Urtebetean bete du ametsa

Harri Txikien Euskadiko Txapelketa irabazi zuen igandean Mikel Lopetegi 'Urra' zarauztarrak, Laukizen. Urte biribila osatu du, abuztuan Igeldoko Harrian ere gailendu baitzen.

Mikel Lopetegi harri-jasotzailea, atzo, igandean irabazitako txapela jantzita. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Iaz hau esan balidate, ez nuen sinetsiko». Bi egun baino ez dira pasatu Mikel Lopetegi Urra-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1996) Euskadiko Harri Txikien txapela jantzi duenetik. Igandean egin zuen, Laukizen (Bizkaia); marka hobetuta, gainera. 116 altxaldi egin zituen, eta marka 115ean zegoen. Lortutakoaz gozatzen ari da orain: «Amets bat da niretzat. Ez nuen espero. Izan ere, oso zaila ikusten nuen irabaztea. Fisikoki, aurkariak baino gutxiago nintzela ikusten nuen». 22 urte baino ez ditu, eta, dagoeneko, harri txikien bi proba nagusietan gailendu da, abuztuan Igeldoko Harria irabazi baitzuen: «Garaipen hark ilusio handia egin zidan, herri kirol munduan esanahi handia duen txapelketa baita. Baina, niretzat, hau garrantzitsuagoa da, harri guztiekin moldatu behar baituzu ondo irabazteko. Hau da, harri-jasotzaile osoa izan behar duzu, eta hori izan da beti nire helburua».

Hain zuzen ere, harri guztiak jasotzean ondo aritzea izan zen, haren ustez, finala irabazteko gakoetako bat. «Nik uste baino hobeto moldatu nintzen lau harriekin. Fisikoki eta psikologikoki sasoiko ikusi nuen neure burua, konfiantzaz eta gogotsu». 125 kiloko koadroarekin 32 jasoaldi egin zituen; 125 kiloko zilindroarekin, 33; 112,5 kiloko kubikoarekin, 23, eta 100 kiloko bolarekin, 28. Hala, guztira 13.512,5 kilo jaso zituen; bigarrenak, Aimar Irigoien txapeldun ohiak, berriz, 12.725 kilo. «Aimarri irabaztea beti da berezia, txapeldun handia baita. Nik espero baino eskasago aritu zen. Inhar Urruzuno ere antibiotikoak hartzen aritu zen finala baino lehen, eta nabaritu zuen».

Uste du lehen bi harriekin lortutako aldea erabakigarria izan zela txapela janzteko: «Ordura arte, ikusten nuen abantaila banuela, baina beldur nintzen behera egingo ez ote nuen. Izan ere, nire ezaugarriak kontuan hartuta, kubikoarekin eta koadroarekin moldatzen naiz ondoen. Ez nuen behera egin, eta kubikoa altxatzen ari nintzenean konturatu nintzen ondo eusten niola, eta horrek indarra eta konfiantza eman zizkidan azken txanpa oso ona egiteko. Bolarekin oso gustura aritu nintzen, eta neure burua zertxobait gehiago estutu nuen marka lortzeko. Zorionez, dena ondo atera zen».

Orain, atseden hartu nahi du: «Ondorengo bi asteetan ez dut harririk ukituko, eta, gero, pixkanaka hasiko naiz, baina, lasai. Izan ere, epe laburrera ez dut beste txapelketarik». Apustuek ez dute erakartzen oraingoz: «Ez dut baztertzen egunen batean egitea, baina orain nahiago ditut txapelketak. Apustuak fardel astun bat iruditzen zaizkit».

Lanaren emaitza

Duela bederatzi urte hasi zen harriak jasotzen, 12 urte zituela: «Aitak lehengusuari eta bioi proposatu zigun Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren sagardotegira bizikletan igo eta harriekin probatzea. Gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte». Urtebete honetan lortutakoa «lanaren emaitza» izan dela dio: «Gogor entrenatu naiz, eta horrek fruitua eman du. Teknika aldetik, harri kubikoarekin hobetu egin dut, eta harri hori erabakigarria izaten da txapelketa gehienetan. Gerriko min handirik ere ez dut izan, eta hori funtsezkoa da harri-jasotzaileontzat». Prestakuntzan,Izeta II.a gertu izan du: «Lasai egoteko esaten zidan, eta konfiantzaz lehiatzeko, uste baitzuen hori eginez gero garaipena lortzeko borrokan egon gintezkeela».

Astean bitan aritzen da harriekin entrenatzen, eta gainontzeko egunetan ere beti egiten du jarduera fisikoren bat: gimnasioa, mendi bueltaren bat... «Harriekin egiten ditudan entrenamenduak ordubete ingurukoak izaten dira. Beste jarduerek giharrak askatzeko balio didate, baita buruz indartsu egoteko ere. Izan ere, harria jasotzeaz gain, tornulari gisa lan egiten dut, eta askotan gogorra egiten da lanetik atera eta harriak jasotzen aritzea». Ez du uste teknika aldetik hobetzeko asko duenik: «Prestakuntza fisikoan zertxobait hobetu dezaket, eta zertxobait gizendu. Izan ere, horrek lagunduko dit oraindik ere hobeto aritzen».

Hasi zenetik hona herri kirolaren egoera «hobetu» egin dela nabarmendu du: «Batez ere, aizkorarena eta harri-jasotzearena». Herrietan egiten ari diren lana nabarmendu du: «Festen inguruan herri mailako txapelketa asko antolatzen ari dira, eta horrek zaletasuna bultzatzeko balio du. Hori behar dute herri kirolek».

Harrobiari ere gertutik begiratzen dio: «Aurreko asteburuan, kintopekoen txapelketa jokatu zen, eta bertan gaztetxo oso onak aritu ziren». Izeta II.aren eskola bezalakoak «funtsezkoak» iruditzen zaizkio: «Hark ezin duenean, laguntzera joaten naiz batzuetan. Hor dago geroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.