Binakako trinket txapelketa

Uste baino estuago

Larraldek eta Bilbaok hirugarrenez jantzi dute binakako txapela, Ospitali eta Ducassouri 40-37 irabazi eta gero. Amaieran erabaki da lehia

Bixintxo Bilbao eta Peio Larralde txapelarekin. GUIILAUME FAUVEAU.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Faborito ziren, baina uste baino gehiago sufritu behar izan zuten atzo Peio Larraldek eta Bixintxo Bilbaok Binakako Trinket Txapelketa irabazteko. Hirugarrenez jantzi zuten txapela, baina estu jarri zizkieten gauzak Mathieu Ospitalek eta Battitta Ducassouk. Lehia 40-37 amaitu zen, eta azken txanpan erabaki zen.

Txapelketak izan ez duen emozioa eduki zuen finalak. Hor zerikusia izan zuen Bilbaoren lesioak. Bizkarrean min zuela jokatu zuen neurketa, eta nabaritu egin zuen. Gainera, galtzaileek hobeto hasi zuten partida.

Erritmo bizia eta gogorra jarri zioten lehiari Ospitalek eta Ducassouk, Bilbaori min egiteko, eta ez zitzaielako partida luzea komeni. Bilbaok airez min handia egiten du, baina atzo ezin zuen halakorik egin, lesioarengatik.

Bazirudien ezusteko emateko aukera handia izan zezaketela Ospitalek eta Ducassouk. Baina partida erdialdetik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren. Txapeldunek sufritzen jakin zuten. Ez zeuden amore emateko prest.

Hala, Bilbaoren ezintasuna ikusirik, Larraldek bikotearen zama hartu zuen, eta hark irauli zuen partida, neurri handi batean. 31-30 jarri ziren aurretik, eta eusten jakin zuten. Hor agerian geratu zen elkarren artean duten ezagutza, eta halako finaletan duten eskarmentua. Erabakigarria izan zen hori.

Hala, nahiz eta Ospital eta Ducassou 137 tantora ailegatu, Larraldek eta Bilbaok txapelari eutsi ahal izan zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.