Urteko aurreneko erronka

Osasunak Real Madril indartsua hartuko du gaur etxean, jokaturiko azken lau partidetan hamasei gol sartu dituen taldea

Iruñea
2010eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
2009. urteko azken partidetan emaitza kaskarrak bildu ostean, Osasunak indarberrituta hasi nahi du urte berria. Hasteko erronka zaila izango dute gorritxoek, dena dela: Real Madril ahaltsua. Harmailak ez dira beteko, baina giro ederra izango da Nafarroako Erresuman eta zaleen babesik ez dute faltako gorritxoek. Cristiano Ronaldo, Higuain, Raul, Benzema, Xabi Alonso eta beste izarrak<-> -Kaka deialditik at da- estu hartu nahi ditu Jose Antonio Camachoren taldeak.

Erronka zaila dela argi dago. Azken bi hilabeteetan partida bakarra galdu du Real Madrilek. Abenduan jokatu lau partidak irabazi egin zituen: 4-2 Almeriaren aurka, 1-3 Marsellako Olympiquen aurka Txapeldunen Ligan, 2-3 Valentzian eta 6-0 Zaragozaren aurka. Azaroko azken partidan Nou Campen 1-0 galdu bazuten ere, Manuel Pellegriniren jokalariek ez dute beste lehiarik galdu azken hamar partidetan, eta Espainiako Kopan Alcorconen aurka jaso jipoiak hautsak harrotu bazituen ere -urriaren 27an 4-0 galdu zuen Real Madrilek 2.B Mailako Alcorcon taldearen zelaian- une honetan sasoiko unerik gozoenean da Real Madril.

«Nire jokalariak Bartzelonaren aurka, Sevillaren aurka edo Valentziaren aurka zelairatu ziren bezala zelairatzea nahiko nuke. Orduan bezala aurkaria lehen hogei minutuetan bere zelai zatian sartuta izatea gustatuko litzaidake. Baloia berreskuratu ahal izateko Real Madrilek sufritu beharra izatea garrantzitsua izango da. Gure zelai zatian, gure areatik gertu jokatzen badugu, larri ibiliko gara», adierazi zuen atzo Jose Antonio Camachok Taxoareko prentsa aretoan. Sevilla, Valentzia eta Bartzelonaren aurka gorritxoek hasiera ona izan zuten arren, partida haietako bakar bat irabazterik ez zuen izan Osasunak, dena dela. Sevilla 0-2 nagusitu zen, Valentzia 1-3 eta Bartzelonaren aurka 1-1 amaitu zen lehia. Hasiera-hasieratik presioa goian egitea, Real Madrilen joko-sorkuntza itotzea eta aurkaria bere zelai zatian sartzea garrantzitsua izango litzateke gaur ere, beraz, baina hori bakarrik ez da nahikoa Real Madrili partida irabazteko. Lehen ordu erdian nagusi izan arren, Osasunak ez zuen golik egin, ez Sevillaren aurka, ez Bartzelonaren aurka eta ezta Valentziaren aurka ere. Eta partidak irabazteko golak egitea ezinbestekoa da. Are eta gehiago aurrean edozein unetan gol aukera sor dezakeen taldea izanez gero.

Azken lau partidetan hamasei gol egin ditu Real Madrilek, eta Osasunak bi gol besterik ez ditu lortu bere azken lau norgehiagoketan. Hor dago aldea. Pandiani golegilea falta zuen Osasunak azken partida horietan. Gaur, zorionez, hasieratik jokatzeko moduan izango da uruguaitarra. Hargatik, gola egiteko erantzukizuna ez da Pandianirena soilik: «Gola falta zaio taldeari, eta garrantzitsua izango litzateke taldekide gehiagok egitea ekarpena arlo horretan. Lau partidaren ostean berriro itzuliko naiz taldera eta ea hasierako bolada onari jarraipena emateko modurik izaten dudan. Garrantzitsuena golek taldeari puntuak ematea izango da, dena dela», esan du aurrelari uruguaitarrak berak aste honetan.

Hamaikakoa erabaki gabe

Camachok hasieratik jarriko duen hamaikakoa erakutsi ez badu ere -gaur goizean Taxoaren bilduko dira jokalari guztiak, eta entrenamendu arin baten ostean ezagutaraziko du deialdia Osasunako entrenatzaileak-, Walter Pandianik hasieratik jokatuko duela argi dago. Haren bikotea zein izango den ez dago batere argi, dena dela. Aste honetan egin proba gehienetan Masud aritu da bere ondoan. Baina Carlos Arandak atzo jaso zuen sendagiria, eta Aranda-Pandiani bikoteaizan da orain arteko aurrelari bikote eraginkorrena. Atzoko lan saioan ikusitakoaren arabera,Aranda hasieratik jarriz gero Masudek Juanfranen tokia ere hartu lezake eskuin hegalean, baina aukera hori ia baztertu egin zuen gero Camachok prentsa aretoan. Gola behar du taldeak eta ondo hausnartu beharko du bere erabakia Camachok.

Hasierako hamaikakoaren inguruko zalantza bakarrak ez daude aurrealdean. Atzelari lerroa osorik alda dezake Camachok Real Madrili aurre egiteko. Josetxo zigortuta da, Sergio min hartuta dago, eta Oier ere bai. Hirurak hasieratik aritu ziren San Mamesen, Azpilikuetarekin batera. Eta, hain zuzen ere, eskuin hegalekoa ere kili-kolo ibili da aste honetan. Atzo jaso zuten medikuen senda-agiria Azpilikuetak eta Monrealek, baina Etxaide eta Calleja ere prest daude. Real Madrili dagokionez, Kaka brasildarra deialditik at utzi zuen atzo Manuel Pellegrinik, lesio bat gainditu berri duenez arriskurik hartzerik ez baitute nahi Real Madrileko arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.