Amets Txurruka. Caja Ruraleko txirrindularia

«Urte txarra egin dut, eta apur bat etsita nengoen jada»

Denboraldi guztian ibili da nahi eta ezinean, eta barrua askatu du Gevaudango Itzulia irabazita. Asturiasko Itzulia iaz, Frantziako proba aurten... Amets Txurruka ari da, pixkanaka, garaipen zerrenda itxuratzen. Indarberrituta itzuli da etxera.

unai zubeldia
2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Zaila izan da urtea». Baina eskerrak denboraldia ez zen abuztuan amaitu. «Gutxien espero nuenean iritsi da garaipena». Gevaudango Itzulia irabazita, Amets Txurrukak (Etxebarria, Bizkaia, 1982) kolpetik ahaztu ditu urte osoko ezinak. Il Lombardia klasikoari aurre egingo dio igandean, eta, ziurrenik, Italiako hiru klasiko jokatzera joango da gero. Jon Odriozolaren proiektuan sartzeko zorian egon ondoren, Caja Ruralen jarraituko du 2015ean.

Entrenamendu on-ona egingo zenuen biharamunean, ezta?

Onentsuena bai; batez ere, lagunekin irten naizelako entrenatzera, kafea ordaindu diedalako eta hamaiketakoa egin dugulako. Lasai ibili gara, eta gozatu egin dugu betiko lagunen artean. Denon artean ospatu dugu.

Beste hiru-lau urterako irabazi duzu kontratua!

Itzuli hau irabazi aurretik kontratua jada sinatuta neukala, horixe izan da txarrena [barrez]! Beti izaten dira ongietorriak garaipenak, baina, tira, kontratua sinatu aurretik iritsi balitz, are eta hobeto. Taldeak eman didan babesa konpentsatu dut, behintzat, eta haiei eskerrak eman beharrean nago.

Kontratua azkar sinatuta, itxuraz zuk ere ez zeneukan konfiantza handirik irabazteko...

Urte txarra egin dut, eta apur bat etsita nengoen jada. Egunak ere aurrera zihoazen, jarraitzeko aukera eskaini zidaten, eta sinatzea erabaki nuen. Erabaki zuzena izan zela uste dut.

Zein zen taldearen estrategia Gevaudango Itzulian?

Eugeniok [Eugenio Goikoetxea, zuzendaria] joan aurretik esan zigun guretzat ona zela ibilbidea, gorabeheratsua eta igoera askokoa. Maila onean geunden denok, eta sortzen ziren taldetxoetan gehiengoa izatea zen helburua. Lehen etapan aukera gehien, agian, Pello Bilbaok zeukan, talde txiki batean iritsiz gero hura zelako azkarrena. Baina aurreko taldetxoan denok nahiko larri gindoazela ikusi nuen, eta mugitzea erabaki nuen, lasterketa gogortzeko eta Pello atzean lasai joateko. Tartetxo bat egin genuen, eta minutu erdi horri esker irabazi nuen gero itzulia.

Lehen etapa amaituta, lorik egin al zenuen gauean?

Amorru handia eman zidan lehen etapa irabazi ez izanak, indartsu sentitu nintzelako. Buelta asko eman nion buruari. Kontrako norabidean igaro ginen, lehen aldiz, helmugatik, eta ez nuen oso ondo ikusi. Bihurgune asko zeudela jabetu nintzen, eta gorako joera zeukala. Baina bi belgikarrekin nindoan ihesaldian, eta erasoka hasi ziren. Une batean pentsatu nuen esprintari ekitea, baina gorako joerarekin luze egingo zitzaidala pentsatu nuen gero. Itxoin, bihurgunetik atera, eta 50 metro besterik ez zen falta. Amorru handia eman zidan.

Bigarren etapan egurrean ibili zineten Bilbao, Madrazo eta hirurok. Eskerrak ez zenuten entzungailurik, ziurrenik ez zizuetelako utziko hain erasokor jokatzen.

Lasterketa gogortzea zen asmoa, eta horregatik bizitu genuen asko erritmoa Mendeko bi igoeretan, liderra atzean geratzen ote zen ikusteko. Lehen igoerarako nahiko larri ikusi nuen; ni ondo nengoen, eta taldekideak ere bai. Bigarren igoeran behe-behetik mugitu ginen; tartea zabaldu genuen, eta, etapa garaipena alboratuta, bete-betean egin genuen helmugara arteko bidea.

Zorion mezu asko izaten da horrelakoetan, baina baten bat iritsiko zen barruraino, ezta?

Beti alboan egoten direnen mezuak eskertzen dira gehien; etxekoenak, batez ere. Baina Iban Belaskorena, esaterako, oso berezia izan zen. Urte txarra igaro du, eta gauza asko partekatu ditugu urteotan. Barruraino sartu zitzaidan mezu hori.

Zer esan nahi du garaipen honek?

Hor nagoela, bizirik nagoela. Oso ondo lan egin dut aurten. Oso ondo entrenatu naiz, eta onak ziren sentsazioak eta erreferentziak. Baina gero ez naiz ibili espero nuen bezain ondo. Ez dut lortu errendimendurik, eta zalantzaren bat edo beste sortzen da horrelakoetan; norberari baino gehiago, ingurukoei. Urteak aurrera doazela, beheraka noala... Gauza asko esaten du jendeak, baina osasunak lagunduz gero eta gauzak ondo eginez gero emaitzak iristen direla erakutsi dit garaipen honek.

Zuk zeure buruarekin ez zenuen zalantzarik izango, ezta?

Ez pentsa! Azkenerako beti sortzen dira zalantzak. Hain ondo entrenatu, hain ondo sentitu, eta gero ezinean ibiltzea... Baina lasterketetan faktore asko hartu behar izaten dira kontuan, eta emaitza honekin ikusi dut hor nagoela. Lasai geratu naiz garaipenarekin.

Ez zenuela irabazten eta ez zenuela irabazten, baina Caja Ruralera joan zinenetik Asturiasen etapa eta itzulia, eta Gevaudango Itzulia orain. Txirrindulari irabazlea izango zara, azkenean!

Ez, ez! Beti esan izan dut sekula ez naizela izan irabazlea. Bai, lasterketa dezente irabazi nuen kadeteetan eta gazte mailan, baina afizionatuetan jada asko kostatzen zitzaidan irabaztea. Ez daukat abiadura puntu hori, eta bakarrik iritsi beharra daukat helmugara. Erregularra bai, langilea bai, baina ez naiz irabazlea. Nik ere badakit hori, baina aukera dagoenean barkatu ere ez dugu egingo.

Tourrean lehiakorrena, Euskal Herriko Itzuliko mendiko maillota, Asturiasko garaipenak, Frantziakoa... Txar-txarra ere ez da garaipen zerrenda.

Gogoan dut Barloworldekin kontratua sinatu nuenean neure buruari esan niola: «Ondo, Amets, honaino iritsi haiz behintzat, eta egunen batean seme-alabei kontatuko diek urtebeterako behintzat iritsi hintzela profesionaletara». Eta begira: hamargarren urtea beteko dut hurrengo urtean profesionaletan, eta gauzatxoren bat edo beste egin dut tartean.

Ezkutuan igaro bada ere, pentsatzekoa da zuretzat ere ez direla izan egunik lasaienak. Jon Odriozola gora, Jon Odriozola behera... Zer gertatu da, azkenean, proiektu berriarekin?

Egia esatea nahi baduzu, kazetariek informazio gehiago izaten duzue beti! Egunkari bateko argazkia bidali zidaten etxekoek, proiektu berri horretan nengoela esanez. Horrela jaso nuen albistea. Inondik inora ere ez nekien ezer, ezta susmorik ere. Gerora hitz egin nuen Jonekin, eta itxura ona zeukan proiektuak. Aurten azkenean aurrera egingo zuela uste nuen, behar dugulako horrelako talde bat. Txirrindulariak badaude, zaleak badaude, behar den guztia daukagu, baina ez dakit zer gertatzen den urtero, azken orduan, beti kale egiteko. Ez dakit adostasun falta den, protagonismo nahia... Pena da, zaletasun handia dagoelako eta gazte on asko datozelako atzetik.

Jon Odriozolarekin hitz egiteko aukerarik izan duzu?

Deitu nion, sinatzera nindoala esateko batez ere, eta haien egoera zein zen jakiteko. Ez zidan hartu telefonoa. Mezua bidali nion gero, eta erantzun zidan. Behea jota zegoen, dena eginda zegoenean, azken unean, ezezkoa jaso zuelako. Ilusio guztia galduta zegoela esan zidan, eta garai zailak igarotzen ari zela.

Fernando Alonsoren taldearekin ere lotu izan da zure izena, baina Caja Ruralena onartu duzu, azkenean. Zein erronka dauzkazu aurrera begira?

Aurten gauzak ez zaizkit atera nahi nuen bezala, baina argi neukan jarraitu egin nahi nuela, gogoa baneukala. Garaipen honekin, beste ilusio batekin ekingo diot hurrengo denboraldiari. Hasieratik gauzak ondo egin, eta ea zuzen hasten dugun urtea. Helburuak? Printzipioz, betikoak. Aurtengo egutegiaren antzekoa edukiko dut, ziurrenik. Euskal Herriko Itzulia oso berezia da guretzat, eta Espainiako Vuelta ere bai. Italiako Giroaren gonbidapena jasoko ote dugun zurrumurruak badaude, eta aukeraren bat eduki dezakegu. Baina ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.