Erakustaldia emanda irabazi zuen Urdaibaik atzo, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Lehen txandan aritu zen Zierbena, eta harekin 14 segundoren aldea daukate bermeotarrek, eta hamabostena etxeko traineruarekin. Mahai gainean lehen kolpea eman ostean, pozik dago Iñaki Goikoetxea Tabero (Lekeitio, Bizkaia, 1987), baina ez da inorekin fidatzen: «Belarriak tente izan behar ditugu».
24 ordu pasatu dira, jada. Estropadaren balorazioa ona izango da, ezta?
Balorazioa oso ona da. Atzo itsasoa bare zegoen, eta inork ez zuen espero halako aldeak ikustea traineruen artean. Baina ezer ez dago erabakita, eta datorren astean ez bagara atzo irten ginen bezala irteten, ezustekoak etor daitezke. Ez dugu halakoei tarterik uzteko asmorik.
Bigarren iganderako edonork nahiko lukeen abantaila daukazue.
Edonork nahiko luke, bai. Atzetik dagoenak guk baino okerrago ikusiko du, ziur! Baina ni ikaratia naiz, eta ez dut ezer ziurtzat ematen. 2017an gertatutakoa gogoan daukat, oraindik. Lehen jardunaldian errekorra egin genuen, eta bigarrenean bandera galdu genuen. Horrek erakutsi zigun ezin garela fidatu.
Iazkoarekin alderatuta, ez du zer ikusirik. Iaz, bost ontzi zeundeten bost segundoan. Aurten, hamalaura dago bigarrena.
Eta iaz, bosgarrena hain hurbil egonda, haize aldaketa batek dena hankaz gora jar zezakeen. Aldea badaukagu, baina ondoan ditugun ontziak oso onak dira, eta ezin gara inorekin fidatu. Belarriak tente izan behar ditugu, eta gure lana egitera irten.
Donostian estropada asko egin dituzue aurten. Eta denak irabazi dituzue.
Eta hala jarraitu dezala! Ekainetik hasi eta irailera arte estropada oso onak egin ditugu Donostian. Guretzako oso eremu berezia da, egia esateko. Eta denak berdin jarraitzeko egingo dugu lan.
Aurten itsasoan ikusi da Urdaibairik onena. Eta atzo ere hala izan zen, ezta?
Bai, uste dut urteko estropadarik osoena egin genuela atzo, indar betean eta arraunean luze. Aurten itsaso zakarrean ikusi da Urdaibai onena, alde handiak egon direnean. Zarautzen izan ezik. Eta atzo, baldintza oso desberdinetan, oso Urdaibai ona ikusi genuen. Astebete daukagu hori fintzeko, uste dugulako oraindik badagoela zer hobetua.
Alain Colunga taldekideak BERRIAn egindako elkarrizketa batean adierazi zuen desiratzen zaudetela itsasora ateratzeko. Nagusi sentitzen zaretela bertan.
Hala da, bai. Arraunlari gehienek urte asko daramatzagu halako helburuengatik lehian. Esperientzia handia daukagu, eta goiko postuetan urteak egin ditugu. Badakigu zer egin behar dugun, eta lana ederki ikasita daukagu. Itsaso zakarrean disfrutatu egiten dugu, hor erakusten baita esperientzia.
Hala ere, baten batek pentsa dezake faboritoak zinetela eta, gainera, kalerik onena zeneukatela.
Kalea arraunlariek egiten dute hobea edo okerragoa. Eragina izan dezake, noski, baina Zierbena gure kale beretik aritu zen. Eta Donostiarra alboan izan genuen. Guk gure esku zegoena egin genuen, egokitu zitzaigun tokian.
Zierbenak estropada bikaina egin zuen lehen txandan. Eman zizueten haien denboraren berri?
Bai, esan egin ziguten, baina ez genuen gure artean berbarik egiteko tarterik izan. Helburua bigarren igandera bizirik irtetea izaten da beti, eta horretara joan ginen. Ikerrek [Zabala, prestatzailea] aste osoan zehar errepikatu zigun irabazi nahi zuenak 19:20 inguru egin beharko zuela, eta Zierbenak horixe bera egin zuen.
Patroiak eman zizuen erreferentziarik estropadan zehar?
Bai, Gorkak minutuero esaten digu zerbait. Besteekiko zelan goazen edo. Baina estropada oso bizia izan zen, eta nik neuk ez nekien Zierbenarekin alderaketa egiten. Donostiarra eta Orio gero eta urrutiago ikusi genituen, eta hori oso seinale ona zela pentsatu nuen.
Halakoetan, nahiago izaten da aurkari zuzenak alboan izatea?
Nik uste dut beti nahiago izaten dela aurkariak alboan izatea. Naturan gabiltza, eta eragin handia izan dezake. Inoiz ez dakizu haizeak gora edo behera egin dezakeen, eta, badaezpada ere, hobe izaten da denak alboan izatea. Esango nuke Zierbenak ere nahiagoko lukeela gure ondoan aritu izan balitz.
Brankaz lan ona egin zenuten, baina poparean indar erakustaldia egin zenuten. Irlatik aurrera segundo guztiak zuen alde erori ziren.
Bai, hala da. Poparean indarra erakutsi beharra zegoen, korronteagatik batez ere. Eta gure ontzian indarrez oso ondo gaudela erakutsi dugu uda guztian zehar. Baina indarra ez da dena. Estropada ikustean nik oso talde sendoa ikusten dut, arraunean luze doana. Horri ematen diot garrantzia nik.
Faboritoak zineten, baina Donostiarraren eta Getariaren artean hiru bandera irabazi dituzte azken asteetan. Zalantzarik izan duzue tarte horretan?
Ez. bakoitzak badaki nolako prestakuntza daraman. Zer egiten duen eta zer ez duen egiten. Gainerako taldeak ere entrenatu egiten dira, eta hori kontuan hartu behar da. Askotan, ahaztu egiten zaigu. Haiek gu bezain onak dira, eta haiengatik ere poztu egiten zara, lagunak dituzulako bertan.