Herrialde txikia da Uruguai: hiru milioi eta erdi biztanle inguru ditu (Euskal Herriaren antzera), baina birritan irabazi du Munduko Kopa: 1930ean eta 1950ean. Gainera, bi aldiz izan daolinpiar txapeldun: 1924an eta 1928an. Ondo baino hobeto daki zer den futbola Uruguain Santiago Ostolaza El Vascofutbol jokalari ohi eta entrenatzaileak (Dolores, Uruguai, 1962). Ostolazak loria dastatu zuen Montevideoko Nacional taldearekin 1980ko hamarkadan, eta 1990eko Munduko Kopa jokatu zuen. «Ilusioz» dago selekzioarekin, multzo «gogorra eta parekatua» egokitu zaien arren. «Kalitate handiko talde on eta orekatu bat dugu».
26 jokalariko zerrendan eskarmentu handiko jokalariak sartu ditu Diego Alonso hautatzaileak: Diego Godin, Fernando Muslera, Edison Cavani eta Luis Suarez, adibidez. Baina baita izar gazteak ere: Darwin Nuñez, Fede Valverde, Ronald Araujo eta Rodrigo Betancur. «Nahasketa ona» egin duelakoan da Ostolaza: «Suarez eta enparauak ez daude askorako. Zerbait eman dezaketen azken txapelketa handia izango da hau. Baina badakite nola lehiatu horrelakoetan. Behetik datozen gazteentzat, esperientziadun taldekideak izatea aberasgarria izango da egoera zailetan».
Alonsorentzat ere estreinako nazioarteko txapelketa izango da Uruguairekin. Orain dela urtebete pasatxo utzi zuen Oscar Tabarezek urdin argien taldea, 15 urte loriatsuren ondoren. Ostolaza Tabarezen lehen Munduko Kopan egon zen, 1990ean, Italian. Haren ustez, egun selekzioa den guztia «maisuari» esker da: «Zalantzarik gabe, Tabarez herrialde honek izan duen hautatzaile onenetakoa da. Hark jarri zituen Uruguairen egungo oinarriak».
Alonsok ez du aparteko ibilbiderik izan futbol munduan entrenatzaile gisa, eta askori harrigarria iruditu zitzaien Tabarez ordezkatzeko izendatu izana, baina Ostolazak «entrenatzaile eta komunikatzaile bikaina» dela dio: «4-4-2 sistema erabiltzen du, baloiarekin protagonista izatea gustatzen zaio, eta nire ustez garrantzitsuena: jokalariarengana erraz iristen da. Bere ideiak jokalariei helarazten oso ona da».
Atzeko aldean sendo eta erasoan golegile petoak izateagatik nabarmendu dira azken hamarkadetan. Aurten, baina, uruguaitar askoren ustez, «aspaldiko defentsa lerrorik eskasenarekin» ekingo diote Munduko Kopari. Hori bai, egoera asko aldatuko da Ronald Araujo jokatzeko moduan baldin badago. Bartzelonako jokalaria Dohan da selekzioarekin, baina irailean abduktorean egindako ebakuntza batetik osatzeke dago. Oraindik ez du sendagiria jaso. «Ondo badago, partida guztiak jokatuko ditu, hori ziur. Halere, gauza bat da sendagiria izatea, eta beste bat lehiatzeko pronto egotea».
Txoritxotik belatzera
Zelai erdian oin oneko jokalari asko ditu Uruguaik: Giorgio de Arrascaeta, Betancur, Matias Vecino, Lucas Torreira... baina, guztien gainetik, izen bat gailentzen da: Fede Valverde. Real Madrileko erdilaria bikain ari da jokatzen, eta txapelketa honetan selekzioaren «iparrorratza» izango da. Ostolazak Valverde zuzentzeko aukera izan zuen Uruguaiko 17 urtez azpiko selekzioan, 2014an: «Gazte-gaztetatik ikusten zen maila handiko jokalaria izango zela. Baloiarekin ondo moldatzen da, eta fisikoki oso indartsua da. Izan duen bilakaera izugarria da. Diego Alonsorekin ezker hegalean aritzen da, baina nire ustez, erdialdean gehiago zukutu daitezke bere dohainak».
Erasoan, hiru jokalari nabarmendu behar dira: Luis Suarez, Edison Cavani eta Darwin Nuñez. Hirurak golegile petoak dira. Suarezek eta Cavanik «onenak emanda» dauzkatela uste badu ere, beti agertzen dira: «Fisikoki, ez daude ondo; ezin dituzte 30 metroko esprintak egin. Horretarako, Darwin Nuñez dago. Baina area barruan... hor oso eraginkorrak dira. Hegalekoek area barruan baloiak ipintzen badituzte, min handia egingo dute. Haien azken Munduko Kopa izango da, eta gogotsu egongo dira».
Qatarko Munduko Kopa. H multzoa
Uruguai. Izan direnen eta izan nahi dutenen orekan
Uruguaiko bi jokalari belaunaldik bat egingo dute Qatarren. 20 urteren ostean, Tabarez ez da selekzioaren aulkian egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu