Usoentzat mesede

Iker Arretxe lau t'erdiko txapelketan ezustekoa ematen ari da; hazita dago, konfiantzaz, eta badaki «unea baliatu» behar duela bere kirol ibilbideari bultzada emateko. Finalerdietan sartzeko helburua du orain.

Iker Arretxe, takoak kentzeko erabiltzen dituen artaziekin, atzo, Tolosako Beotibar pilotalekuan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ehiztari porrokatua da, baina aurten oraindik ez da joan Luzaiden duten postura. «Lau t'erdikoan bukatu arte ez naiz behin ere joango. Orain txapelketa da lehentasuna». Iker Arretxek (Luzaide, Nafarroa, 1985) pilotaren mesedetan dauka alboratuta afizioa, usoentzat hobe. Haren aitari buruz zioten ehiza garaian okerrago jokatzen zuela, sorbalda oso minberatuta edukitzen zuelako, eta semeak nahiago du zaindu izaten ari den une gozoa luzatzeko.

Tolosako Beotibar pilotalekuko kontrakantxan mintzo da Arretxe, Olaizola II.aren aurkako partidarako pilotak aukeratu eta gero. Aita pasatu da albotik, eta iradokizun bat bota dio kazetariari. «Arretxe ondo jokatzen ari dela eta binakakoan tokia duela jarri behar duzue». Azken galdera beharko lukeena aurreneko bilakatu da oharkabean, eta semeak aitak jarritako puntuari erantzun dio. «Iaz aukeratu ninduten, azaroan eta abenduan maila onean jokatu ondoren. Agian lau t'erdikoaren ateak ireki diezazkidake, zergatik ez, onenen aurka ari naiz».

Bere ibilbideko egun garrantzitsuenetakoak bizitzen ari da, eta garai egokian bukatuko baitzaio kontratua, ekainean. «Oso une gozoa da, ibilbideko gozoenetarikoa. Sasoiko sentitzen naiz, eta hobera noala; adin onean nago». Adina aipatu du, normala da. Garai batean gaztetasunari egozten zitzaion falta zitzaion puntua, baina 27 urterekin ezin da aitzakiarik bilatu nortasun agirian. 'Arretxe, ez aurrera ez atzera', azken urteetan entzun duen esaldia da, baina bera ez dator bat horrekin. «Ezin zara geldirik geratu, eta ez dut uste hala izan denik. Egunero lan egiten dut hobetzeko»

Arretxe hazita dago. Lau t'erdiko txapelketako azken lau partidak irabazi ditu, tartean Xala eta Titinen aurkakoak, eta konfiantza dario. «Handien artean lehiatzeko maila dudala uste dut, noski! Inor ez da garaiezina, eta aurre egin behar zaie». Aita du bidaide, aholkulari eta mentore, eta hark laguntzen dio sinesten. «Gauzak ondo egiten ari naizela esaten dit, pilota ondo ukitzen… eta handiekin batera nagoela, eta aurre egin behar diedala».

Aitaren teoria iritzia da, eta semearena? Zerk eraman du ligaxkaraino? «Erasoan ikusten dut ondo neure burua, defentsan baino gehiago. Pilotari ziztua ematen diot, eta oldarkor jokatzen dut. Gauzak ongi irteten ari zaizkit ere bai, eta konfiantza. A, eta batez ere eskuak». 79 kilo ditu Arretxek. Taxuz prestatu du txapelketa eta ezusteko hitza saihestu du. «Aizu, ni behetik nator, lau partida dira, fisikoki ondo nago… Hemen partidaz partida joan beharra dago».

Partida handien aurretiko urduritasuna sumatzen du. Mantra bat dauka bueltaka buruan: «Aukera baliatu». Bere ibilbideari bultzada emateko testuinguru egokia izan daiteke, eta muturra estelarretan sartu. «Urtea oso bizkor pasatzen da, eta nire aukerak txapelketak dira. Unea baliatzen jakin behar da, eta hor ematen duzun mailarekin enpresak zugan konfiantza jar dezala».

Astelehenean Aimar Olaizola izango du aurkari. Apustuak 100-30ri irtengo dira haren alde, «horri ez diot garrantzirik ematen; gainera, logikoa da», esan du. Xala eta Titinen aurkakoak baino ezusteko handiagoa litzateke, eta bide batez finalerdietarako giltza. Ezinezkoa dela pentsatuko duenik egongo da, baina horien artean ez dago Arretxe. «Olaizolak erakustaldia eman zuen joan den larunbatean; hura ez da nekatzen, segi eta segi... Baina, tira, nik erasokor jokatu beharko dut, onena emanez. Ezin naiz kikildu, eta gutxiago orain, irabazleak finalerdiak eskura izango baititu». Dirudienez, ez litzaioke askorik inportako ehiza denboraldi osoan ez irten ahal izatea.

Pilota aukeraketari dagokionez, Olaizola II.a eta Arretxe II.a gustura gelditu ziren. Luzaidekoak biziagoak aukeratu zituen, baina ez zen iskanbilarik egon. Olaizolak Arretxeren sasoi ona goraipatu zuen. «Entrenamenduetan lau t'erdian oso ondo aritzen dela bagenekien. Defentsa handiko pilotaria da, eta ez da erraza hari tantoa egitea». Iazko txapeldunak entrenamendu saio nahiko gogorra egin zuen gero Rico IV.aren aurka, pilotalekura gerturatu zirenen gozagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.