Urteekin, hobera

Elena Loyo maratoilari zuiarrak lehen aldiz hartuko du parte gaur Europako Txapelketan, 35 urterekin. Beste bi euskal herritar ere ariko dira korrika Berlingo kaleetan: Trihas Gebre eta Iraitz Arrospide.

Elena Loyo, BM Bilbo taldeko maratoilari zuiarra. BM BILBO.
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Ez dira asko kirol profesionalean 35 urtetik gora eduki eta lehiatzen jarraitzen dutenak. Kirolari ugarik ordurako utzia izaten dute, eta gelditzen direnek erretiroaren ideia izan ohi dute buruan bueltaka. Ez da horiElena Loyoren (Zuia, Araba, 1983) egoera: 35 urte bete ditu aurten, eta bere kirol ibilbideko boladarik onenean dago. Horren erakusgarri da Europako Txapelketako maratoian izango dela gaur, Berlinen. Apirilean sailkatu zen, Milanen (Italia), 2.33.20ko marka eginda amaituta 42,195 kilometroak .

Betidanik kirol asko egindakoa da Loyo, ikasketa garaian izan zuen geldialdia, baina 27 urterekin berriro hasi zen korrika egiten. Lasterketa batzuetan parte hartzen hastearekin batera hasi ziren emaitza onak, eta korrika egitearena serioago hartzea pentsatu zuen. Bost urte daramatza atletismoa erdigunean jarrita; horietako lau Martin Fiz euskal maratoilaririk onena izandakoa entrenatzaile duela, eta emaitzak oso onak ari dira izaten. Aurtengo denboraldian, Europako Txapelketarako sailkatzeaz gain, brontzezko domina eskuratu du Mediterraneo Jokoetan, Tarragonan (Herrialde Katalanak). Maratoi batean parte hartzea prozesu luze baten ondorioa dela dio Loyok: «Gehienbat errepidean egin dut korrika, eta bost kilometrotik maratoi erdira arteko lasterketak egin ditut maratoian parte hartzera iritsi aurretik». Bi maratoietan hartu du parte, Sevillan (Espainia) eta Milanen; eta bien oroitzapen ezberdina du: «Eskarmentu handiagoa dut orain; Sevillan, maratoiaren alde txarra ezagutu nuen eta Milanen, aldiz, ona. Bigarren maratoian asko lagundu zidan lehenengoan ikasi nuenak». Europako Txapelketarako sailkatzea ez zen sorpresa bat izan Loyorentzat: «Fedea nuen neure buruan, hanketan eta Martinekin egin nuen prestaketan. Itxaropentsu nintzen».

Joan den asteartetik Berlinen da Loyo, eta ibilbidearen hainbat zati aztertzeko aukera ere izan du. Ibilbideaz gain, zailtasun handiena beroa izango dela aipatu du: Gaur 18-20 gradu espero dira Berlinen, eta hezetasun handia. «Tenperatura beroak izango ditugu ibilbide osoan zehar, eta garrantzitsua izango da berora egokitzea». Lehiatzen jarraitu nahi du, baina 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoak aipatzen dizkiotenean, ordea, oraindik «urrun» daudela eta «uneaz gozatu» nahi duela erantzun du.

Hiru euskal herritar gaur

Ez da Loyo izango Europako Txapelketako maratoian parte hartuko duen euskal herritar bakarra, Trihas Gebre donostiarra eta Iraitz Arrospide villabonatarra ere lehiatuko dira. Maratoi erdietan sekulako emaitzak lortua da Gebre, eta, orain, maratoian eman nahi die emaitza horiei jarraipena. Arrospide, berriz, sasoiko da; iazko Behobia-Donostia lasterketan hirugarren sailkatu zen, baita aurten Sevillan jokatu den maratoian ere. 09:05ean hasiko da emakumezkoen lasterketa, eta 09:30ean gizonezkoena. Teledeportek eta Eurosportek zuzenean emango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.