Oihana Cereijo. San Juaneko arraunlaria

«Urteetako lanaren emaitza da aurtengoa»

San Juanen tostetan zen Cereijo 2010ean, hasierako urte hartan. Oraindik han dabil, eta aurten ari da garaipenak pilatzen. Euskotren liga irabazi berri du, eta orain Kontxako bandera nahi du, aurrenekoz.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2014ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Oihana Cereijok (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1990) 2010era begiratu nahi du aurtengo garaipenak gogoan: «Ander Otero eta Maite Zunzunegi izan ziren entrenatzaileak lehen urte hartan», gogoratu du. Badaki hasiera hura gabe ez zela lortuko aurtengoa.

Zenbat urte behar diren, ezta, garaipenak pilatzeko...

Bost urte behar izan ditugu, bai.

Bilakaera logiko bat izan da zuen bost urte hauetako bidea?

Baietz uste dut. Hasiera hartan, oso gutxik genekien arraunean, eta orain, urteen joanean, denok dakigu, eta, gainera, fisikoki ere zerbait falta zitzaigun lehen, urteek ematen duten hori, eta aurten lortu dugu. Baina, esan bezala, prozesu bat da hau guztia, urteetako lanaren emaitza.

Zer aldatu duzue iaztik hona halako jauzia emateko?

Iazkoa pasatzea ezinbestekoa izan zen aurtengoa lortzeko. Bilakaera osoa izan dugu, kirolari gisa arlo fisikoan, eta arraunlari gisa ere asko hobetu gara... Eta lan pila bat egin dugu neguan; oso gogorra izan da. Taldeko lana egin dugu. Iaz ere lan ona egin genuen, baina bazeuden hutsune batzuk, berezkoak, eta urtebete gehiagoko esperientziarekin bete ditugu hutsune horiek.

Denboraldi honen hasieran ez omen zenuten konfiantza askorik zuen buruarengan; orain, berriz, bai. Zenbateko garrantzia dauka arlo psikologikoak?

Ezinbestekoa da gogoa eta konfiantza edukitzea. Badakigu gurea eginez gero lehian egongo garela. Denboraldiaren hasieran, lotu samar ibili ginen, besteei begira, beldurrez eta.

2010ean hasi zen San Juan, eta zu hasieratik zaude Batelerak ontziaren tostetan. Zer pentsatzen duzu atzera begiratuta?

Garai oso gogorrak izan ziren hasierako haiek. Estropada txarrak eginda, hondoa jota geratzen ginen, baina konturatzen naiz zer den San Juan bezalako herri batean traineru bat ateratzea. Gauza handia da hori. Oroitzapen onak ere badauzkat, nahiz eta kirolean justu samar ibili.

Dabilena baino hobeto ibiltzeko tartea duzue?

Saiatuko gara hobetzen Kontxara begira, eta aurkariek ere gauza bera egingo dute.

Kontxa aipatu duzu. Faborito handienak zarete. Horrek zer ematen dizu: ardura, kezka, poza...?

Faboritoak garela esatea oso erraza da kanpotik, eta gero jakin egin behar da presio hori eramaten. Bestalde, harrotasuna ematen du gu faboritoak garela entzuteak.

Sentipen horiek guztiak kudeatzea oso garrantzitsua izango da orain?

Hankak lurrean edukitzen segitu behar dugu. Ez du ezertarako balio orain arte irabazitako guztiak; estropada guztiak parean hasten ditugu ontzi guztiok, eta aukerak denok dauzkagu.

Momentu politena zein duzu aurten?

Igandekoa ederra izan zen: Euskotren liga irabazi genuen, Zarauzko Bandera ere bai... Eta herrian harrera polita egin ziguten, txaranga eta guzti. Herriari eskerrak eman nahi dizkiot, beti hor daudelako, irabazten dugunean eta galtzen dugunean.

Zer eman dizue Juan Mari Etxabek?

Ondo eramaten ari dira taldea hura eta Grijalba prestatzailea. Oso zorrotza da Etxabe entrenamenduetan, baina, emaitza onak lortzeko, ezinbestekoa da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.