Martin Ganuzak (Iruñea, 2000) ezin hobeto betetzen du etxeko jokalariaren profila: 10 urterekin hasi zen Anaitasunan jokatzen, eta pausoz pauso joan da, lehen taldean sendotu arte. Seigarren denboraldia du, zailetan zailena orain arte. Baina «indartsu» dago egoera iraultzeko.
Zer sentitzen duzu sailkapena ikustean? Azkenak zarete.
Ez diot askorik erreparatzen. Denok dakigu non gauden. Baina beste bospasei talde dabiltza mailari eusteko lehian. Dena oso parekatuta dago, eta bost jardunaldi falta dira jokatzeko. Biharkoari begira gaude, Huescaren aurkako partidari.
Zergatik zarete azkenak?
Zaila da arrazoi bakarra esatea. Baina, batetik, aurkariak lana zailtzen dizu beti. Eta, bestetik, erregulartasunari eustea falta izan zaigu. Ondo aritu gara bolada batzuetan, baina ezin izan diogu bolada on horiei eutsi. Hortxe egon da gakoa.
Hasieratik aritu zarete ezinean. Horrek ere ez du lagundu, ezta?
Ez. Partidak jokatu eta punturik ez lortzeak buruari erasaten dio, eta beharra sentitzen hasten zara. Hala ere, taldea ondo aritu da, ez gara gehiegi goibeldu, eta gogor jarraitu dugu lanean. Bide horri eutsi behar diogu azkeneraino.
Defentsan, onenetan zazpigarrenak zarete. Erasoan, ordea, azken-aurrenak. Zama izan da hori?
Bai. Geldikako erasoa izan da gure ahulezia nagusietako bat; kosta egiten zaigu golak sartzea. Defentsan eta batez ere kontraerasoan ondo aritu gara, baina gol gutxi sartzen ditugu, eta horrek behartu egiten gaitu defentsan oso fin aritzera; ez badugu hala egiten, oso zaila da irabaztea.
Bitxia da, Quique Dominguezen jokamoldea bizia baita; gol asko sartzea da helburua.
Hala da, baina aurkariek neurria hartua digute, eta gure kontraerasoa eragozten saiatzen dira; hori eginez, geldikako erasoa egitera behartzen gaituzte. Ahalaeginak egin behar ditugu gure jokamoldea gailendu dadin.
Presioaren eraginez, beldurrez jaurtitzen duzue?
Villa de Arandaren aurka [22-32 galdu zuten], beldurrez eta azkar irabazteko antsitetatearekin aritu ginen, eta horrek kalte egin zigun. Gero eta jardunaldi gutxiago falta dira, eta estutasunak azalduz doaz. Azken partidetan sumatu egin da hori.
«Erregulartasunari eustea falta izan zaigu. Ondo aritu gara bolada batzuetan, baina ezin izan diogu eutsi bolada horiei»
Tentsioak kalte egin dizue?
Apur bat, bai. Nik jokatzen hasi aurretik nabari dut gehien tentsioa; gero ez. Oso argi dugu arreta osoa gure esku dagoen kontuetan jarri behar dugula: ondo entrenatu behar dugu, aurkaria ondo aztertu behar dugu, eta, partida hasten denean, gure plana aurrera eraman.
Behin besterik ez duzue irabazi bi partida jarraian, baina galdu egin dituzue hurrengo bostak. Kolpea izan da?
Bai. Etxean irabazi genituen bi partida horiek, Benidormi eta Cuencari. Ez gara bi neurketa horiek irabazi zituen taldea baino okerragoa; bolada txar bat da, besterik ez. Ondo jokatutako partida horiekin gogoratu behar dugu autoestimua indartzeko eta sinetsarazteko onak garela eta joko erakargarria egiten dugula.
Autoestimua aipatu duzu. Nola zaudete?
Lasai gaude, ez dut urduritasun handirik sumatzen, eta giro ona dugu: konfiantza handia dugu elkarrekin, eta argi hitz egiten diogu elkarri, beti hobetzeko helburuarekin. Ahalik eta ondoen egin nahi dugu.
Nola dago Quique Dominguez? Zer esaten dizue?
Egoera okertzen ari den arren, oso lasai dagoela eta konfiantza osoa duela guregan. Horixe da orain helarazi behar den mezua. Ez dago sekreturik, ezta sakatu beharreko tekla magikorik ere; gogor jarraitu behar dugu lanean.
Taldekide gehienek diozue «denboraldi zaila» espero zenutela. Zergatik diozue hori?
Jokalari garrantzitsu askok utzi zuten taldea, eta aurkariak asko indartu ziren. Aurreikus zitekeen behean egongo ginela. Ohartuta gaude horretaz, eta horrek lagundu egin digu oso urduri ez egoten.
Kirol albiste garrantzitsuak egon dira: besteak beste, taldea utziko dute bai entrenatzaileak, bai kapitainak, Aitor Garciak. Horrek eragina izan du zuen jardunean?
Ez. Aldaketa horiek hurrengo sasoiko kontuak dira. Guk konfiantza osoa dugu pertsona horiengan, eta ziur gaude barruan duten guztia emango dutela.
Kirolaz kanpoko albisteak ere egon dira. Klubak, adibidez, zortzi milioi euro baino gehiagoko zorra du. Horrek ere ez du eraginik izan?
Gaiari buruz hitz egin dugu, noski. Ikusteko dago horrek zein ondorio izango dituen. Baina eskubaloian jokatzea gure esku dago, eta horretan ari gara bete-betean.
Uste duzue mailari eutsiko diozuela?
Bai. Jakitun gaude egoera ez dela nahiko genukeena, eta punturik lortzen ez badugu estuago ibiliko garela. Baina ondo ari gara, eta konfiantza dugu geure buruan. Denok uste dugu puntuak lor ditzakegula falta diren partida guztietan. Bartzelona kenduta, edonork irabaz diezaioke edonori; are gehiago, azkenaldian Bartzelona ere galtzen ari da.
Azken-aurrena hartuko duzue bihar: Huesca (12:30). Oso neurketa garrantzitsua da.
Bai, batez ere, irabazten badugu, aurkari zuzen bati irabaziko baitiogu, eta bolada txarra etengo baitugu. Sinetsita gaude irabazi egingo dugula. Horretarako, defentsan sendo aritu behar dugu, kontraerasoan asmatu, gure jokamoldeari atxiki eta lasai egon. Horiek izango dira gakoak.
«Aurreikus zitekeen behean egongo ginela. Ohartuta gaude, eta horrek lagundu egin digu oso urduri ez egoten»
Baita zaleen babesa ere.
Bai, noski. Paradoxikoa da, baina azkenaldian partida gutxiago irabazten ari garen arren, gero eta jende gehiago dabil pabiloian: mila ikusle inguru. Izugarri eskertzen dugu; mesede galanta egiten digu. Hori dela eta, guztiei dei egiten diet pabiloira joateko.
Taldea ataka zailean egon arren, beste urtebeterako berritu duzu. Pozik zaude?
Oso. Lasaitasuna ematen dit, eta sasoi honetan kontzentratu naiteke bete-betean. Oso gustura nago Anaitasunan, nire etxea da.
10 urte zituenetik ari zara Anaitasunan, eta zure aitak ere jokatu zuen taldean. Etxekoei gehiago eragiten dizue egoerak?
Bai, oso gurea sentitzen dugulako. Gainera, etxeko asko ari gara taldean. Villa de Arandaren aurkako partida amaieran askok negar egin genuen. Gogorra da, baina ekin eta ekin jarraitzea da geratzen zaigun bakarra. Prest gaude, eta horretan ari gara.