Neguko Olinpiar Jokoak

Urtu da lehia

Norvegiako kirolariak nabarmendu dira Pyeongchangeko Neguko Olinpiar Jokoetan. Inork baino domina gehiago irabazi dituzte ekitaldi batean: 39. Marit Bjoergenek, bost domina bildu, eta jada hamabosteko uzta du. Inork ez du hark baino domina gehiago Neguko Jokoetan.

Marit Bjoergen norvegiarra, 30 kilometrokoa irabazi berritan. Bost domina irabazi ditu Pyeongchangen, eta hamabost ditu jada palmaresean. JEON HEON-KYUN / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Itzali da olinpiar zuzia Pyeongchangen (Hego Korea), eta amaitu da bi aste pasatxoko lehia bizia. Balorazioa egiteko unea da, eta badira nabarmendu beharreko zenbait kontu.

NORVEGIA NAGUSITU DA



Norvegiak irabazi du dominen sailkapena, azken aldiz hori egin eta hamasei urtera. Marka guztiak apurtu ditu, inoiz baino domina gehien irabazi baititu (39): urrezko eta zilarrezko hamalauna eta brontzezko 11. Alemania (31) eta Kanada (29) sailkatu dira haren atzetik. Pyeongchangen eginikoari esker, norvegiarrek sendotu egin dute lehen postua Neguko Jokoetan domina gehien irabazi dituzten herrialdeen sailkapenean: 368 lortu dituzte. AEBak (313) eta Alemania (238) dira bigarren eta hirugarren.

Norvegiak ekitaldi honetan lortutako 39 dominetatik hamalau iraupen eskian irabazi ditu. Marit Bjoerjen handia nabarmendu da berriz. Beste bost domina —urrezko bi, zilarrezko bat eta brontzezko bi—gehitu dizkio bere garaipen zerrenda ikusgarriari. Inork ez ditu hark baino domina gehiago lortu Pyeongchangen, ezta Neguko Olinpiar Jokoen historian ere. Hamabost ditu: urrezko zortzi, zilarrezko lau eta brontzezko hiru.Ole Einar Bjoerndalen haren herrikideak zuen aurreko marka, hamahiru dominarekin.

Johannes Hoesflot Klaebok ere uzta ederra bildu du Norvegiarentzat, urrezko hiru domina irabazi baititu iraupen eskian. Hura eta Martin Fourcade Herrialde Katalanetako biatleta dira Hego Korean urre gehien irabazi dituztenak. Beste hemezortzi kirolarik, berriz, bi eskuratu dituzte. Ester Ledecka txekiarra nabarmentzen da horien artean, eski alpinoan (supererraldoian) eta snowboardean (eslalom erraldoi paraleloan) nagusitu baita. Inork ez zuen halakorik egin.

GAZTE BIKAINAK



Kirolari gazteen ekitaldia izan da Pyeongchangekoa. Alina Zagitova patinatzaile artistiko errusiarra da horren erakuslerik nabarmenena, 15 urterekin bi domina irabazi baititu, urrezkoa banakakoan eta zilarrezkoa taldekakoan. Halere, ez da Neguko Olinpiar Jokoetan urrea bereganatu duen kirolaririk gazteena, hilabeteko aldearekin. Julia Lipnitskaia haren herrikideak dauka ohore hori.

Gerard Redmond eta Kim Chloe estatubatuarrek ere zeresana eman dute gazteen artean, 17 urterekin izan baitira olinpiar txapeldun. Snowboardean lortu dute biek urrezko domina: Redmondek slopestyle proban, eta Chloek halfpipean.

EUSKAL HERRITARRAK, APAL



Euskal herritarrei dagokienez, apal aritu dira. Lucas Egibar zen dominaren bat irabazteko aukera zuen bakarra, eta donostiarra patal aritu zen snowboardercrossean. Final-zortzirenetan geratu zen lehiaketatik kanpo, eta27. postuarekin konformatu behar izan zuen azkenean. Lan oso eskasa da hori, kontuan hartuta domina bat irabaztea buruan zuela.

Felipe Montoyak ere ez du helburua bete bere estreinakoan. Finalerako sailkatu nahi zuen patinatzaile artistiko donostiarrak, baina oso urrun geratu zen asmo horretatik. 24 sailkatzen ziren finalerako, eta Montoya 29. izan zen. Patinatzaile bakarra izan zuen atzetik.

Apal aritu da Juan del Campo ere. Eskiatzaile mungiarrak esana zuen, 23 urte izanda, hurrengo Jokoak zirela aproposagoak berarentzat. Esperientzia moduan aprobetxatu nahi zuen ekitaldi hau. Bada, askorako ez dio balio izango, bi probatan lehiatu eta ez baitu bakarra ere amaitu.

Azkenik, Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrak Sotxikoaren antzeko jarduna egin du, 50 kilometrokoan lortu baitu emaitzarik onena: 35. postua. Beste hiru probatan oso atzean ibili da.

KIROLAZ KANPOKO GAIAK, BIGARREN LERROAN



Lehiaketaz kanpoko gaiek bereganatu zuten arreta ia osoa Olinpiar Jokoak hasi aurretik: dopinagatik Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Errusiari ezarritako zigorrak, eta bi Koreak desfilean elkarrekin joan eta izotz hockeyko talde bateratua osatzeak batez ere. Bada, kirolaz kanpoko gaiak bigarren lerroan egon dira lehiak iraun duen egunetan.

Nolanahi ere, dopinak berriro zipriztindu du lehia. Lau kirolarik eman dute positibo Pyeongchangen: Alexander Krushelnitski (curlinga) eta Nadezha Sergeieva (bobsleigha) errusiarrek, Kei Saito pista txikiko abiadura patinatzaile japoniarrak eta Ziga Zeglic izotz hockeyko jokalari esloveniarrak. Krushelnitskik brontzea irabazi zuen binakako mistoan, eta domina itzuli behar izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.