geratzen zela ere, mingarria izango zen erabakia. Hortaz, gerora ulertu nuen, eta ahaztuta daukat jada.

Las Palmasen aurka hain ondo jokatu ondoren, Eusebiok bi aldaketa egin zituen hamaikakoan. Prieto eta Oiartzabal aulkian geratu ziren. Harritu al zinen?

Eusebiok oso ondo aztertzen ditu aurkariak, eta pentsatuko zuen hori zela onena taldearentzat. Ez da ahaztu behar entrenatzailea dela lehenengo pertsona taldea ondo joatea nahi duena. Gainera, aurreko partidetatik nekea pilatuta geunden.

Las Palmasen aurka ikusi zen jendeak nahi duen Reala...

Guk ere sentitu genuen hori. Ni lehen ordu erdiarekin geratu nintzen. Gero bat gutxiagorekin aritu zen Las Palmas, baina partida hasieran bikain jokatu genuen, erritmo eta sakontasun handiarekin. Jokalari bakoitza bikain aritu zen bere lanean, kontzentratuta, eta sentitu nuen taldea aspaldi ez bezala ari zela funtzionatzen.

Pena Anoetan 10.000 zale inguru besterik ez egotea...

Ordutegiek ez dute batere laguntzen. Anoetara jende asko joaten da Gipuzkoa osotik, eta, hurrengo egunean lana edukita, oso zaila da partidetara joan ahal izatea. Halere, Las Palmasen aurka bezala jokatzen badugu beti, gero eta jende gehiago bilduko da.

Betis hartuko duzue gaur. Jendea konbentzitzeko aukera ezin hobea, beraz.

Irabaztea dugu helburu, eta, ondo jokatuta bada, hobe. Lehen zatian ahal bezain indartsu zelairatuko gara, golaren bila, eta ea gauzak ondo jartzen zaizkigun. Zazpi puntu dauzkagu, eta komeni zaigu hiru puntuak eskuratzea. Bestela, liga hasiera oso txarra izango da. Halere, orain ez dugu horretan pentsatzen.

Zazpi puntu dituzue, bai. Hasieran uste baino gutxiago?

Beti esaten dut liga ondo hastea oso garrantzitsua dela, gerorako bidea markatzen duelako gehienetan. Puntu gutxi dauzkagu garai honetarako, baina ez dezagun alarma gorria piztu. Jokalarion sentsazioak onak izaten ari dira. Emaitzak falta zaizkigu. Xehetasun txikietan huts egiten ari gara, eta ea aurrerantzean xehetasunak gure aldera erortzen diren.

Helbururik jar al dezakegu?

Ez. Liga maratoi bat da, helburu txikiz beterikoa. Epe motzera begiratu behar da; gainera, futbolean orainak agintzen du. Oraina ondo egiten badugu, geroa ere ona izango da. Emaitza onak lortzeko lana da oinarria. Guk filosofia bat ezarri nahi dugu zelaian. Partida bat irabazi nahi bada lau gauza eginda, ez da askorik behar. Baina ez da gure kasua. Guk jokoaren pisua eraman nahi dugu partidetan, protagonista izan, eta, horretarako, denbora behar da. Oreka topatu behar dugu horretan segitzeko, baina emaitza onak lortuz.

Iaz ere garai honetan ez zegoen ondo Reala, David Moyesekin,baina aurten bestelakoak dira usteak. Ados al zaude?

Guztiz ados. Eguneroko lanean oso gustura ari gara, eta sinesten dugu Eusebiorengan. Nik neuk pentsatzen dut denboraldi oso ona osatuko dugula; benetan diot. Klubaren proiektuan konfiantza daukat. Baina esaten ari naizen guztia zelaian erakutsi behar da, eta hori da zailena.

Zer moduz ikusten duzu Vela?

Sasoiko baldin badago, hura da taldeko onena. Hori guztiok dakigu, eta ohorea da gure artean edukitzea. Gustura ari da lanean, eta neurria emango du.

Oiartzabal izan daiteke haren ordezkoa?

Oiartzabal gaztea da, ez dezagun ahaztu. Hori bai, zelaian heldutasun handia dauka, bikain ikusten baitu jokoa. Normala denez, kilometroak falta zaizkio. Pazientzia eduki behar dugu.

Juanmi eta Willian Joseren fitxaketak gustatu al zaizkizu?

Oso jokalari onak dira. Juanmik esperientzia handia du, eta Willian Josek azaldu du gola badaukala. Haren postua oso zaila da. Azkenaldian, Realak arazoa izan du aurrelariekin, eta ez da harritzekoa. Kanpotik etorri, taldera egokitu, buruan gauza asko izan... Egoerak ez dira errazak izaten. Gainera, gauzak ondo ez badoaz, iluntasuna nagusitzen da berehala. Hori bai, uste dut Willian Josek asko emango digula.

Eta zer moduz dago Agirretxe?

Askotan topo egiten dugu harekin, ariketak egiten aritzen baita Zubietan. Ebakuntza egin diote, badaki zer daukan, eta oso animatuta dago berriro ere itzultzeko.

Eta zu zer moduz zaude?

Oso ondo. Lesiorik ez dut, eta, jokatzen ari naizenez, ezin kexa naiteke. Beti izaten da beldurra min hartuko ote dudan edo ez, baina uste dut urteekin ikasi egin dudala esfortzuak kontrolatzen. Lehen baino jokalari hobea naiz orain. Fisikoki hain ahaltsua ez, baina hobea bai. Bizitzako garai onenetako batean nago.

Ekainean amaituko zaizu kontratua. Zerbait aurreratu al daiteke?

Joan den sasoi amaieran jarri ginen harremanetan kluba eta biok, baina hotz joan zen dena. Orain heldu diogu serio gaiari. Eta ez dut uste arazorik egongo denik. Nik Realean segitu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.