Azken egunak ditu Natalila Arroyok (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986) Zubietan. Baina ohikoa duen begirunez eta gertutasunez hartu du kazetaria. Talde txuri-urdinean egin dituen lau urteen errepasoa egin du.
Nola zaude larunbateko agurraren ostean?
Emozioak bor-bor nago oraindik. Jakina zen aspalditik larunbatekoa izango zela azken partida. Baina egun hori iristen denean, beti da berezia: partida aurreko azken prentsaurrekoa, mezuak, taldea utziko duten hainbat jokalariren iragarpena.... Egun bereziak izaten ari dira, politak. Zoriontsu eta eskertuta egoteagatik negar egitea beti da polita.
Agurretik zerekin geratzen zara?
Neure buruari zera galdetu diot: ea asmatu dudan eman didaten maitasun hori eskertzen eta itzultzen. Zaleak beti egon dira hor. Irabazi edo galdu, beste gauza batzuei ematen die balioa: jokalarien ahaleginari, entrenatzailearen inplikazioari... Hori da klub honek duen magia. Eskertzekoa da, eta horrekin geratzen naiz.
Zer geratzen da duela lau urte iritsi zen Natalia Arroyo hartatik?
Beste pertsona bat naiz, dudarik gabe. Konfiantzaz iritsi nintzen, motibatuta, eta erronkari heltzeko gai nintzela sinetsita. Baina frogarik gabe. Kataluniako selekzioan zein hainbat klubetan egindako lanarekin, eta kazetari moduan egiten nituen analisiekin sumatzen zen zein zen nik gustuko nuen jokatzeko era, baina erakutsi egin behar nuen, zelaira eraman. Alde horretatik, asko zor diet Robertori [Olabe] eta Garbiñeri [Etxeberria], itsu-itsuan egin baitzuten apustu niregatik. Urte hauetan, gauza askori heldu behar izan diet lehen aldiz. Ikasgai bat izan dira, bai pertsona moduan bai entrenatzaile moduan. Nire lanbidearekiko dudan ilusioak eta motibazioak hor dirau, nahiz eta etapa hau amaitu egin den. Lau urte zoragarri izan dira.
Imajinatzen zenuen Donostian hainbeste urte egitea?
Inolaz ere ez. Nire lehen kontratua urtebetekoa izan zen, beste bat luzatzeko aukerarekin. Bidea egiten joan gara, egunez egun. Egia da, hala ere, prozesu edo proiektu luzeetan sinesten duen pertsona naizela. Fidagarria eta egonkorra naiz alde horretatik. Baina sekula ez ditut gauzak epe luzera begiratzen. Maratoilariaren filosofia gustatzen zait. 42 kilometro direla pentsatzen baduzu, ziurrenik ez duzu korrituko. Kilometroz kilometro joatea gustatzen zait. Goi mailako kirolean are garrantzitsuagoa iruditzen zait hori.
Espainiako Kopako final bat eta Superkopako bi jokatu dituzu. Gainera, taldea Txapeldunen Ligarako sailkatu zenuen. Bigarren izan zineten urte hori izan da politena?
Bai. Dena irabaztearen gurpilean sartzen zara, eta indartsu sentitzen zara, edozer egiteko gai. Gainera, ez duzu zalantza egiten. Zoragarria izan zen, eta bikain biribildu genuen, Anoetan, Alavesen aurka jokatu genuen partida harekin. Magikoa izan zen.
Zer faltatu izan zen denboraldi zoragarri hari segida emateko?
Jakin izan bagenu, argi dago egingo genuela. Multzoari dagokionez, gure jokatzeko erarako oso garrantzitsuak ziren bi jokalari galdu genituen: Nuria [Rabano] eta Emma [Ramirez]. Baina ikusten genituen hutsuneak betetzen saiatu ginen. Kasu batzuetan, ez zen guk espero bezala atera. Gainera, denboraldiaurrea oso arraroa izan zen, jokalari gehienak selekzioekin aritu baitziren lehiatzen uda hartan. Liga hasi baino bi egun lehenago elkartu ginen denak. Horrek ez zuen lagundu. Umiltasun apur bat ere falta izan zitzaigun, agian, une batzuetan. Ez genuen ulertu, agian, bigarren izatera eraman gintuena lana, umiltasuna... izan zirela.
«Txapeldunen Ligarako sailkatu osteko urtean min handia egin ziguten alderaketek. Frustrazio bat eragin zuen, eta emozionalki gogorra izan zen. Asko sufritu genuen»
Eta zein izan da gogorrena?
Aurrekoa, hirugarrena. Izan ere, Txapeldunen Ligarako sailkatu eta gero, min asko egin zigun alderaketak egitea. Guztietan irteten ginen galtzaile, eta horrek ez zigun utzi gauza onei erreparatzen. Horrek frustrazio bat eragin zuen, bai entrenatzaile multzoan, baita jokalarietan ere. Hori kudeatzea ez da erraza. Emozionalki gogorra izan zen, asko sufritu genuen.
Lau urteren ondoren, zer ondare utzi nahi duzu?
Nahiz eta oraindik gauza batzuk falta, uste dut profesionalizazioaren bidean oinarri sendoak jarri ditugula: lan saio bikoitzak, entrenatzaile multzo zabal eta balio anitzeko bat... Klubak apustu sendo bat egin du horretan, eta eraikin berriarekin biribilduko du. Gainera, Z7ra datozen zaleen masa soziala handitu eta egonkortu egin da.
Zer gauza falta dira?
Ziurrenik, eraikin berriak independentzia emango dio taldeari azpiegitura aldetik. Horri esker, kalitatezko beste jauzi bat emango du profesionalizazioaren bidean. Azpiegitura aldetik egunetik egunera hobeto egon gara, baina partekatu beharrarekin. Testuinguru on bat da hori, baina ez egokiena talde profesional batentzat. Ez bakarrik lehen taldearentzat, baita harrobiko beste hiruentzat ere. Ziurrenik, jokalarietan ere esperientzia eta maltzurkeria apur bat falta da. Multzoa gaztea da, eta bere bidea egin behar du. Sinetsi egin behar dute dituzten ahalmenetan, eta horretan saiatu gara gu.
Jokatzeko erari dagokionez, nola nahi duzu gogoratzea Natalia Arroyoren Reala?
Talde ausart eta alai baten gisa, zuzen jokatu duena eta zaleek goza dezaten nahi izan duena. Beti joan gara partidaren bila, eta aurkariaren baloi irteeratik presio oldarkorra egin dugu. Azken horretan asmatu dugunean, gauzak hobeto joan zaizkigu. Bigarren geratu ginen urtea, berriz, defentsan ondoen aritu ginen urtea izan zen. Besteetan gehiago kostatu zaigu hor fin egitea.
Txapeldunorde izan zineten urteko multzoa izan da eduki duzun onena?
Multzo bakoitzak izan ditu bere berezitasunak. Lehen urteko multzoa oso ona zen, eta eskarmentu handia zuen, gainera. Baita denboraldi honetakoa eta aurrekoa ere. Are gehiago, txapeldunorde izan ginen urtean ekarri genituen fitxatu genituenetako asko, maila galdu zuten taldeetatik zetozen: Iris [Arnaiz], Manu [Vanegas], Gaby [Garcia], Nuria [Rabano]... Aldea izan zen, urte hartan lortu baikenuen jokalari guztiak beren maila onenetik gertu egotea. Hori lortzea oso zaila da.
Zer egin duzu lau urte hauetan gehiago: gozatu edo sufritu?
Gogoan dut Txapeldunen Ligarako sailkatu ginen urte hartan esaten zidatela: «Gozatu, ez dagoelako jakiterik hau noiz amaituko den». Eta saiatzen zara, baina gero egunerokoan murgilduta zaude, eta beti dituzu buruhausteak. Baina lau urte zoragarri izan dira, eta asko gozatu dut. Entrenatzaile multzoan, gainera, giro aparta izan dugu: irri egin dugu, dantza, elkarri asko lagundu diogu...
Zer falta izan da zuk aulkian jarraitzeko?
Jendea kudeatzen ari zarenean, lau urte asko dira. Zaila da une oro hasierako energia eta magia horri eustea.
Zer itxura hartzen diozu taldeari datorren sasoiari begira?
Ona. Talde ona izango da, anbiziotsua, erasora jokatuko duena eta zaleak gozaraziko dituena. Uste dut, gainera, asmatu dugula nire aroa hemen amaitzen. Ziur nago etorriko den entrenatzaile berriak energia eta freskotasuna emango diola taldeari.
Eta zer helburu izan behar du Realak?
Ez dagokit niri hori zehaztea. Baina sentipena dut, nahiz eta denboraldi honetan helburu horretatik urrun egon garen, lehen bost sailkatuen artean finkatu behar duela. Gizarte eta futbol alorrean duen ahalmena kontuan hartuta, urtero hor egoteak izan behar du erronka.
Beheko taldeak ikusita, egin daiteke benetako apustu bat harrobiaren alde lehen taldean?
Azken aldiko hasierako hamaikakoak aztertuta, ikusiko duzu jokalarien erdiak baino gehiago gipuzkoarrak zirela. Apustu hori sinetsita egin dugu, eta utziko dudan ondarearen barruan hori ere jarriko nuke. Klubak apustu sendoa egiten du horren alde, eta nire sustraiak ere hortik datoz. Iritsi nintzenean harrobian talde bakarra zegoen. Orain hiru daude, eta teknifikazioa ere martxan dago. Lau taldeetako entrenatzaileen arteko koordinazioa, gainera, erabatekoa da. Astero bildu izan gara, Garbiñerekin batera. Hori sendotzen doan neurrian, harrobia izango da lehen taldearen zutarri nagusia. Klubaren apustua argia da: %60 etxekoak, eta beste %40 kanpokoak lehen taldean; eta beste taldeetan, %80 etxekoak eta %20 kanpokoak. Egitura, metodologia, entrenatzaile sarea... oso ona da, eta etorkizunean Realak harrobiko jokalari asko izango ditu lehen taldean.
Jose Luis Sanchez Vera da zu ordezkatzeko gehien aipatzen den entrenatzailea. Hala bada, zer gomendio emango zenioke?
Jarraitu izan banu neure buruari emango niokeena: disfrutatzeko, Reala klub zoragarria dela, jende aparta izango duela inguruan eta bitarteko asko ondo lan egiteko. Eta, batez ere, zaindu ditzala jokalariak, eta hobeak egin ditzala. Ea lortzen duen nik azken denboraldi honetan askatu ez dudan korapilo hori askatzen.
Eta, zuk, datorren denboraldiari begira zer asmo duzu?
Oraindik ez dakit. Reala uzteak ez du esan nahi beste talde batera joango naizenik. Harro nago, egin dugun lanari balioa eman, eta eskaintzak izan ditugulako. Garbi dut Espainiako Ligan ez dudala entrenatuko, eta, oraingoz, beste eskaintza batzuek ere ez naute erakarri. Gainera, geratzea, perspektiba bat hartzea, indarrak hartzea eta beste batzuengandik ikastea ere ona da. Urteak daramatzat ez dudala hori egin. Eskaintzaren batek gogobetetzen banau, onartuko dut. Baina, bestela, familiaz gozatzea eta formatzen jarraitzea ere aukera ona da. Ikusiko dugu.
«Oraindik ez dakit zer egingo dudan datorren denboraldian. Eskaintzaren batek gogobetetzen banau onartuko dut. Baina, bestela, familiaz gozatzea eta formatzen jarraitzea aukera ona da»
Egunen batean Realera Itzultzea gustatuko litzaizuke?
Gustatuko litzaidake merezi izatea itzultzea. Hau nire etxea da, eta zoriontsu izan naiz. Ikusiko dugu aukera hori egongo litzatekeen. Natalia Realaren erritmoa hazi den. Ez dakit, gainera, bigarren aldiak onak izaten diren. Hau zoragarria izan da, eta, hemen geratzen bada, halaxe gogoratuko dut. Gainera, modu askotara itzul zaitezke. Ziurra da zale moduan itzuliko naizela. Gainera, eskertzekoa da klubak atea irekia utzi izana.
Pertsona moduan, zeren hutsunea nabarituko duzu?
Joango naizen lekuaren arabera egongo da; baina, ziurrenik, gauza asko. Adibidez, hemengo paisaia berdeak, euria egitea eta ez haserretzea. Broma bat dirudi horrek, baina Bartzelonan haserretu egiten nintzen euria egiten zuenean, kaosa izaten baitzen. Hemen, miresgarria da, euria egin arren zibilizazio antolatu bat ikustea. Kalean dagoen bizia eta giroa ere nabarmenduko nuke. Txuleta on baten hutsunea ere nabarituko dut. Hori bai, ondo eginda.