Mingainari lan handia emanda ibili zen atzo Jon Salsamendi (Orio, Gipuzkoa, 1970), eta sakelakoak nahikoa dela ere esan zion arratsaldean. Denek nahi Orioko entrenatzailearekin hitz egin, Kontxako Bandera irabazi eta hurrengo egunean. Handia egin baitu taldeak bere gidaritzapean. Orioko klubaren historia loriatsuan lortu du lekua azkenean herriko semeak.
Garaipen handiena da hau zuretzat?
Kanpotik begiratuta pentsa daiteke hori, baina nire barrenean, garaipen berezia izan da, baina ez handiena. Irabazitako guztiak dira handiak, eta denek dute bere zailtasuna. Ez dut sentitzen nik baino ezin nuela lortu hau, ezta gutxiagorik ere. Baina esango dizut urte guztian izan dudala buruan Kontxan garaipena lor genezakeela. Sekulako poza daukat, eta berezi sentitu izan dut, kirolarekin loturarik ez duten beste gauza batzuetatik. Ezberdina izan da garaipena.
Uda Kontxara bideratu duzu, hortaz?
Bai. Plan nagusian, azken urteetako antzeko metodologia landu dut aurten ere, eta udan izan da ezberdina. Ez da izaten entrenamendu handiak egiteko aukerarik, estropadek ez dutelako uzten; azkenean, asteko pare bat saio kenduta, besteak errekuperatzeko edo estropada aurrekoak izaten dira. Irailera ondo iristeko neguan eta udaberrian ez ezik, udako lehiaketa karga ere ondo kudeatu behar da: zenbateko taldea duzun, lanak nola bukatu dituzun, eta nola egin aurre lehiaketari. Iaz, esaterako, estropada guztien bila joan ginen udan Urdaibain, baina aurten Orion, ligan presiorik ez genuelako, emaitzek ez didate baldintzatu aurreko planik. Bideari eutsi egin diot, eta askatasun handia izan dut horretan. Aldiz, Urdaibaik eta Hondarribiak neke gehixeago izan dutela iruditzen zait. Gure oinarria izan da pentsatzea ez garela besteak baino indartsuagoak, baina askoz ahulagoak ere ez. Beraiek ez badaude beraien osotasunean, eta gu bai, gauzak alda zitezkeela uste izan dugu. Boxeo lehiarekin alderatuta, itxoin dugu aurkaria ez zela hain indartsu egongo hamalaugarren borrokan, orduan guk erasoa jotzeko. Egia da uda osoan erakutsi dugula irabazteko gai garela, baina irailera ondo heltzea jarri izan dugu lehentasun bezala. Euskolabel ligan hasieran hasi ginen banderak irabazten, eta horrek aukera eta lasaitasuna eman zizkidan lehiako kargaren presioa ondo kudeatzeko. Horregatik gaude orain hain ondo.
Igandeko estropadan, lehen une garrantzitsua kale zozketa izan zen. Zer pentsatu zenuen bigarrena tokatu eta gero?
Kaleei buruz eta beste mila gauzen inguruan hitz egin genuen larunbat iluntzean arraunlariekin, afaldu aurretik. Larunbat eguerdian entrenamendu saioa egin genuen Donostian, eta zegoen baldintzarekin, ohikoa izaten da jendeak nahiago izatea hirugarren eta laugarren kaleak. Baina esan nien arraunlariei iruditzen zitzaidala hain baldintza txarrak izanda, lau kaleak izan zitezkeela une batean kale onak eta zeharo txarrak; ez zegoen kale onik eta txarrik, hain txarra egonik ez zelako pasillo garbirik. Izango zen aldea, baina batetik joan edo bestetik joan, garbi neukan itsasoan ondo moldatzen zenak aukerarik izango zuela, kalea edozein izanda ere. Ez nenbilen gaizki, aurreneko txandan Donostiarrak lehen kaletik estropada biribila egin zuelako. Itsasoa XXL zegoen igandean, eta esan nien arraunlariei ez galtzeko indarrik kale zozketan. Aukeran nahiago erdiko kaleak, eta hirugarrena, baina baldintza horietan ez nuen ikusten erabakigarria zozketa.
Beste mugarria izan zen lehen luzean Urdaibairi eustea?
Bai eta ez. Guretzat, gakoa zen ziabogara txalupa garbiarekin iristea, urik hartu gabe. Hori lortu eta muturrean baginen, gainera, askoz hobe. Baina arraunlariekin hitz egin nuen nahiago nuela hamar segundo galduta iritsi ziabogara, baina urik hartu gabe, eta ez hamar segundo aurretik eta ontzia urez gainezka edo arraunketa eta indarra galduta. Guk nabigatu egin behar genuen, eta, lehen luze horretan, gakoa izan zen aurkariekin bainoago, itsasoak eskatzen zuena itsasoari ematea. Itsasoaren kontra zen hitza hasieran, baina ez, alde egin behar genuen, errespetuz eta eskatzen zuena emanez; hori eginda, banekien itsasoak aukera emango zigula, zein minututan ez nekien, baina emango zigula bai. Arraunean buruarekin egin beharra zegoen, ontzia orekatua eramateko, eta gure martingala guztiak horretara bideratu genituen tresna aldetik eta arraunlariak kokapenean rraunlariek berea egin behar zuten. Gakoa zen aurkariak ahaztea eta itsasoarekin gogoratzea, hasi eta buka.
Hirugarren mugarria bueltako luzean izan zen, Santa Klara uhartearen parean hartu zenituzten hiru bat olatuak elkarren segidan. Zuk abisatu omen zenion Gorka Aranberriri bazetorrela olatu segida ederra.
Pelikula ematen du, baina hala izan zen. Kanpoko balizetan ginen gu, eta ez zegoen inor, munduaren akabera ematen zuen horrek. Hiru ontzi bakarrik zeuden: Guardia Zibila, Ertzaina eta atoiontzi handi horietako bat. Nire koinatua Anjel Larrañaga eta ni gure ontzi motorduntxikian ginen, itsasoari eusten ahal zen moduan. Getaria aldera begiratu eta infernuaren sarrera ematen zuen, beltz-beltz, eta esan nion koinatuari lehenbailehen bueltatu behar genuela Donostiara. Han ginela, ontziek ziaboga eman zuten, eta gu aurrerago gindoazela zen inertzia.
Baina Urdaibai aurretik ere jarri zitzaizuen.
Igeldo pasatuta Urdaibai gainera etorri zitzaigun, bai, baina gu olatu bat aurretik ginen beti. Ez dakit ikusi egin nuen, amestu, edo gertatzea nahi nuen, baina Anjeli esan nion ea ikusi zuen zer zetorren olatuetan; segida bat zela esan zidan, eta, orduan, Gorkari [Aranbarri] bota nion lasaitasuna eta konfiantza emateko arraunlariei; Bermeo gainean zela, baina segida zetorrela aipatu nion. Esan eta segida hori sartu zenerako denbora tarte bat pasatu zen. Esan nion ontziak ipurdia gora altxatzen zuen momentuan, mutilei esateko denarekin botatzeko, beren burua hiltzera bazindoazen bezala. Horrelako olatu segidetan, aurrenekoa hartzen bada, beste bi edo hiru harrapatzen dira, abiadura handian doalako ontzia. Aldiz, hartzen ez bada lehendabizikoa, besteak hartzea ia ezinezkoa da. Guk bagenekien gakoa zela aurrenekoa hartzea, eta horrela esan genion taldeari Gorkaren bitartez. Hartu zuten, eta atzeko olatuak ere bai. Pelikula bat ematen zuen, benetan, baina horrela atera zen, eta horri esker atera genizkion Urdaibairi hogei segundo. Hitz eginda geneukan itsasoarekin zintzoak izanda, emango zizkigula aukerak. Horregatik eskatu nien arraunlariei helmugara arte arreta ez galtzeko, eta ondo asko bete zuten, bai.
Zuen ontzi motorduna noiz jarri zenuten martxan kanpoalde hartan?
Ez dakit legezkoa den edo ez guk egin genuena, baina nola inor ez zegoenez han kanpoan, ziaboga eman eta segituan 0 kaletik abiatu ginen barrura, betiere epailearen ontzia pasata, jakina, askoz atzerago. Inoiz ez bezala, ia luze osoan ikusi genuen zertan ari zen itsasoa eta zertan ari zen taldea; eta horrek eman zigun aukera estropada barru-barrutik bizi ahal izateko, eta kontu txiki guztiak Gorkari pasatu ahal izateko. Kanpoan bakardade hartan egoteak pribilegioak eman zizkigun gero, inork ez zigulako enbarazu egiten. Uharte parera arte etorri ginen horrela.
Irabazi zenutela noiz konturatu zinen zeundeten tokitik?
Banekien hogei segundo aurretik ginela, baina Urdaibaik olatu bat hartzea nahikoa zen hamar segundo jateko. Guk palak geratu,eta segituan kontatzen hasi nintzen segundoak, bat, bi, hiru... eta segundoko buruarekin jotzen nion ontziari. 11 kontatuta egin nuen oihua.
Datorren urtean zer egin behar duzu?
Datorren astean hasiko gara horretan. Bihar [gaur] berriz ere arraunlariak erne jarri behar ditut, bestela asteburuan gainetik pasatuko zaizkigulako. Lanak ez ditugu bukatu oraindik.
Jon Salsamendi. Orioko entrenatzailea
«Urte osoan izan dut buruan Kontxa hau irabaz genezakeela»
«Oriok astindu bat behar du», esan zuen Jon Salsamendik aurreko udazkenean, bere herriko taldera itzuli berritan. Astindua baino lurrikara eragin du, hamar urteren buruan irabazi baitu berriz Kontxako Bandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu