Caja Rural txirrindularitza taldeko zuzendaria

Aritz Bagues: «Urtez urte, onenen artean egon beharko dugu, eta presio hori ez da lagungarria»

Caja Ruralek hamaseigarren sasoia hasi du tropel profesionalean, eta puntuak biltzen jarria du arreta, Aritz Baguesek azaldu duenez. «UCIren sailkapena, oraintxe, ia dena da guretzat». Zuzendari errenteriarra harrobitik talde nagusira igaro da.

Aritz Bagues. PHOTO GOMEZ SPORT
Aritz Bagues. PHOTO GOMEZ SPORT
enaut agirrebengoa
2025eko otsailaren 6a
05:10
Entzun

Sasoi honetan gauza asko izango dute jokoan txirrindularitza taldeek. Batzuek World Tour lizentzia eskuratu nahiko dute. Beste batzuk, berriz, gogotik saiatuko dira UCIren sailkapeneko 30 onenen artean sartzen. Izan ere, datorren urtetik aurrera, baldintza hori bete beharko dute itzuli handietan parte hartu nahi dutenek. Talde apalei gauzak asko zailduko zaizkiela uste du Aritz Baguesek (Errenteria, Gipuzkoa, 1989). Hala ere, Caja Ruralek galbahea igaroko duen esperantza dauka. Txirrindulari ohiak bere alea jarriko du zuzendari taldean, harrobitik igo eta gero. 

Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta dagoeneko lasterketa bat irabazi duzue, Iuri Leitaori esker, Mallorcako Challengean. Zer moduz hasiera?

Lehen lasterketa egunak ez ziren guztiz onak izan, eta urduritzen hasiak ginen. Baina Iuriren garaipenarekin, dena konpondu da. Denboraldia garaipen batekin hastea denontzat da ona: bai txirrindularientzat, konfiantza hartzeko, eta bai zuzendariontzat, lasaitasun handiagoz lan egin ahal izateko. 

Iaz hemezortzi garaipen lortu zenituzten guztira. Berriz ere kopuru horretara hurbiltzeko moduan ikusten duzu taldea?

Badakigu zaila dela. Iazkoa izugarrizko denboraldia izan zen. Baina helburua hori da: berriz ere lehiakorrak izatea, eta garaipen kopuru ona lortzea. Eta iazkoa hobetu ahal bada, ba hobeto. Ez diogu ezeri uko egin nahi.

Hemendik aurrera, garaipen kopurua baino garrantzitsuagoa izango da puntu kopurua. Inoiz baino gehiago, arreta UCIren sailkapenean izango duzue jarria.

Argi dago. UCIren sailkapena, oraintxe, ia dena da guretzat. Aurten Espainiako Vueltara itzuli nahi dugu; oraindik ez dakigu gonbidatuko gaituzten. Baina datorren urtean joan nahi badugu, derrigorrez lehen 30en artean egon behar dugu. Talde guztiak gu bezala egongo dira. Batzuek ez diote arreta handirik jarriko sailkapenari, badakitelako goi-goian egongo direla. Baina beste batzuek egunero puntuei erreparatu behar diegu. Iaz 24. postuan bukatu genuen urtea, eta ea aurten ere hor inguruan gabiltzan. Konfiantzaz gaude.

Hondamendia litzateke galbahea ez igarotzea eta, hartara, itzuli handien gonbidapena jasotzeko aukerarik gabe gelditzea?

Aukera horretan ez dugu pentsatu ere egiten, uste baitugu urte normal bat eginda lehen 30etan egon beharko genukela. Baina aukera beti dago hor. Eta gure neurriko talde batentzat izugarrizko galera izango litzateke. Ez da gonbidapena jasotzea edo ez jasotzea; zuzenean, ezingo ginateke joan. Vuelta urteko lasterketarik garrantzitsuena da guretzat, eta bertan kosta ahala kosta egon behar dugu.

Hemendik aurrera, urtero egon beharko duzue 30 talderik onenen artean. Zer iritzi duzu baldintza berri horren inguruan?

Gauzak geroz eta zailagoak dira. Baldintza berriekin, urtez urte onenen artean egon beharko dugu, eta presio hori ez da lagungarria. Aintzat hartu behar da hemezortzi World Tour talde daudela, eta Pro Team mailako beste bospasei, maila nagusikoen antzeko aurrekontua dutenak. Guretzat oso zaila da haiei aurre egitea. UCIk eta antolatzaileek, ordea, bestelako interesak dituzte: lasterketa onenetan talde handienak egotea nahi dute. Hor dago koska.

«Eskalatzaile gisa puntuak lortzea oso zaila da, itzulietako etapetan askoz puntu gutxiago izaten baita jokoan. Sistema ez da egokia»

Puntuen %30 baino gehiago Orluis Aular eta Jefferson Cepedarekin lortu zenuten iaz. Biak Movistarrera joan ostean, zulo handia gelditu zaizue?

Haien falta nabarituko dugu, hori garbi dago, funtsezkoak izan baitira. Hala ere, uste dugu fitxaketekin asmatu egin dugula [hamar txirrindulari iritsi dira]. Denbora apur bat eman behar zaie gure ohituretara egokitzeko. Asko Kontinental mailatik etorri dira, baina uste dut prest daudela koska bat gorago jarduteko. Batez ere klasikoetan ondo moldatzen den jendea ekarri dugu, puntu gehienak bertan jokatuko baitira. Igotzaileren bat ere iritsi da, baina gaur egun, eskalatzaile gisa puntuak lortzea oso zaila da, itzulietako etapetan askoz puntu gutxiago izaten baita jokoan. Nire ustez, puntuak banatzeko sistema ez da egokia.

Txirrindulari gehienek 25 urte edo gutxiago dituzte. Gazteen alde apustu egiten jarraitzen duzue, alegia.

Gazteak garatuz egin izan dugu beti aurrera. Jada maila handia duten txirrindulariak fitxatzea oso zaila da guretzat. Ezin gara borroka horretan sartu, dugun aurrekontuarekin. Orain, oso itxaropentsu gaude Thomas Silvarekin, iaz maila harrigarria eman eta gero. Ez genuen espero harrobitik igo berritan horren ongi ariko zenik. Konfiantza handia dugu beragan. Eta Iurik ere asko emango digu aurten. Pistan gauza handiak lortu ostean [urrezko domina Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan], aurten arreta errepidean jarriko du batez ere.

Herrialde askotako txirrindulariak dituzue. Horrek zaildu egiten du zuzendarien lana?

Hasieran garbi dago lana zaildu egiten duela, batez ere gazteleraz edo euskaraz hitz egiten ez duten ziklisten kasuan. Horiekin konektatzea zailagoa izan ohi da hasiera batean, baina tira, familia baten gisako taldea gara, eta giro ona izan ohi dugu beti. Hizkuntza eta jatorri desberdineko txirrindulariak izan arren, talde integratua sortzen saiatzen gara zuzendariok. Emaitzak batasun horri esker lortzen ditugu. Talde handietan, apur bat ezberdina izaten da; bakoitzak bere interesak ditu. 

Aurten Espainiako Vueltara itzuliko zarete, antolatzaileek txandakatze sistemari eusten badiote. Baikor zaudete?

Bai. Iaz oso urte oparoa izan genuen, eta, antolatzaileak urtez urte txandakatzeak egiten ari direnez, aurten gonbidatu egin beharko gintuzkete. Zalantzak izaten dituzu baieztapen ofiziala izan arte, eta hobe da buruari gehiegi ez eragin. Bestela, erotu egin zaitezke. Tudorrek presio egin du itzuli handiek hiru gonbidapen eman ditzaten, Tourrean egon ahal izateko. Erabakia airean dago. Vueltan egoteko zenbat eta aukera gehiago izan, orduan eta hobeto guretzat.

Harrobitik talde nagusira igo zaituzte, erabakigarria izango den urtean zuzendari gisa laguntzeko.

Ardura handia da, denboraldi kritikoa izango baita. Hala ere, nire lana ez da hainbeste aldatuko. Orain arte amateurrekin aritu naiz, eta hemendik aurrera, profesionalekin egingo dut lan. Eguneroko lana ez da hainbeste aldatzen. Gainera, ohituta nago presiopean jardutera, eta taldeko pertsona guztiak ezagutzen ditut. Eroso sentitzen naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.