Lucia Garcia. Athleticeko jokalaria

«Uste baino lehia zailagoa da Taconen aurkakoa»

Athleticek Espainiako Kopako final-laurdenetako neurketa du gaur, San Mamesen, Taconen kontra (19:00, Teledeporte). Lucia Garciak Taconen maila nabarmendu du.

ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Denboraldia ez zuen nahi bezala hasi Lucia Garciak (Barakaldo, Bizkaia, 1998), baina pixkanaka ari da aurreko sasoiko jokoa berreskuratzen. Bederatzi gol daramatza. Ilusioz helduko dio denboraldiko azken txanpari.

Espainiako Kopako lehia duzue gaur, Taconen kontra.Baina zer aldarte utzi dizue asteburuan ligan Betisen aurka lortutako berdinketak?

Ontzat ematen dugu emaitza. Gauzak zail jarri zitzaizkigun, baina gai izan ginen egoerari buelta eman eta berdinketa lortzeko. Taldeak nortasuna erakutsi zuen, eta halako lehietan hori funtsezkoa da. Ondo eta ilusioz gaude gaurko partidari begira, bai Kopa txapelketa berezia delako, baita San Mamesen jokatzen dugulako ere. Espero dugu aurreko sasoian bezala zale asko etortzea partida ikustera, eta haiekin gozatu eta gozaraztea.

Aurreko urtean final-zortzirenetan galdu zenuten Atletico Madrilen kontra. Oraingo honetan zozketa, behintzat, iazkoa baino onberagoa izan da, ezta?

Itxura batean hala dirudi. Gainera, Atletico Madril eta Levante bezalako talde indartsuak kanporatuta daude dagoeneko. Hori kontuan hartuta, uste dut aurten urrutira irits gaitezkeela, eta gauza politak egin. Ilusio handia dugu. Baina pausoz pauso joan behar dugu, eta lehenbizi Tacon kanporatu behar dugu.

Ligan ez duzue Taconen aurkajokatu, greba egin zenuten jardunaldian baitzegoen iragarrita partida hori. Baina 11 puntu gehiago dituzue haiek baino,eta udan Carranza Torneoan 1-0 irabazi zenioten. Zuek al zarete kanporaketa gainditzeko faboritoak?

Datuak horiek dira, baina gu ez gara fio. Begira zer pasatu zitzaion final-zortzirenetan Atletico Ma drili Betisen kontra. Faborito argia zen Atletico Madril, eta Betis jaitsiera postuetan dago. Bainaandaluziarrek ezustea eman zuten. Txapelketa eredu honek hori du erakargarri. Beraz, jendeak uste baino norgehiagoka zailagoa eta gogorragoa izango da, eta, gure onena ematen ez badugu, eta intentsitatean haien pare aritzen ez bagara, ez dugu aurrera egingo. Ni, hala ere, baikor naiz, taldea sasoiko unerik onenean ikusten baitut, bai fisikoki, baita psikologikoki ere. Bolada onean gaude, eta konfiantzaz. Hori baliatu nahi dugu.

Nolako taldea da Tacon teknikoki eta taktikoki?

Ahalmen handiko taldea da, eta zelai erditik aurrera jokalari erabakigarriak dituena: batez ere Asllani eta Jakobson. Atzelariak ere oso bizkorrak dira. Ez da erraza izango irabaztea.

Zu ere aurrelaria zara. Nola definituko zenuke Jakobsonen jokoa?

Oso jokalari bizkorra da; gol sena handia dauka, eta buruz buruko jokaldietan oso abila da. Gainera, taldekideei ere goleko pase onak ematen dizkie.

Final-zortzirenetan, luzapenean gainditu zenuten Granadilla. Kanaria Uharteetako taldea ondo itxi zen atzean, eta zuei utzi zizuen jokoaren ekimena. Oraingoan ere antzeko zerbait egin dezake Taconek?

Ez dut uste, haiek ere ondo moldatzen baitira baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena dutenean. Oraingo honetan esparru horretan lehia handiagoa espero dut. Baina guretzat funtsezkoa da baloiaren jabetzea izatea, eta horretan ahalegindu behar dugu. Alde horretatik, pazientzia izan behar dugu, eta burua, hotz. 120 minutuko kanporaketa bat izan daiteke, eta, gorabeherak izan arren, ezin dugu burua jaitsi.

Ez zinen ondo hasi, baina pixkanaka ari zara aurreko denboraldiko sasoia berreskuratzen. Nola zaude?

Hala da. Denboraldia ez nuen ondo hasi; beharbada Munduko Txapelketan pilatutako nekeak eragin zidan. Baina pixkanaka egoera iraultzea lortu dut. Lan asko egin dut horretarako, eta une bakar batean ere ez dut neure buruarengan dudan konfiantza galdu, garbi bainuen taldeak behar ninduela, eta, ondo edo gaizki, hor egon behar nuela.

Munduko Kopan nabarmendu eta gero, aurkariek gertuagotik zaintzen zaituztela uste duzu? Hori izan daiteke denboraldi hasieran ate aurrean kamuts aritzeko arrazoietako bat?

Aurrelarien konfiantzarako funtsezkoa da golak egitea, eta pixkanaka hobetu dut horretan ere. Horrek lagundu dit egoera iraultzen, besteak beste. Beharbada aurkariek gehiago hartzen naute kontuan, baina hori niretzat erronka eta motibazio bat da. Ez nau kezkatzen. Uste dut denboraldi hasieratik hobetu egin dudala, batez ere hegaletik jokatzeko orduan. Lehen, asko kostatzen zitzaidan. Gainera, ari naiz barneratzen entrenatzaileak agindutako mugimendu berriak.

Aurrealdean Ane Azkonarekin jokatzea egokitzen ari zaizu dezentetan. Zer moduz moldatzen zara harekin?

Oso gustura ari naiz jokatzen harekin, antzekotasun handiak baititugu. Oso ondo konpontzen gara, eta elkar ulertzen dugu; horrek ziurtasun handia ematen digu jokatzeko orduan. Baina gustura nago ez harekin bakarrik, baita gainerako aurrealdeko jokalariekin ere: Yulemarekin, Erikarekin, Nekanerekin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.