Asteburuan denboraldiko lehen garaikurra lortzeko aukera izango du Bera Bera eskubaloi taldeak. Bihar hasiko da Superkopa Iberikoa, Portugalgo Maia hirian. Madeira taldearen aurka lehiatuko da Donostiako taldea, eta, irabaziz gero, etzi finala jokatuko dute, Elxen edo Benficaren aurka.
Taldeak aldaketa asko izan ditu iragan denboralditik, baina ligako lehen partidatik bi punturekin itzuli zen. Joan den ostiralean izan zen, eta 23-35 hartu zuen mendean Beti Onak taldea, Atarrabian (Nafarroa). Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek (Ermua, Bizkaia, 1967) uste du «jokalari onak» fitxatu dituztela, eta berretsi du Europa daukatela begiz jota.
Garaipen batekin ekin diozue ligari. Nola ikusi zenuen taldea Atarrabiako partidan?
Gauden garaian egoteko, lagunarteko bost partida eta ligako bat jokatuta, ondo ikusi dut taldea. Baneukan ustea ondo arituko ginela, batez ere defentsan, eta taldeak ondo erantzun du. Gainera, 35 gol sartu genituen. Garaipen erraza izan zela dirudi, baina Atarrabiakoa ez da pabiloi erraza. Hasieratik aurrea hartzea lortu genuen, eta nahiko azkar izan genuen partida kontrolpean.
Orain, Superkopa Iberikoaren bigarren aldian arituko zarete; Espainiako eta Portugalgo ligako eta kopako irabazleek hartzen duzue parte bertan. Iazkoa zuek irabazi zenuten. Joan den asteko garaipenarekin, garaikurraren lehian ibiliko zareten bermea duzue?
Ez dakit nahikoa izango den garaikurra irabazteko. Txapelketa berri bat da: bi partidetan ondo jokatu eta biak irabazi behar dira, eta aurkariak ere gogorrak dira. Baina joan den ostiralean erakutsitako jokatzeko moduak konfiantza ematen digu. Oraindik zalantzak uxatu beharrean gara, eta erregularrak izango garela erakutsi behar dugu. Baina, aurreko partidan bezala aritzen bagara, borrokan egongo gara, seguru.
Txapelketa irabaztea zalantza horiek uxatzeko modu bikaina litzake.
Bai, denboraldia hasteko modu ona litzake. Iaz hala izan zen: etxean jokatzen genuen [Donostian egin zuten Superkopa Iberikoaren lehen aldia], eta penaltietan irabazi genuen. Agian, aurten, guretzat goizegi iritsi da lehen txapelketa, oraindik taldea osatzen ari baita, baina irabazteko aukerak baditugu.
«Europan daukagu begirada jarrita, eta azken urteetan ematea lortu ez dugun pauso hori eman nahi dugu»
Finalerdietako partida jokatuko duzue bihar, Madeiraren aurka. Nolako neurketa espero duzu?
Partida konplexua izango da. Hasiera garrantzitsua izango da, ea nola sartzen den taldea norgehiagokan. Burua hotz eduki behar dugu, talde oso lehiakorra izango baitugu aurrean. Ikusi dugu non egin diezaiekegun min eta zein diren haien indarguneak; batez ere, haien lehiakortasuna nabarmenduko nuke. Indartsu ekin beharko diogu neurketari, defentsa lana kontrolatuz eta baloi asko galdu gabe.
Eta beste bi taldeak, Benfica eta Elx, nolakoak dira?
Benficak oso jokalari interesgarriak ditu. Iaz asko sufritu genuen haien aurka lehen finalerdikoa irabazteko. Elxekoen eta haien artekoa oso partida parekatua izango dela uste dut. Elxek asko sufritu zuen ligako lehen partidan, baina, amaieran, markagailua irauli zuen; minutu eta erdian hiru gol sartu zituen. Talde oso gaztea dute, baina kalitate handikoa.
Aurreko denboraldian hiru txapelketa irabazi zenituzten: Espainiako Liga, Kopa eta Superkopa Iberikoa. Presiorik sumatzen duzue aurtengo denboraldirako?
Beti egongo da faktore hori: guztiek joko gaituzte faboritotzat. Lasai egoten saiatu behar dugu. Jokalari askok ez dakite zer den horrelako egoera batean jokatzea, guztiak zure aurka aritzea, txapeldunari irabazi nahian. Hori hein batean polita da, baina exijentzia eskatzen du. Ikusteko dago jokalari berriak nola moldatzen diren presio horretara. Presioa da, baina presio ona. Gainontzean, denboraldi honetarako Europan daukagu jarrita begirada, eta azken urteetan ematea lortu ez dugun pauso hori eman nahi dugu.
«Jokalari askok ez dakite zer den horrelako egoera batean jokatzea, guztiak zure aurka aritzea, txapeldunari irabazi nahian»
Aldaketa asko eduki dituzue. Jokalari berriak ondo ari dira moldatzen taldera?
Aurreko denboraldi amaierako jokoa dugu gogoan: hari esker irabazi genituen ligako eta kopako garaikurrak. Badakigu prozesu luzea izango dela. Talde desberdina osatuko dugu, nahitaez ezberdina izango baita. Ondo fitxatu dugula uste dut, jokalari onak fitxatu ditugula. Oztopo txiki bat da ez dakitela zer den gurekin jokatzea, beti irabazteko asmoz jokatzea. Baina Bera Bera bezalako talde batera etortzea estimulua da haientzat.
Atean egin duzue aldaketa horietako bat. Zer moduz ikusi dituzu atezain berriak?
Oraingoz, oso ondo. Konfiantza genuen, nahi genituen atezainak fitxatu genituen. Aurrekoek lan bikaina egin zuten, eta zaila zen atezainak ordezkatzea, ez soilik pistan. Maddik [Aaalla] eta Alicek [Fernandes] bazeramatzaten urte batzuk taldean, bikain egin zuten lan, eta bien artean harmonia zegoen, baina atean aldaketak egin beharrean izan gara. Zalantzak genituen, atea oso postu garrantzitsua baita gure jokatzeko moduan, baina nik konfiantza dut. Ondo moldatu dira, eta asko ematen ari zaizkio taldeari. Eta zelaian ere erakusten ari dira eurekin fidatu gaitezkeela.
Jokalari berriekin, jokamoldea aldatu beharrean izango zarete?
Ez, ez dut uste. Jokamoldeak berdina izan behar duela uste dut. Urtero aldatzen da zertxobait, jokalarien arabera. Baina gure jokoaren muinak defentsan jarraituko du; uste dut aurreko sasoian baino hobeto defendatu dezakegula. Gure posiziozko defentsaren sendotasunaz jakitun, beste taldeak gu mugiarazten saiatuko dira. Hori alda daiteke zertxobait; atzera egiteari garrantzi handiagoa eman beharko diogu. Horretan hobetu dezakegula uste dut.
Fitxaketak kanpotik egin dituzue. Taldeko harrobia zer moduz ikusten duzu?
Indartu egin behar da. Ari gara lanean, baina ez da egun batetik bestera ikusten. Bigarren taldea zilarrezko mailan dago, eta pauso garrantzitsua da hori. Orain bertan finkatu behar dute, eta lan egin lehen talderako jokalariak irten daitezen. Ez da erraza izango lehen taldea horren lehiakorra den bitartean. Halere, iaz, jokalari asko entrenatu ziren gurekin, baina aldea dago. Entrenamendu kopurua ez da berdina, eta ezin zaio gauza bera eskatu jokalari profesional bati edo profesionala ez den bati. Gure harrobia askoz hobeto dago, esaterako, duela hiru urte baino.