Lehiara itzultzea bera gozamena bihurtzen da ezinean dabilenarentzat, eta horixe gertatu zitzaion joan den asteburuan Javier Ruiz de Larrinagari (Ametzaga, Araba, 1979), etxeko proban. Azaroaren 4an Muskizen (Bizkaia) erori eta ezkerreko belaunean min hartu ondoren, ia hilabete igaro behar izan du lehiatu gabe. Bigarren amaitu zuen Ametzagan, Aitor Hernandezen (Orbea) atzetik, eta laugarren Telleriarten (Gipuzkoa). Atzo amaitu zuen tratamendua, eta, abendu amaierako probak buruan, pauso sendoak eman nahiko lituzke gaurtik igandera bitartean Asteasun, Itsasondon eta Igorren.
Aste honetakoari begira jarri aurretik, joan den asteburukoaren azterketa txiki bat egin beharko da...
Belauneko minik gabe amaitu nituen bi probak, eta seinale ona da hori. Larunbatean beldurrez ekin nion lasterketari; minik ez sentitzea zen helburu bakarra, eta txukun ibili nintzen, hainbestean. Hori bai, entrenamendu onegirik ezin izan dut egin hilabete honetan, eta fisikoki nabari dut ez nagoela bete-betean. Gogor entrenatzea, beste erremediorik ez daukat orain.
Emaitzei ez zenien begiratu nahi, baina bigarren eta laugarren sailkatu zinen. Oso gaizki ez zauden seinale da hori, ezta?
Bost egun soilik igaro nituen geldirik, muletekin nenbilelako. Baina seigarren egunerako medikuak esan zidan arrabolan has nintekeela, ez nuela minik sentituko, eta hala izan zen. Korrika min handia sentitzen nuen, baina bizikletan ez. Pixkanaka entrenamenduak gogortuz joan naiz. Larunbatean, lehenengo eguna izaki, gehiago estutu nuen, freskoago nengoelako. Igandean, berriz, bezperako nekea eta lehiaketa falta nabaritu nituen. Barrutia lokaztuta zegoen, eta horrelakoetan nabaritzen da bereziki entrenamendu zehatz horien falta.
Buruak lan handia egingo zuen hilabete luze horretan, ezta?
Bai, lau hilabeteko eskasekoa delako ziklo-kros denboraldia. Lasterketa asko galtzen dira edozein lesio txikirekin. Baina iaz izan nuen lesioaren ondoren, lasaiago hartu dut oraingoa, presaka ibiltzea kaltegarria izan daitekeela ikasi nuelako iaz. Itzuli naiz, hain gaizki ere ez nago, eta barruan daukadan guztia emango dut orain. Urte amaiera daukat buruan; ea ordurako berreskuratzen dudan mailarik onena.
Helburuak aldatu egin beharko dituzu, noski.
Hala da, bai. Min hartu nuen egunean, Muskizen, ezin izan nuen amaitu proba, eta Superprestigioa lehiatzeko aukera guztiak galdu nituen. Aste honetan badakit ez naizela egongo nire onenean, baina pausoak emanez joan nahi dut. Euskadiko Txapelketa daukat buruan, abenduaren 30ekoa (Ormaiztegi). Eta ondoren etorriko da Espainiakoa, urtarrilaren 13an (Navia, Espainia).
Asteasu, Itsasondo eta Igorre. Bete-betean egon gabe ere, zein helbururekin ekingo diezu hiru proba horiei?
Probak lehiatzetik oso urrun nagoela ikusi dut asteburu honetan, eta astebetean ez dut izango izugarrizko hobekuntzarik. Lan egitea dagokit orain, estutzea. Ahalik eta emaitzarik onenak lortzen saiatuko naiz, noski, baina helburuak aurrerago daudela jakinda. Sasoi amaierara aurkariak baino freskoago iristeko aukera izango dut, eta ea gai naizen lesioari etekina ateratzeko.
Munduko Kopako probaren batean parte hartzeko asmorik bai?
Bai, bai. Printzipioz eutsi egingo diogu lesioaren aurretik geneukan egutegiari. Asteburuan ez nuen joan nahi izan Roubaixera, niretzat kaltegarria izango zelako. Baina Gabonetan Belgikara joatea da helburua, beste puntutxo bat emango didalako onenekin lehiatzeak.
Javier Ruiz de Larrinaga. MMR Spiuk taldeko txirrindularia
«Urte amaiera daukat buruan»
Iazko negua aldrebesa izan zen Javier Ruiz de Larrinagarentzat, eta herrenka dabil aurten ere. Hilabete eskas egin du lehiatu gabe, baina sasoi amaieran estutzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu