Min hartuta amaitu zuen partida Julen Aginagaldek (Irun, Gipuzkoa, 1982). «Baina dominarekin, mina ez da hainbesterako», zioen. Amaiera aparta eman dio selekzioen arteko txapelketetako ibilbideari.
Nola sentitzen zara domina irabazi berritan?
Oso pozik nago. Domina bat nahi genuen, eta lortu dugu. Finalerdia galtzea kolpe gogorra izan zen, urrea nahi genuelako. Baina brontzea lortzea izugarria da, baitaselekzioen arteko txapelketetako nire ibilbidea horrela amaitzea ere. Urte asko dira, eta falta zitzaidan domina lortu dut.
Oso partida gogorra eta parekatua izan da, eta, batzuetan, ihes egingo zizuela zirudien, ez baitzarete eroso aritu.
Bagenekien ez zela partida erosoa izango, Egipto oso talde gogorra baita, eta erakutsi baitu Jokoetan zer-nolako maila duen. Etorkizunean kontuan hartu beharreko selekzio bat izango da. Baina azken minutuetan barruan genuen guztia atera dugu. Askok diote talde zaharra garela. Baina erakutsi dugu gai garela halako partida gogor batean azken minutuetan gure onena emateko, buruz buru lehiatzeko. Ziur nengoen estu izan arren irabazi egingo genuela.
Min hartu duzu orkatilan. Nola zaude?
Egia esan, ez dakit. Egiptoko jokalarietako bat gainera etorri zait. Babesak daramatzat orkatilan, baina bihurritu moduko bat antzeman dut. Saiatu naiz berriz pistara bueltatzen, baina ezinezkoa izan da. Pena izan da. Baina irabazita, min gutxiago dut.
Eta orain atseden hartzeko gogoz izango zara, ezta?
Pena da lesioarena. Baina niregatik balitz, gustura jarraituko nuke lehiatzen. Zortzi partidetatik lau jokatu ditut; beraz, fresko amaitu dut. Gogoz nago Bidasoarekin lanean hasteko.
Tokio 2020. Julen Aginagalde. Eskubaloi jokalaria
«Urte asko izan dira, eta falta zitzaidan domina lortzea izugarria da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu